«Osakidetzak Gorlizen, Plentzian, Barrikan eta Lemoizen [Bizkaia] eskaintzen duen pediatria zerbitzuaren prekaritatea salatu nahi dugu», esan zuten atzo Gorlizko eta Plentziako gurasoek. Pediatriako zerbitzu duina aldarrikatzeko, elkarretaratzea egin zuten. Eta, Plentziako jaien bueltan, jende andana bildu zen herriko osasun zentroaren aurrean. Pediatriako zerbitzu duinaren alde Uribe Kostan lelopean, zerbitzu hori urte osoan ziurtatzeko eskatu zioten Osakidetzari hainbat guraso, haur eta herritarrek.
June de la Maza eta Olatz Martin gurasoek azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez ditu betetzen medikuen oporraldiak. Hori dela eta, Gorlizko pediatrak oporrak hartzen dituenean, esaterako, pediatra barik geratzen dira herrian. Egoera horrek haurren osasuna «arriskuan» jartzen duela salatu dute.
Arrisku hori hurbiletik bizi izan zuen Martinek iragan astean. 3 urteko haurra zorabiatuta eta izerditan zegoenez, Gorlizko osasun zentrora joan zen. Pediatra ez zegoen, eta erizainak artatu zuen. Hipogluzemia diagnostikatu eta azukrea eman ostean, haurrak eta Martinek alde egin zuten osasun zentrotik. Etxerako bidean, umeak okerrera egin zuen, eta osasun zentrora bueltatu zen. Erizainak autoan eraman zituen Plentziako osasun zentrora. Hori zen aukera bakarra: Urdulizko ospitaleak ez du pediatria zerbitzurik, eta ez zuten Gurutzetako ospitalera iristeko denborarik.
Hipogluzemia larria diagnostikatu zioten Plentzian. Pediatrak larrialdiko tratamendua eman zion haurrari; gainerako pazienteak, beraz, ez zituen artatu. Ordubetez saiatu ziren haurraren odoleko azukre maila normalizatzen, baina ez zuten lortu. Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Hango alta txostenak jarraipen pediatrikoa ezarri zuen hurrengo bi egunetarako. Hala ere, gurasoek salatu dutenez, haurrari dagokion pediatra ez da lanera bueltatuko irailaren erdialdera arte. Gorlizen ordezkorik ez dagoenez, Plentzian eskatu behar dute ordua. «Baina pediatrak lanaldi murriztua du, eta, hura ez dagoenean, familia mediku bat arduratzen da kontsultez, eta bere esku dagoena egiten du».
Esker ona profesionalei
De la Mazak eta Martinek eskerrak eman dizkiete haurra artatu zuten profesional guztiei. «Dituzten baliabideekin, euren esku zegoen guztia egin zuten, eta, horri esker, umea ondo dago gaur». Izan ere, azaldu dutenez, medikuak «larrituta» daude: «Profesional batzuk haiei ez dagozkien konpetentziak hartzen ari dira». Era berean, Osakidetzak «komunikabideen bitartez» argitaratutako erantzun «lotsagarria» kritikatu dute: «Osakidetzak ez du inolako autokritikarik egin. Asumitu beharrean, langileen gain uzten du arazoaren erantzukizun guztia. Jokabide zikina iruditzen zaigu».
Gertakaria ez da salbuespena: «Ez da gertaera bakana; icebergaren tontorra da». Izan ere, 2019an, mobilizazioak eta kexa formalak egin zituzten gurasoek, arrazoi bera zela medio. Urte bereko uztailaren 26an, Osakidetzak eskaerei erantzun zien, eta «egoera hori amaitzeko neurriak» hartuko zituela esan. «Duela lau urteko egoera berean edo okerragoan gaude; agindutako neurriak ez dira bete». Horregatik, Osakidetzari eskatu diote pediatria zerbitzua urte osoan zehar ziurta dezala, pediatriako langile guztien gaixoaldiak, lanaldi murrizketak eta oporrak betez.
De la Mazak esan duenez, EH Bilduk adierazi die asmoa duela gaia Eusko Legebiltzarrera eramateko. «Kasu jakin hau aprobetxatu nahi dute gaia berriro hizpidera ekartzeko; ea egoerari buelta ematen diogun».
Osasuna
Pediatriako zerbitzu duina exijitu dute
Protesta egin dute Plentzian, zerbitzua «prekarioa» dela salatzeko. Pediatren gaixoaldiak eta oporrak betetzeko eskatu diote Osakidetzari

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu