Ekitaldiz beteriko astea antolatu dute Txillardegi gomutan hartzeko

Hamar urte dira Jose Luis Alvarez Enparantza hil zela. Urtarrilaren 15ean omenduko dute

Txillardegiri Donostian egindako omenaldia, iaz. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Aurki, urtarrilaren 14an, hamar urte beteko dira Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela. Idazlea, hizkuntzalaria, pentsalaria, politikaria eta, beste ezeren gainetik, bere herriarekin konprometitutako intelektuala izan zen Txillardegi, eta, urteurrena baliatuta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Donostian San Telmo museoak, Telesforo Monzon eLabek, Jakin fundazioak, Susa argitaletxeak, Argia-k eta Txillardegi liburutegiak.

Haren heriotzaren urteurreneko ekitaldi nagusia urtarrilaren 15ean egingo dute, 12:00etan, Txillardegi plazan. Baina aurretik izango dira beste zenbait ekitaldi ere. Urtarrilaren 11n, hizkuntza politikari egindako ekarpena aletuko dute mahai inguru batean. Eta 13an liburu bat aurkeztuko dute. 15eko ekitaldiaren ondotik,urtarrilaren 18an, beste bi liburu aurkeztuko dituzte San Telmomuseoan.

Ekitaldiz beteriko astea izango da, baina horiek ez dira izango Txillardegiren omenez antolatutako bakarrak, haren heriotzaren urteurrenaren itzala urte osora luzatuko baita. Adibidez, Telesforo Monzon fundazioaren egoitza den Bergarako Olaso Dorrean (Gipuzkoa), Txillardegiri buruzko erakusketa zabalduko da 2022ko udaberrian. EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak ere mintegi berezia antolatuko duela iragarri du. EHEren sortzaileetako bat izan zen Txillardegi.

2019an, Korrikak omenaldia egin zion Txillardegiri. Aurten ere AEK-k antolatutako lasterraldiak Euskal Herria zeharkatuko du, eta, gainera, Donostian amaituko da.Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak aukera baliatuko du bere aldarrikapena plazaratzeko. Gaur egun Donostiako udaleko liburutegi zentrala dena Txillardegi Udal Liburutegia izendatzeko eskatzen du talde horrek.

Txillardegik eragin handia izan zuen Euskal Herriko politikagintzan, hizkuntzalaritzan eta literaturan. ETAren sortzaileetako bat izan zen, ESB alderdiaren, Altsasuko mahaiaren eta Herri Batasunaren sorreran parte hartu zuen, eta Aralarren ere izan zen. 1961ean erbesteratu zen, eta Frantzian eta Suitzan bizi izan zen, Franco hil ostean Euskal Herrira itzuli zen arte.

Euskalduntzea

Etxean ez zioten irakatsi euskara, baina bere kabuz ikasi zuen. Euskara batuaren sorrerarako ere lan garrantzitsua egin zuen, Federico Krutwigekin eta Koldo Mitxelenarekin batera. Euskaltzain urgazlea izan zen 1957tik aurrera, eta Euskaltzaindiko Ahoskera Batzordeko kidea 1993tik aurrera.

Idazle gisa ere lan oparoa egin zuen, eta berrikuntza nabaria ekarri zuen euskal literaturara. Lehen euskal nobela modernotzat hartzen den lana argitaratu zuen 1957an: Leturiaren egunkari ezkutua. Horretaz gain, sei eleberri gehiago argitaratu zituen.

BERRIAk ere bat egingo du Txillardegi gomutan hartzeko ahaleginarekin, haren heriotzaren urteurrenaren karietara. Datorren astean erreportaje sorta bat argitaratuko du, Txillardegik hainbat arlotan egindako ekarpena jorratuko duena, eta haren inguruan antolatutako mahai inguru eta omenaldien berri ere emango du luze eta zabal.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.