Babes sareko gazteak laneratzeko akuilu

Batzen gazteak laneratzeko harrera sistema sortu dute. 500 lagunetik gora daude Gipuzkoako Foru Aldundiko babes eta inklusio sarean, eta horien sarbide soziolaborala du helburu

Batzen egitasmoaren aurkezpena egin zuten atzo Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Batzen gazteak laneratzeko harrera sistema aurkeztu zuten atzo Donostian, Tabakaleran. Gipuzkoako Foru Aldundiko babes eta inklusio sarean dauden gazteen —migratzaileak, eta bertan sortutakoak— sarbide soziolaborala du helburu. Hala, azaldu zuten 16 eta 23 urte arteko gazteen bizitza independenterako trantsizio prozesuen «arrakasta» ahalbidetu nahi dutela. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Zabalduz kooperatiba dira egitasmoaren sustatzaileak. Egun, 500 lagunetik gora daude babes eta inklusio sare horretan.

Esti Beraza eta Andoni Zulaika Zabalduz kooperatibako kideek eman zituzten proiektuaren inguruko xehetasunak. Haien arabera, zailtasun bat hauteman dute gazteak kalitatezko enplegu bat bilatu eta emantzipatzeko orduan: «Uste dugu Gipuzkoan hirugarren sektoreko entitateek eta formakuntza zentroek lan handia egiten dutela, eta eskaintza zabala dela. Hori aprobetxatu behar genuen. Batzen ez dator lehendik egiten den hori bikoiztera edo beste modu batean errepikatzera; gehitu egin nahi dugu».

Fokua enpresetan jarri dute; erronka gazteen emantzipazioa eta enplegu inklusiboa bultzatzea da. Egitasmoa martxan jartzen ari dira orain, eta Zulaikak azaldu zuen «errekurtso erresidentzialak» kudeatzen dituzten lau eskualde jakinetan hasiko direla lanean. «Bokazioa, ordea, babes eta inklusio sarean dauden entitate ezberdinei ere zerbitzua eskaini ahal izatea da». Argi dute «sare logikan» lan egin behar dutela, baina adierazi zuen ezin dutela «denbora galdu».

Inklusio sarean dauden gazteen aukerak «irekitzeko» beharra nabarmendu zuten. «Gizarte moduan badugu ardura bat». Enpresek ere badute zer egina. «Enpresak herritarrez osatuta daude. Norbanako, enpresa eta lurralde modura ardura dugu gazte hauei aukerak eskaini ahal izateko».

Harrera enpresen formula planteatu dute horretarako: nerabe eta gazte horien «inklusio soziolaboraleko prozesuan» ekarpena egin nahi duten enpresak lirateke, «beren tamainaren eta ahalmenaren araberako konpromisoa hartuko dutenak». Inklusioa bi noranzkotan landu nahi dute, eta kohesioa soziala lortu.

Batzen egitasmoak hiru konpromiso maila zehaztu ditu, eta bertan hainbat aukera proposatu: Aukerak sortuz, Aukerak hauspotuz eta Aukerak zabalduz. Halere, nabarmendu dute enpresa bakoitzaren nahi, gogo, aukera eta beharretara egokitzeko elkarrizketak egingo dituztela.

Aukera sortuz metodologia litzateke konpromiso maila baxuena duena. Bertan, gazteen gaitasun soziolaborala garatu eta lanerako motibazioa lantzeko egitasmoak jorratu nahi dituzte; esaterako, enpresetara bisitak egitea edota zentroetan hitzaldiak ematea.

Konpromiso handixeagoa luke Aukerak hauspotuz metodologiak. «Profil profesional jakin bat probatzeko prest dauden edo behar duten enpresak lirateke», argitu zuten. Gaztearen prestakuntza ibilbide pertsonalizatuak eta lan bitartekaritza proposatu dituzte horretarako. Enpresa bila dabilen soslai profesionala hobekien aprobetxatuko duen gaztea topatuko dute, «arrakasta bermatzeko». Enpresentzako baliabide eta zerbitzuak ere eskainiko dituzte.

Azkenik, Aukerak zabalduz metodologiak enplegu inklusiboa sortzeko elkarlan estrategikoa landuko du. «Lanpostu berriak sortu nahi ditugu, eta horretarako bide desberdinak planteatzen ditugu». Adibidez, urteroko inklusio helburu batzuk zehaztea.

Babes eta inklusio sarean dauden nerabe eta gazteen egoeraren inguruko azalpenak ere eman zituen Belen Larrion Gipuzkoako Foru Aldundiko Haurren Babeseko eta Gizarte Inklusioko zuzendari nagusiak. «Presente izan behar dugu haur eta nerabe hauek bizitza autonomo bat egiteko aukera gutxiago dituztela bertan jaiotakoek baino».

Beste proiektuak

Atzo eginiko aurkezpen ekitaldian jaso zituzten beste esperientzia batzuk ere, eredugarritzat jo zituztenak. Hain zuzen, Inserta Andaluzia erakundearen emantzipatzeko programa integrala eta Kataluniako Resilis eta Merce Fontanilles fundazioen laneratzeko programa aurkeztu zituzten.

Batzen egitasmoko kideen aburuz, programa horiek erronka berdintsuei irtenbide ezberdinak aurkitu dizkiete, eta baliagarriak dira «Gipuzkoan sortzen ari garen sistema hobetzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.