EAk ezohiko kongresu bat egingo du azken ebazpenari erantzuteko

Iosu Alberdi.
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Gasteizko Epaitegiak hilabete hasieran ebatzi zuen Eusko Alkartasunaren otsaileko Kongresu Nazionaleko erabakiak etetea. Erabakiari erantzuteko asmoz, EAren Kontseilu Nazionalak ezohiko kongresu bat egitea proposatuko dio gaur Batzar Nazionalari. Ildo kritikoko kideen ustez, baina, «primarioak egiteko legezko betebeharrari» uko egiteko modu bat da zuzendaritzaren deialdia.

«Karguak berritzeko dagoen legezko betebeharra beteko da», adierazi du zuzendaritzak. Azaldu dutenez, ezohiko kongresuarekin afiliatuei «hitza ematea» dute helburu, «libreki eta demokratikoki erabaki dezaten». Hala, biltzarra azaroaren 19an eta 20an egin nahi dute, presentzialki; otsaileko kongresua«garbia eta demokratikoa» izan zela erakusteko.

Ildo kritikoko kideek, baina, salatu dute kongresu berri baterako deiak ez duela bat egiten epaitegiak ebatzitakoarekin, helburua ez delako idazkari nagusia hautatzeko primarioak egitea. Hala, ebazpena ez betetzeko «aitzakiak» jarri izana egotzi diote zuzendaritzari, baita EH Bildu «egoera zail batean» utzi izana ere, hark izendatutako ordezkarien erabakien legezkotasuna ezbaian egon daitekeelakoan.

Otsaileko kongresua

XIII. Kongresu Nazionalean, alderdiak txosten politikoa onartu zuen, eta idazkari nagusia aukeratzeko prozesua aldatu zuen estatutuetan, primarioen formula baztertuta. Hala, bigarren egunean Eba Blanco hautatu zuten idazkari nagusi, konpromisarioek egindako bozketa telematikoan. Ildo kritikoak, baina, erabaki hura gaitzetsi zuen, prozesuan «irregulartasunak» salatuz.

Bi ildoen arteko eztabaida 2019an lehertu zen, Maiorga Ramirezi primarioetan parte hartzea galarazi ostean. Kritikoek auzitara jo zuten, eta prozesu judizial luze baten ostean, irailean iritsi zen behin betiko ebazpena. Epaileek erabaki zuten 2019ko primarioetan Ramirezen parte hartzeko eskubidea urratu zela, eta primario haiek berriz egin beharra dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.