Albistea entzun

Jorge Tizon. Lehen mailako arretako psikiatra eta psikoanalista

«Etxeko bisita bakarra bulego bateko zazpi bisitaren baliokide da»

Gaur egungo psikiatriako arretako eredua aldatu eta etxez etxeko arreta sustatuko duen eredu bat proposatzen du Tizonek. Haren ustez, eredua eraginkorragoa, merkeagoa, gizatiarragoa eta demokratikoagoa da.
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Oihane Puertas Ramirez -

2022ko abuztuak 20 - Donostia

Buru osasuna nola artatu. Hori da arlo horretako profesionalei kezka sortzen dien gaietako bat, eta, besteak beste, horri buruz aritu dira EHUko Udako Ikastaroetan. Bertan izan da Jorge Tizon (Coruña, Galizia, 1946) lehen mailako arretako psikiatra eta psikoanalista. XXI. mendeko psikopatologiako zaintza ereduei buruz mintzatu da, eta etxeko arretan oinarritutako psikopatologiako zaintza eredu bat proposatu du, egungo egoerara egokituta.

Zertan datza proposatzen duzun ereduak?

Osasun mental komunitarioaren eredua gaur egungo egoerara egokitzea da, krisi hirukoitz honetara, hain zuzen: krisi ekonomikora, COVID-19aren krisira eta Ukrainako gerraren krisira. Egoera horrekin urte txarrak izango ditugu, eta osasun mentalaren alorrean, gehiago. Giltzarri diren bi gai daude: zerbitzu guztien integrazioa eta etxez etxeko arreta. Zerbitzuek askoz gehiago joan beharko dute herritarren bizigune naturaletara, familiarengana eta etxeetara, adibidez.

Beste herrialde batzuetan erabiltzen dute eredu hori?

Eredua ez dut nik asmatu. Finlandiatik eta Norvegiatik dator, baina ni saiatzen naiz hori gizarteratzen, eta saiatu naiz haien liburuak gaztelaniara itzul zitezen. Besteak beste, zerbitzu proaktiboagoak sustatzeko eta profesionalak biztanleriaren bizipen guneetara joan daitezen.

Zer hobekuntza ekarriko lituzke eredu aldaketak?

Finlandiarrek eta norvegiarrek baino sare sozial sendoagoa dugu. Nik lan egin izan dudan auzoetan, edozein lekutatik oinez hogei minutura nengoen. Erraztasun horiek erabiltzea eta horiek nola sustatu jakitea funtsezkoa da eraginkorragoak izateko, emaitza hobeak lortzeko, batez ere paziente larriekin. Gainera, egungo ereduak baino kostu txikiagoa dauka.

Bizikidetza nukleoetara joateak pazienteei buruzko informazioa eman dezake, eta haientzako ere erosoagoa izan daiteke.

Eta zer esanik ez gizarte zerbitzuetatik deitzen dutenean. Horien bulegora ez doaz. Familiako medikua izan naiz, eta hor ikusi dut etxez etxeko arretaren garrantzia. Etxeko bisita bakarra bulego bateko zazpi edo hamabi bisitaren baliokide da. Denbora aurrezten duzu. Etxez etxeko bisita batean adi, kontuz eta zintzo jokatuz gero, bertan ikusten eta jakiten duzuna bulego batean zazpi eta hamabi kontsulta bitartean ikusten duzu. Alde izugarria da.

Horrek farmakoak gutxiago errezetatzea eragin dezake?

Hori jakina da, ongi frogatuta dago. Pazienterik larrienentzat lan babestu bat izatea da sendagairik onena. Lana izateak beste edozein sendagaik baino askoz gehiago balio du. Espainian ez dakigu zenbat paziente larri dauden lanean, baina %1 baino gutxiago. Beste herrialde batzuetan, %40.

Zergatik da garrantzitsua eredu aldaketa?

Osasun mentalaren antolakuntzan lan egin duen pertsona gisa, eraginkorragoa delako: emaitza hobeak eta merkeagoak lortzen ditu. Gainera, gizatiarragoa eta demokratikoagoa da; gehiago erreparatzen zaio populazioaren benetako demokraziari: desberdina dena artatzea, onartzea eta barnean hartzea. Beste ereduarekin izaki pasiboa, medikalizatua eta bizitza osorako menpekoa sortzen da. 60 edo 80 urteko medikalizaziorekin tratatzen da pazientea. Hori izugarria da.

Noren esku dago eredu hori ezartzea?

Herritarren esku. Ez da egia profesionalok gure eremua aldatuko dugula. Saiatu gara, baina ez dugu lortu sistemaren erabateko aldaketa, eta datozen urteetan, gutxiago. Herritarren esku egongo da, baita zenbait politikari eta administratzaileren esku ere. Gizartea ezin da engainatzen utzi arreta desbideratzen duten erreklamazioekin. Bestela, eredu neoliberala eta negozio pribatua nagusituko da, eta, beraz, osasun mentala pribatizatuko da.

Zein da zailtasunik handiena?

Zailtasunik handiena da Europako eta Ipar Amerikako batasunaren eredua adostuta dagoela, eta osasunaren pribatizazioan oinarritzen dela. Pribatizazio masiboaren eredua dago martxan. Horren alternatiba osasun mentalaren eredu komunitarioa da, eta horrek era guztietako zailtasunak ditu orain.

Etorkizunean erabiliko den eredu gisa ikusten duzu?

Posible ikusten dut, baina ezarri aurretik krisi soziala egongo da. Sufrimendua egongo da hori lortzeko, edo garaiz lortu ez delako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

Hilekorako produktuen BEZa %10etik %4ra jaitsiko du Madrilek

Uxue Rey Gorraiz

Preserbatiboei eta medizinalak ez diren antisorgailuei ere eraginen die merkatzeak; pixoihalei, ez.

Hablamos español elkartearen protesta Madrilen, joan den astean. ©FERNANDO ALVARADO, EFE

«Zelan erdaldundu Euskal Herria?»: dekalogo bat eman du Euskal Encodingsek

Uxue Rey Gorraiz

Espainiako epaile batek «gaizkile txiki bat» sortzeko dekalogoa eman zuen joan den hamarkadan. Hori oinarri, eta begirada euskarara zuzenduz, beste bat argitaratu du Euskal Encondingsek: Etxean erdaldun txiki bat sortzeko dekalogoa. Hamar gako dira, ironiaz biziturik.

Elbira Zipitriaren estatuaren aurkezpena, Gipuzkoako foru jauregian. ©Gipuzkoako Foru Aldundia

Elbira Zipitriaren estatua bat jarri dute Gipuzkoako foru jauregian

Julen Otaegi Leonet

Lehenbizikoz, andre baten eskultura bat jarri dute jauregiko ohorezko patioan; Gipuzkoaren historiako izen handientzat gordetako espazioa da.

Imanol Pradales Sestao e Areetako metro geltokiak lotuko ditun trenaren aurkezpenan. ©Bizkaiko foru aldundia

Sestaoko eta Areetako metro geltokiak lotuko dituen trenak ez du makinistarik izango

Mikel Garcia Martikorena

Itsasadarraren azpitik igaroko den tren baten bidez, Bilboko Metroko lehenengo eta bigarren lineak lotuko dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.