Albistea entzun

Euskaltzaindia. 'Euskararen gramatika'. Pello Salaburu. Gramatika Batzordeko burua

«Gure lana da aukerak ematea, eta azaltzea nola erabiltzen diren»

Pello Salaburuk uste du gramatikaren deskripzio orokorra osatuta «ziklo bat itxi» egingo dela. Nabarmendu du 'Euskararen gramatika' lan trinkoa dela eta hausnarketa sakonak bildu dituztela bertan.
ANDONI CANELLADA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2021eko abenduak 9

Euskaltzaindiko Gramatika Batzordeko buru gisa, Euskararen gramatika ontzeko prozesua gidatu du Pello Salaburuk (Arizkun, Nafarroa, 1951) azken urteetan. Euskal Filologian doktorea da, eta EHUren Euskara Institutua ere zuzentzen du egun.

Lan mardula da Euskararen gramatika. Zer garrantzi du?

Euskararen gramatikaren deskripzioa bildu dugu, inoiz egindako deskripzio orokor handiena. Lan trinko bat da, sakon jorratua. Eta esango nuke Euskararen gramatika-k ziklo bat ixten duela: uste dut honelako gramatika bat ez dela berriro egingo; ez dakit zentzurik izango lukeen, hizkuntzaren deskripzio osoa eginda dagoelako. Hemendik aurrera, lan xeheak egingo dira, tesiak-eta landuko dira hizkuntzaren aspektu zehatzen edo zalantza praktikoen inguruan, eta gramatika osatuko da, baina deskripzio orokorra eginda dago. Horregatik diot orain 40 urte hasi zen etapa bat itxiko dela; [EGLUren] lehen liburukia oso ona iruditu zitzaigun orduan, baina orain gelditu da guztiz gainditua, zentzu onean: hura egin izan ez bagenu, ezingo genukeen hau egin.

Zergatik diozu gainditua dagoela? Hainbeste aldatu al da hizkuntza?

Ez, hizkuntza oso gutxi aldatu da. Gramatika Batzordea abiatu zenean, 1980an, baliabide urriak genituen: idazmakinak, fitxak, kide gutxi, apunte batzuk... Horrekin hasi ginen. Hirugarren liburukitik aurrera, aukera izan genuen material gehiago erabiltzeko, batez ere Orotariko Euskal Hiztegia-ren parte bat. Eta urteekin, gauza asko aldatu dira: ordenagailuek modua eman digute milioika datuetara iristeko; gainera, jendea trebatuago dago, eta euskarak garapen handia izan du idazleen artean, itzulpen pila bat egin da... Material askoz gehiago dugu, eta eskura. Beraz, 2011n EGLUren azken liburukia egin genuenean, ezinbesteko ikusi genuen ordura arte eginikoa berraztertzea, osatzea, ongi azaldu gabekoak zuzentzea...

Gramatika deskriptiboa da, ala arau emailea?

Egin dugun gramatika deskriptiboa da, eta pixka bat preskriptiboa ere bai; arau emailea da, neurri batean, Euskaltzaindiaren arauak espresuki bildu ditugulako. Baina gure lana da aukerak ematea, eta azaltzea euskara idatzian nork eta nola erabiltzen duen bata eta bestea. Adibidez: duela egun batzuk, norbaitek Twitterren galdetu zuen: «Nola da: ezin izango naiz joan ala ezingo naiz joan?». Erantzun aurretik, adibide klasikoetara joan nintzen, eta han aurkitu nuen ezin izango eta ezingo, eta baita ere ezin izanen eta ezinen; guk horren berri ematen dugu, baina ez dugu aukeratzen.

Hortaz, formula batzuk ez dira zuzenagoak?

Kasu horretan, nik ezin dut esan formula bat bestea baino egokiagoa denik; esango dut hiztun batzuek modu batera erabiltzen dutela, eta beste batzuek, bestela. Argitaletxe batek edo egunkari batek bere estilo liburuan aukera bat egin dezake, baina hori ez da gure funtzioa. Guk ez dugu gramatika egin: gramatika batean bildu dugu jendeak —euskaraz ondo dakitenek— nola erabiltzen duen euskara. Eta milioika adibide erabili ditugu; gutxi gorabehera, erdiak dira liburuetakoak, eta beste erdiak, egunkarietakoak, batez ere, BERRIAko materiala.

Gramatikaren berritasun deigarrietako bat da euskarak ez daukala deklinabiderik. Nola heldu zarete ondorio horretara?

Erraz azaltzeko: hizkuntzak preposizionalak ala postposizionalak izan daitezke. Gaztelania preposizionala da: al monte; euskara, berriz, postposizionala: mendira. Deklinabidea duten hizkuntzak postposizionalak dira, baina euskararekin badute desberdintasun funtsezko bat. Euskaran, hitz osoak hartzen ditu postposizioak, hitza moldatu gabe: mendira, lagunarekin... mendi eta lagun ez dira aldatzen. Deklinabideak, aldiz, ez du hitza osorik hartzen, baizik hitzaren erroa: latinez, adibidez, dominus da izena, baina genitiboa domini da. Hortaz, euskaraz, hitz osoari gehitzen zaio postposizioa, edota sintagma osoari: ez dugu esaten mendira handira, baizik mendi handira. Halere, deklinabidearena ez da berritasun handiena; niretzat, pixka bat anekdotikoa da.

Eta zein da, zure ustez, berritasunik nabarmenena?

Adibidez, argiago azaldu dugu zer diren perpaus trantsitiboak eta intrantsitiboak. Euskaraz, aditz laguntzaileari begiratzen diogu: dut erakoa bada, trantsitiboa da, eta naiz erakoa bada, intrantsitiboa. Hori ez da egokia; beste hizkuntzetan, beste aldagai batzuk hartzen dituzte kontuan, bereziki, aditzak argumentua hartzen duen ala ez: «Sagarra jan dut» esaldian, jan horrek sagarra hartzen du, beraz, trantsitiboa da; «Mendira joan naiz» esaldiak ez du argumenturik, intrantsitiboa da. Hori euskarara aplikatu dugu, oso hausnarketa sakona eginda.

'Euskararen gramatika' digitalizatzeko asmorik al duzue?

Bai, bada asmoa; orain, Euskaltzaindiak erabakiko du noiz eta nola. Digitalizatzeak erraztuko luke kontsultetan loturak egitea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zigoitian bi emakume hil ziren istripu batean, kamioi batek haien autoa jota. ©DAVID AGUILAR / EFE

Euskal Herriko errepideetan 85 lagun hil dira istripuz urtebetean

Irati Urdalleta Lete

Pandemiak 2020an eragindako geldialdiaren ostean, 2021ean gidariak berriz atera dira errepidera, eta, horrekin batera, %20 ugaritu dira heriotzak. Hildakoen %82 gizonezkoak izan dira
<b>ZIUak, beteago.</b> Osasun langile bat gaixo bat artatzen, Gurutzetako ospitaleko ZIUan. ©MARISOL RAMIREZ /FOKU

Birusarekin 129 lagun zendu dira Hego Euskal Herrian aste bakar batean

Edurne Begiristain

Joan den urteko otsailaren erdian erregistratutako datuen parekoa da. 180 eri daude ZIUetan, larri. Hirugarren dosia 30-39 adin tartekoei zabaldu die Osakidetzak
2021 urteko balantze korporatiboa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.