Baliabideak geroago agortu dira

Gizakiaren beharrak asetzeko Lurreko urteko baliabideak hiru aste geroago amaitu dira. Azken 50 urteetako joera hautsi da gaur

2020ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Global Footprint Network (GFN) erakundeak jakinarazi du gaur agortuko direla planetak urte osorako sortzen dituen baliabideak. Iaz uztailaren 29an amaitu ziren —uztailean bukatutako lehen urtea izan zen—. Aurtengo datuek, aldiz, joera luze baten amaiera ezarri dute. Izan ere, aurreko urtean baino hiru aste geroago amaitu dira baliabideak, eta 50 urtean lehen aldiz atzeratu da horiek agortzeko eguna. GFNk adierazi duenez, koronabirusak sortutako egoeraren ondorio izan da, eta gehitu du «aukera bat» dela herrialdeentzat, «baliabideak kontuan hartzen dituen etorkizuna» eraikitzeko.

Itxialdian igarotako hilabeteek ustiapena moteltzea eragin dute: mugimendu gutxiago izan dira, energia gutxiago gastatu da, eta horrek zuzenean eragin du baliabideak denbora tarte luzeagoan mantentzeko. Guztira, %10 murriztu da baliabideen ustiapen abiadura.

Baliabide horiek Lurraren gaitasun biologikoak sortzen dituen baliabide naturalak dira, eta gizakiak horiek ustiatzen ditu bere beharrizanetarako, baina mugatuak dira. 1970ean agortu ziren lehen aldiz urtea amaitu aurretik. Zehazki, abenduaren 23an amaitu ziren. Ordutik, egun batzuk aurreratuz joan da agortze eguna. Esaterako, 2000n, urriaren 4an; eta 2010ean, abuztuaren 28an. Urtetik urtera azkartuz joan da egunaren aurreratzea, eta azken hogei urteetan bi hilabete aurreratu da. Gaur egun, planetak hemezortzi urte beharko lituzke azken urteetan gehiegizko ustiapenagatik eragindako kalteak konpontzeko. GFNk gogorarazi du planetaren baliabideak «ez direla amaigabeak».

Erakundeak nabarmendu du elikagaigintza dela etorkizunera begira erreparatu behar den sektorea: «Egungo biogaitasunaren %50 erabiltzen dute. Elikagaietako karbono kopurua murrizten duten erabakiek garrantzi handia dute».

Estrategia berrien beharra

Egunaren atzeratzea positibotzat jo duten arren, GFNk gogorarazi du oraindik ere, datuak kontuan hartuta, urtean 1,6 planeta erabiltzen direla. Hori jakinik, nabarmendu dute «estrategia berrien» beharra dagoela. Bestalde, adierazi dutegiza jokabideen gaineko hausnarketa egin behar dela, «jarrera jasangarriak» direlako egoera horren konponbidea. Bakarka edo kolektiboan hartutako erabakiek gizakien etorkizunean eragin handia eduki dezaketela nabarmendu dute: «Nola mugitzen garen, nola sortzen dugun energia, zenbat haur edukitzen ditugun...».Karbonoa murrizteko beharra ere aipatu dute, eta adierazi dute isurketen %50 jaitsita, planetaren baliabideak agortzeko eguna 93 egun atzeratuko dela.

Gainera, GFNren arabera, etorkizuna klima aldaketak «baldintzatuko» du, eta horren aurrean ardura eta laguntza eskatu dute. Enpresen, herrialdeen eta hirien mantentzea errekurtso ekologikoen «kudeaketa onaren menpe» daudela gehitu dute. Eskozia jarri dute adibide gisa, izan ere, «deskarbonizazio estrategia» jarri zuten martxan, eta urte luzeetan edukitako datu txarrak hobetu ditu bioahalmenean.

Erakundeak Move The Date(mugitu eguna) kanpaina ere jarri du martxan. Baliabideen agortze data urtean bost egun atzeratzea da helburua. Xedea betetzekotan, planeta bakarra ustiatuko da 2050erako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.