Beste sei pertsona atxilotu dituzte Iruñean, Curia kaleko istiluen harira

Gutxienez zazpi pertsona atxilotu dituzte San Fermin eguneko prozesioko istiluengatik

San Fermin eguneko istiluak, Curia kalean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
inaut matauko rada
2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Poliziak gutxienez zazpi pertsona atxilotu ditu azken bi egunetan Iruñeko Curia kalean San Fermin eguneko prozesioan «udalbatzari eraso egitea» egotzita. Igande goizean iragarri zuen Enrique Maia Iruñeko alkateak istiluen harira pertsona bat atxilotu zutela, eta egun bereko iluntzean beste bi pertsona atxilotu zituzten. Astelehenean atzeman zituzten beste lau lagun, eta beste bati deklarazioa hartu zioten. Maiak dio oraindik ikerketa zabalik dagoela, eta baliteke atxilotu gehiago egotea.

Igandeko lehen atxilotuari buruzko datuak eman ditu Maia alkateak. Iruñerriko gizon bat da, 40 urtekoa, eta autoritatearen aurkako atentatua, lesioak eta zenbait desordena publiko egitea egotzi dizkiotela jakinarazi du alkateak. Lehen atxilotu hori izan zen ukabilkada batez udaltzain bati sudurra hautsi ziona, Maia alkatearen arabera.

Atxilotuei egozten diete autoritatearen agenteen aurkako atentatua eta desordena publikoak eragitea, Iruñeko Udalak ohar baten bidez adierazi duenaren arabera. Igande arratsaldean eta astelehen goizean atxilotutako hiru Iruñekoak direla adierazi du udalak, eta laugarren bat Tarragonakoa dela (Herrialde Katalanak).

Sudurra hautsi dioten udaltzainak udalbatzako zinegotziak babestu zituela esan du Maiak, «bereziki Navarra Sumakoak eta PSNkoak». Erasoa «talde antolatu batek» egin zuela ere esan du, nahiz eta oraindik ez den kasuaren inguruko epaiketarik egin.

Iruñeko Udalak akusazio partikular gisa hartuko du parte epaiketan. Atxiloketak ez dira agindu judizial baten bidez egin; hau da, Iruñeko Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak egin ditu, eta datozen egunetan igaroko dira epailearen aurretik.

Sanferminen «zikintzea»

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak ere eman duSan Fermin eguneko prozesioan jazotakoaren inguruko iritzia. SER irratian izan zen Nafarroako presidentea, eta uztailaren 7an Curia kalean jazotako gertakariek «sanferminak zikindu» zituztela adierazi zuen, eta jazotakoa «kondenatu» behar dela. Aurkari politikoen aurka ere egin zuen: «Curia kalean jazotakoa ukatu, kondenatu eta deitoratu ez duen alderdi hori, eta eragozten saiatu ez zena; ez zait ondo iruditzen».

Bestalde, Maia alkateak dio uztailaren 7ko erasoak «talde antolatu» batek egin zituela, nahiz eta oraindik ez den gertakarien inguruko epaiketarik egin. «San Fermin egunean talde antolatu batek indarkeria handiz egin zien eraso zinegotziei eta Curiako ordezkariei. Denek ikusi ahal izan dituzue hain irudi ezohikoak, gorrotoz eta faxismoz beteak», esan zuen Maiak joan den igandean, ezohiko prentsaurreko batean. Iruñeko Udaltzaingoaren «azkartasuna» goratu zuen, 72 ordu baino gutxiagoan egin zutela azpimarratuz.

Tentsio handiko eguna

Jendetza batu zen joan den ostegunean Iruñeko Curia kalean, San Fermin eguneko prozesioa ikusteko. Iruñeko udaltzainez gain, Hego Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko beste udalerri batzuetako agenteak etorri ziren errefortzu gisa; hala nola Gasteizkoak, San Sebastian de los Reyesekoak, Zaragozakoak eta Badajozekoak.

Urtero legez, udalbatzako zinegotziak atera ziren prozesioan, eta tentsioak gora egin zuen Curia kaletik igarotzean. «UPN kanpora» gisako oihuak entzun ziren, eta hainbat aldarrikapen zituzten kartelak atera zituen jendeak, Elizaren eta alderdi politiko eskuindarren aurka, besteak beste.

Maiak herenegun esan zuen osteguneko irudiak «ezohikoak» direla, baina urtero egiten du gora tentsioak udaleko politikariek prozesioan parte hartzen dutenean. Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bat zabaldu zuen, ezker abertzaleak «kutsu faxista» duen eraso bat egin zuela esanaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.