Carmen Gonzalez. Zubiko elkarteko arduraduna

«Presoen gizarteratze prozesuetan denak ateratzen gara garaile»

Presoen gizarteratzearen arloan aritzen diren elkarteen ustez, prestakuntza eta lan mundurako sarbidea izatea egokia da xede horretarako; Gonzalezek dioenez, laguntza «integrala» izatea da gakoa.

BERRIA.
gotzon hermosilla
2022ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Aukerak agentzia berria ez da hutsetik abiatuko presoen gizarteratze lanean, alor horretan aritzen diren gizarte erakundeek eskarmentu luzea bildu dutelako orain arte. Zubiko elkarteak, esaterako, hogei urte eman ditu zeregin horretan. Carmen Gonzalez (Soraluze, Gipuzkoa, 1974) elkarte horretako arlo soziojuridikoaren arduraduna da.

Zuen elkarteak bazterketa arriskuan daudenekin lan egiten du, baina espetxean daudenekin aritzen zarete batez ere, ezta?

Egia esateko, gure lan nagusia preso daudenekin egiten dugu, eta elkartea asmo horrekin sortu zen, presoen gizarteratzea eta laneratzea errazteko zubi lana egiteko. Hortik dator Zubiko izena.

Eta zer egiten duzue zehazki?

Pertsona horiei prozesu osoan laguntza integrala ematea. Prozesu osoan, guk lan egiten dugulako kartzelara sartzear dauden pertsonekin, preso daudenekin, baldintzapean aske daudenekin eta abarrekin. Eta laguntza integrala, gure tratamendua pertsonalizatua delako, pertsona bakoitzaren beharretara egokitua; lan arloa eta prestakuntza hartzen ditu, baina beste arlo batzuk ere bai, psikosoziala, juridikoa, familiei zuzenduriko programak eta abar.

Zuen programek arrakasta izaten dute?

Presoak borondatea badu, eta laguntza ematen bazaio, aurrera egitea lortzen du. Nik hogei urte eman ditut lanbide horretan, eta jende asko ezagutu dut: espetxean ezagutu ditut, irteteko baimena zeukatenean ere ezagutu ditut, baina prozesua amaitutakoan bisitan etorri direnean ere ikusi ditut, lanean eta euren ingurunean guztiz txertaturik.

Aukerak agentziaren aurkezpenean, lan prestakuntzaren garrantzia nabarmendu dute, gizarteratzeko bide gisa. Zuentzat ere ezinbesteko tresna da?

Gu hori egunero ari gara ikusten. Pentsa dezagun une batez gutako bakoitzarentzat zer den lanpostu bat edukitzea bizimodua aurrera ateratzeko, gizarteratzeko, autoestimurako, horrek zabaltzen dizkizun aukerak eta abar. Edonola ere, kontuan hartu behar da espetxera iristen diren askok ez dutela bide errazik izan, eta ez dutela gutxieneko ikasketarik edo lan eskarmenturik ere. Asko dira pertsona bat espetxera eraman dezaketen faktoreak, baina argi dago prestakuntzak eta lan ibilbide bat egiteko aukerak gauzak asko errazten dituztela pertsona hori espetxera itzul ez dadin.

Eta, tresna gisa, preso guztien eskura dago?

Egia da batzuetan bidearen azken urratsa dela hori, eta batzuek lehenago beste gabezia batzuk konpondu behar dituztela: adikzioak, buruko osasun arazoak eta abar. Baina espetxean emandako denbora norbera prestatzeko erabiltzea, eta espetxe barruan lan esperientzia garatzea oso garrantzitsua da geroko gizarteratzerako.

Zenbaitetan, espetxearen oso ikuspegi urruna dugu, baina espetxea hor dago. Eta jendea hara sartzen da, baina irten ere egiten dira, eta prestatu behar dira horretarako.

Zenbat laguni eskaintzen diozue zerbitzua?

Badugu programa bat espetxe barruan garatzen dena, oraindik irteterik ez duten presoekin, batez ere Zaballan [Araba] eta Basaurin [Bizkaia]. Eta, gero, baditugu zenbait programa kanpoan egiten ditugunak. Orotara, esan daiteke urtean 250 lagun inguru artatzen ditugula.

Zuen ustez, zergatik egin behar da presoen gizarteratzearen alde?

Bigarren aukera bat izatea mundu guztiaren eskubidea da. Baina gainera, gizarteratze prozesuetan denak ateratzen gara garaile. Preso ohiak, jakina, bizimodua berregitea lortzen duelako, eta horrekin batera bere senitartekoek eta hurbilekoek ere. Baina komunitate osoak irabazten du: segurtasuna handitzen da, gizarte kohesioa sendotzen da, preso ohiak lan egiten badu kotizatu egingo du, eta abar. Biktimentzat ere onuragarria da: adibidez, laneratzea lortzen duen preso ohiak aukera gehiago izango ditu kalte ordainei aurre egin ahal izateko.

Lan merkatuaren eta enpresen aldetik jarrera positiboa sumatzen duzue?

Askotan, enpresek ez dakite pertsona hori espetxean egon den ala ez. Informazio hori konfidentziala da, eta ez dago zertan esan. Baina sarritan, langile horiek denbora bat daramatenean enpresan eta konfiantza hartzen dutenean, esan egiten dute; eta, normalean, erreakzioa oso positiboa izaten da.

Baimenak lortzen dituzten presoentzat bizitokiak eskaintzea ere izango da Aukerak-en lan ildoetako bat. Zer deritzozu?

Guk zuzenean ez dugu horrelako baliabiderik, baina arlo horretan lan egiten duten gainerako gizarte erakundeekin aritzen gara, hemen sare indartsu bat dugulako eta koordinaturik lan egiten dugulako. Badugu eskarmentu polit bat, eta Aukerak-etik adierazi digutenez, asmoa da orain arte egindako lan onari jarraipena ematea. Argi dago etxebizitza baliabide horiek ezinbestekoak direla, etaorain arte ez direla nahikoak izan.

Sektorean itxaropentsu gaude Aukerak-en sorrera dela eta. Badirudi asmoa dela orain arte funtzionatu duten praktika onak mantentzea eta indartzea, eta ni ildo horrekin ados nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.