EAJk PPri utziko dio alkatetza Bastidan, negoziatzen ari direla ukatu arren

EAJko eta PSE-EEko taldeak prestatzen hasi dira Gipuzkoako Foru Aldundian gobernatzeko

Eduardo Barinaga EAJren Bastidako alkategai ohia, ETBko zuzendari zeneko agerraldi batean, Eusko Legebiltzarrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
xabier martin
2023ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Udal eta foru gobernuen ateak irekitzeko, PPren giltza behar du EAJk, baina harekin negoziatzen ari dela ukatu du gaur arte. Bastidako auziak, ordea, argia eman dio egoerari. Eduardo Barinaga alkategai jeltzaleak dimisioa eman du, Araba Buru Batzarrak agindu diolako hautagaitzarik ez aurkezteko; Barinaga ez dago ados estrategia horrekin: esan diote aginte makila PPri uzteko, hura baita lehen indarra Bastidan. EH Bilduren botoekin, EAJrena litzateke udal gobernu hori, aurreko agintaldian bezala; baina PPk argi eskatu du Bastidako aginte makila, baita Guardiakoa ere. Gipuzkoako Foru Aldundia jokoan du EAJk ezeren aurretik, PPren botoak behar dituelako han EH Bilduren garaipen argia baliogabetzeko. PPrekin negoziatu ala ez, egoera horren lehen ondorio argia ikusi da Bastidan.

«Dei bat jaso dut, eta eskaera hori egin didate. Agintaldia prestatzen ari ginen, baina alderdi baten barruan gaude, eta erabaki batzuk gure gainetik daude. Erabaki horiek bete behar dira, eta nik bazterrera egin dut», azaldu du Barinagak. Arabako EAJk esan du «hautagai independentearen apustuak» ez duela emaitza onik lortu, eta «zuhurrena» dela «oposizio eraikitzaile bat» egitea Bastidan.

Arabako PPko presidente Iñaki Oiarzabalek, berriz, ziurtatu du EAJ eta PP hizketan ari direla. Arabako Errioxan udal euskaltzale eta abertzaleak eratze aldera, EH Bildu prest dago alkategai jeltzaleak babesteko. Baina Bastidan behintzat, EH Bilduk ez du aukerarik izango horretarako.

EAJk eta PSE-EEk PPren babesa behar dute, halaber, Gasteizko Udalean EH Bilduren alkategai Rocio Vitero baztertzeko hauteskundeak hark irabazi ditu eta, hala, PSEko Maider Etxebarria alkate egiteko. PPren eskaerak aintzat hartzeko arrazoiak ez dira hor amaitzen: Arabako Errioxako udalerririk populatuenean ere, Oionen, PPri esker EAJk aginte makila kendu diezaioke EH Bilduri, hauteskundeetan koalizioa nagusitu den arren.

Gipuzkoako Aldundian

Guardia da PPren beste eskaera. Alkategai jeltzaleak, Raul Garciak, hautagaitza aurkeztuko duela esan du, EH Bilduren babesari esker aginte makila hartzeko asmoa baitu. Baina Araba Buru Batzarrak garbi utzi du bere esku duela azken erabakia. Baliteke Guardian alkatea EAJkoa izatea. PP lehen indarra izan bada ere, alde oso txikia atera du eta.

Bien bitartean, EAJ eta PSE Gipuzkoan gobernatzeko prestatzen ari dira. EAJko batzarkideek Batzar Nagusien Mahaia eratzeko proposamena helarazi dute: mahaian bost alderdiek izango lukete ordezkaritza, «handienetik txikienera, hurrenez hurren aukeratuta», Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko bozeramaileak jakinarazi duenez. Batzar Nagusietako lehendakaria EH Bildukoa izango litzateke, proposamen horren arabera; lehen lehendakariordea, EAJkoa; bigarren lehendakariordea, PSEkoa; lehen idazkaria, PPkoa, eta bigarren idazkaria, Elkarrekin Podemosekoa. «Akordio hori betetzeko, nahikoa da talde bakoitzak bere buruari botoa ematea», zehaztu du Arrizabalagak.

Horrez gain, Foru Aldundirako «gobernu egitasmoa garatuko duen akordio politikoa» negoziatzen ari dira EAJko eta PSEko ordezkaritzak, «eta hori izango da Eider Mendozaren izendapen hitzaldiaren muina», erantsi du Arrizabalagak. EH Bilduko ahaldungai nagusi Maddalen Iriartek irabazi ditu foru hauteskundeak Gipuzkoan, alde handiz, baina EAJk ziurtzat jo du PPren babesa Mendoza ahaldungai nagusi izendatzeko. Koalizio abertzaleak 22 batzarkide lortu ditu; EAJk, hamazazpi; PSE-EEk, zazpi; PPk, hiru; eta EPk, bi. PPk izango du giltza.

Azken orduetan azaleratzen ari den argazkian islatzen da EAJko Euskadi Buru Batzarrak estrategia orokor bat diseinatu duela Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako. Tokiko akordioak badira, ordea: Laudion (Araba), akordioa egin dute EH Bilduk eta Omnia plataformak; eta Pasaian (Gipuzkoa), koalizio abertzaleak Elkarrekin Podemosekin sinatu du ituna. Bi kasuetan, alkatetza EH Bildurentzat izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.