Koronabirusa

EH Bilduk eta EPk neurri sozial eta ekonomikoak eskatu dituzte

Subiranistek Urkulluri esan diote «harreman jarraitua» izan behar duela oposizioko lehen indarrarekin

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramailea, atzo, Ajuriaenean. DAVID AGUILAR / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Maddalen Iriarteren ustez, COVID-19ari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako neurri murriztaileak «ezinbestekoak» izango dira «ziurrenik». EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, ordea, horiekin batera neurri sozialak eta ekonomikoak ere aplikatzeko eskatu dio Iñigo Urkulluri. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko buruak ere ontzat jo ditu Jaurlaritzaren neurriak, baina Iriarteren eskaera bera egin dio lehendakariari. Urkullu Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiekin egiten ari den bilera sortaren barruan egin zituzten batzarrak, atzo.

Ajuriaenean egindako bileraren ondoren, prentsaren aurrean mintzatu zen Iriarte, eta nabarmendu zuen Urkulluri adierazi ziola «oposizioko lehen indarrarekin harreman jarraitua» eduki behar duela. «Eta orain, gehiago. Koronabirusa ez da gobernu baten, alderdi baten edo oposizioaren arazoa». Hori dela eta, izurriari «herri gisa» erantzutera deitu du. «Mahai iraunkor bat» osatzea proposatu du. «Neurriak kontrastatzeko, eta, elkarren artean, neurri eraginkorrenak adostu ahal izateko». Iriarterentzat, «auzolanean gobernatzeko ordua da».

Koalizio independentistak dokumentu bat eman zion atzo lehendakariari. «Osasuna, hezkuntza, zaintza, komertzioa, ostalaritza» aintzat hartuta, COVID-19ak eragindako krisiari erantzuteko 123 neurri ditu dokumentuak. Iriarteren ustez, ematen du Jaurlaritzak ez duela izurriari erantzuteko planik. «Arduratuta gaude. Ostalaritza ixtea ez dago jasota Jaurlaritzaren Bizi Berri planak aurreikusitako jokalekurik okerrenean ere», azpimarratu du. «Neurri murriztaileak hartu aurretik, plan bat eduki behar da».

Gogoratu zuen neurri murriztaileen ondorioz kalteak pairatzen ari diren sektoreek «orain» behar dituztela laguntzak. «Oraindik joan den apirileko laguntzak jaso gabe jarraitzen dute batzuek», ohartarazi zuen. «Babes neurriak indartu behar dira». Eta adibidetzat jarri zuen EH Bilduk ostalaritzaren sektoreari laguntzeko aurkeztutako plana. EAJk eta PSE-EEk osatutako koalizio gobernuak atzera bota zuen, joan den astean legebiltzarrean egindako bozketan.

«Etsita» dago Iriarte, eta hala adierazi zion Urkulluri, telebistaz jakin zuelako, herenegun, zein izango ziren Jaurlaritzak hartutako neurriak. «Ez da aritzeko modua, nahiz eta gero dekretua bidali. Uste dut ulertu duela ezin duela horrela jarraitu».

Kazetariek neurriez galdetu zioten EH Bilduren eledunari, eta erantzun zuen aurreko bi asteetan hartutakoak ez direla «eraginkorrak» izan. «Oraingoak Nafarroan aplikatutakoen antzekoak dira. Berandu datoz»

«Gehien sufritzen dutenei»

Gorrotxategik, bestalde, nabarmendu zuen «positiboa» izan zela enkontrua, eta lehendakaria «elkarlanerako asmoarekin» ikusi duela. EP-IUk Duintasunez dokumentua helarazi zion lehendakariari. «Gehien sufritzen dutenen duintasuna bermatzeko» hemeretzi neurri jaso dituzte, Gorrotxategik jakinarazi zuenez. Horietako batzuk aipatu zituen: herritar guztiei «arreta psikologikoa eta psikosoziala» bermatzea; indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei «arreta integrala» eskaintzea; autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei zuzeneko diru laguntzak ematea; baita administrazioa digitalizatzea ere.

Gorrotxategik gogoratu zuen, gainera, orain hilabete batzuk alderdi politikoekin egin bezala, sindikatuekin eta eragile sozial eta akademikoekin «Euskadi eraikitzeko mahai bat» eratu dezala eskatu diola lehendakariari. «Elkarrizketa egonkor bat edukitzeko. Begi eta buru askok hobeto pentsatzen dute zer neurri hartu behar diren».

Era berean, Urkulluri leporatu zion aurrena «prentsaren bidez» eduki zutela Jaurlaritzak izurriaren kontra hartutako neurrien berri. «Lehendakariak gero bidali zigun dekretua». Hori dela eta, lehendakariari ohartarazi zion EP-IUk Eusko Legebiltzarrean EAJri eta PSE-EEri egiten dien oposizioa ez dela «PPren eta Voxen Kongresuko oposizio arduragabea». Gorrotxategirentzat, bere koalizioa «erantzukizunez» jokatzen ari da, eta oposizio «propositiboa» egiten du.

Urkulluk asteon hasi du legealdirako erronka nagusietan «lankidetza eraginkor bat» izateko bilera sorta, eta etzi bukatuko du, astelehenean: Joseba Egibar eta Andoni Ortuzar jeltzaleekin eta PSE-EEko Idoia Mendiarekin eta Eneko Anduezarekin bilduko dira Ajuriaenean.

Carlos Iturgaizekin joan denasteartean batzartu zen lehendakaria. Hartutako azken neurriekin ostalaritza «umiliatzea» aurpegiratu zion, atzo, PP+C's koalizioko bozeramaileak Jaurlaritzari. Sektorearentzako «laguntzak» eskatu ditu; «ez apurrak, ez miseriak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.