Haserrea piztu du Irunen euskara eskakizuna baliogabetu duen epaiak

Behatokiaren eta Kontseiluaren arabera, EAEko auzitegiak hizkuntza eskubideari eraso dio

Bi udaltzain, kalean, Lekeition. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, astelehenean emandako epai batean, bertan behera utzi ditu Irungo Udaltzaingo zerbitzurako hamabi lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak, euskaraz ez dakitenentzat «diskriminatzailea» dela argudiatuta. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Euskalgintzaren Kontseiluak atzo erantzun zioten erabaki horri, «premiazko» ohar baten bidez, eta argi mintzatu ziren: «gogor» gaitzetsi dute epaia, eta azpimarratu eskubideen urraketa «betikotu» dezakeela. Ebazpenak jasotzen du herritarrek eskubidea dutela administrazioarekin euskaraz aritzeko, baina nahikoa dela «jendeari arreta egiten dion udaltzainetako batek» euskaraz jakitea; beraz, ezeztatu egin du lan deialdian euskara beharrezkotzat jotzea.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekaren arabera, epaiak eraso egiten dio Irungo herritarren hizkuntza eskubideari: «Herritarren hizkuntza eskubideak bermatuko badira, horretarako langile gaituak behar dira, eta langile elebidunak dira herritar guztiei zerbitzua eman diezaieketenak». Adierazi duenez, lanpostua lortzeko euskara beharrezkoa ez izateak baldintzatu egiten du herritarrek udaltzainekin euskaraz egiteko duten eskubidea. «Horren lekuko dira Behatokiak jasotako herritarren bizipenak». Joan den ostiralean, hain justu, herritar batek salatu zuen Getxoko Udaltzaingoak hizkuntza eskubideak urratu zizkiola; udaltzainek uko egin zioten herritarra euskaraz artatzeari.

Behatokiko eledunak gogoratu du ezen, legearen arabera, herritarrek eskubidea dutela zerbitzua euskaraz jasotzeko, etaezinezkoa izango dela eskubide hori betetzea horretarako tresnak deuseztatu edo «bestelako interesen azpian» jartzen badituzte. «Herritarren eskubideak, ongizatea eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko, ezinbestekoa da euskaraz zerbitzua eskaini ahal izatea. Epai eta aurrekari honek kalte egin diezaieke EAEko herritarrek hartzen dituzten zerbitzu publikoei», nabarmendu du.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok bat egin du gaitzespenarekin, eta epaia «esku hartze bortitza» izan dela salatu du. Hala, epaia juridikoa ez baizik «politikoa» dela adierazi dute. «Euskararen normalizazioa galgatzeaz gain, euskara bigarren mailako hizkuntza asmoa erakusten du, eta, ondorioz, euskaldunak bigarren mailako herritar bihurtzekoa. Elebakarren pribilegioak ustezko eskubide bihurtu nahi ditu, horrek guztiak herritarren eskubideen urraketak betikotuko baditu ere». Bilbaok azpimarratu du sakon aztertuko dutela zer ondorio eragingo dituen epaiak, eta pentsatzen ari direla nola erantzun hizkuntza eskubideen aurka egindako «eraso honi». «Epaia sakon aztertu nahi dugu; izan ere, eragina izan lezake etorkizuneko lan deialdietan, eta ondorio arriskutsuak izan ditzake».

Harrabotsa eta haserrea sortu du EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenak, eta erreakzio soka luzea eragin du. Miren Etxebeste Irungo Euskara zinegotziak esan zuen «harrigarria eta kezkagarria» dela «diskriminatzailetzat» hartu izana udaltzain izateko euskaraz jakitearen betekizuna.

Nafarroako epaia

Atzo jakinarazi zutenez, Nafarroako Auzitegi Administratiboak baliogabetu egin du Atarrabiako Udaleko plantilla organikoko lanpostu guztietan meritua edo betekizuna izatea euskaraz jakitea.

Aurretik, euskaraz jakitea nahitaezkotzat jotzen ez zen lanpostuetan, meritu gisa baloratzen zen, baina auzitegiak ezeztatu egin du hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.