Iritzi bat gailendu da: «positiboa» izan da

Hondarribiko alarde ez-parekidearen inguruko hainbat gazte andreen parte hartzearen alde agertu izanak aldeko balorazioak eragin ditu. Udalak «errespetuz» hartu du; Jaizkibelek, «pozik»

arantxa iraola
2019ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Izaten dira oihartzun apartekoa eragiten duten hitzak; esan eta gero ere, horiek eragindako dardarak iraun egiten du. Irunen eta Hondarribian (Gipuzkoa) alarde parekidearen alde jardun dutenen kontra iragan bi hamarkadetan sortutako mugimenduaren harira, errotuta egon dira bi udalerrietan beldurraren eta tabuaren itzala: zuztarreraino. Horregatik, igande honetan desfile ez-parekidearen inguruko hainbat gaztek emakumeen parte hartzearen alde zabaldutako mezuak balorazio sorta eragin du. Eta iritzi bat gailendu da horietan: «positiboa» izan da gazteen ekarpena. Eta hori, mezua, bere ozenean, nahi baino apalagoa izanda ere. Izan ere, gazteek oharrean azaldu dute publikoan agertu gabe geratzea erabaki dutela hainbat kidek. Eta ez dute ezkutatu: «beldurra» izan da horretarako motibo nagusia.

Mezu arrunt argia eman dute, gatazkaren inguruko tentsioa urritzearekin konformatzen ez dena, eta jaiaren parekidetasuna bermatzera egin nahi duena. Gogora ekarri dute andreek horretarako duten «eskubide osoa». Emakunde eta EAEko Arartekoa aldarri parekidearen hauspo izan dira hasiera-hasieratik, eta ontzat hartu dute biek gazteen mezua. «Gure balorazioa oso positiboa da. Bereziki itxaropentsua gazteengandik datorrelako», adierazi du Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak. «Beti defendatu dugu elkarrizketa dela bidea, eta gazte hauek ere elkarrizketarako deia egiten dute; beraz, espero dugu atzera egin ezin duen pauso bat izatea». Antzera solastatu da Manu Lezertua arartekoa. «Erakunde honi oso ona iruditu zaio berri hori, argi eta garbi erakusten baitu gizartea aurrera doala», azaldu du. «Emakumeen eta gizonen erabateko berdintasuna ukatu ezin den baldintza da», gogora ekarri du. Gaia hizpide hartu zuen atzo Eusko Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak ere: baikor. «Proposamen onargarria da, eta aparteko garrantzia du jende gazteak egina izateak».

Jaizkibel konpainiak, berriz, adierazi du «pozten» dela «guztion alardearen bidean» eman den «aurrerapausoarekin». «Emakumeak alardean parte hartzeko eskubidearen inguruko iritziaren eboluzio bat egon da. Jaizkibel Konpainia bera geroz eta handiagoa izateaz gain, kaleko babes eta begiradek erakutsi digutelako hala dela. Eta ekimen honek berretsi egin du».

Konpainia parekideko kideek adierazi dute dinamika horren bultzatzaileekin biltzeko prest daudela, eta berretsi dute elkarrizketa «ireki eta anitzak» sustatzeko nahia dutela, herritar guztien artean auziari konponbidea emateko. «[Alardea] denona delako, eta ez elkarte konkretu batzuena. Horretarako Alardeak publikoa, parekidea eta bakarra izan behar du. Herri bat, Alarde bakarra».

Udalaren komunikatua

Aldiz, aurreko horiekin alderatuta, zuhurra izan da udalaren erantzuna: lehorra. Atzo arratsaldean zabaldu zuen komunikatu bat. «Hondarribiko Udalak errespetu osoz hartu du herriko hainbat gaztek sinatu duten adierazpena eta sortu duten plataforma», adierazi du. «Horrekin batera, argi utzi nahi du urte osoan zehar bizikidetza hobetzeko lanetan jardungo duela, hori baita bere helburu nagusiena». Bizikidetza aipatu du, beraz; alardea ikusteko bi era daudela eta biak onartu behar direla dioen ikuskerari atxikita: parekidetasuna, emakumeek jaian parte hartzeko duten eskubidea, aipatu ere ez du egin.

Ez da deus berria. Keinuetan eta ekintzetan ere beti egon da hor udala; inoiz ez du urratsik egin aldarri parekidearen alde, eta, aldiz, oparoa izan da beti desfile baztertzaileari atxikimendua erakusteko keinuetan. Aurten alardea egin aurreko egunetan Txomin Sagarzazu alkateak egin zuen proposamenak ere argi utzi zuen jarrera hori; izan ere, desfileen ordutegietan aldaketak egitea proposatu zuen. Helburu nagusia zen alarde baztertzailea ikusteko zain egoten direnen aurretik Jaizkibel ez igarotzea, eta, era horretan, «tentsioa» baretzea. Hautu baztertzailearen aldekoen aspaldiko eskakizuna da hori, eta Jaizkibelek ez zuen aintzat hartu ere egin. Gainera, erakutsi zuen betiko ordutegian ere ederki asko desfila dezakeela; inoiz baino babes keinu gehiago jaso zituen, eta inoiz baino partaide gehiago erakarri zituen: ia mila.

Udalaren atzoko komunikatuaren amaieran gogora ekarri du lehengo hilean udalbatzako taldeko politiko guztiek hitzartu zuten testua, zeinaren arabera «elkarrizketa» sustatzera egin behar baita gatazka bideratze aldera. Agiri horrek, hain zuzen ere, txalotu egin zituen azken hilabeteetan solaskidetza prozesu bat bultzatze aldera egindako aurrera urratsak, eta «bide horretan» sakontzen jarraitzera deitu zuen.

Eta ukaezina da azken hilabeteetan mugimendu ugari egon direla elkarrizketa prozesu bat haste aldera. Abuztuaren hasieran, esaterako, jakin zen gatazkako bi aldeak —Alarde fundazioa, desfile baztertzailearen antolatzailea, eta Jaizkibel konpainia— bilera bat egitekotan egon zirela, baina azken unean bertan behera geratu zela, baldintza nahikorik ez eta. Aurreko hilabeteetan, Gipuzkoako Diputazioak ere elkarrizketa prozesu bat hasi zuen, isilpean, baina diskrezioa hautsi zuen Alarde fundazioak. Horrek, baina, berritasun handi bat ekarri zuen: Jaizkibelekin mintzatzeko borondatea azaldu zuten emakumezkoen parte hartzearen aurkakoek. Elkarrizketa nahia erakutsi dute aldarri parekidearekin bat egin duten gazteek ere orain: hain justu, bilera batean batzeko eskakizuna egin diote Alarde fundazioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.