Hogei hegaldi bertan behera gelditu dira Loiun, langileen greba dela eta

AENAko langileek hemezortzi greba egun antolatu dituzte uztailerako, abuzturako eta irailerako

Langileak protestan, atzo, Loiuko aireportuan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Hemezortzi greba egun antolatu dituzte Loiuko aireportuan datozen bi hilabeteetarako, eta atzokoa izan zen lehena. Grebaren ondorioak nabariak izan ziren; izan ere, bertan behera geratu ziren hogei hegaldi baino gehiago. Aireportuko iturrien arabera, gehienak Madril eta Bartzelonarakoak izan ziren, baina baita Paris, Frankfurt, Amsterdam eta Munichera zihoazenak ere.

CCOO, ELA, LAB eta USO sindikatuek deitu zuten lanuztera, AENAko langileen lan karga handitu egin dela salatzeko. Aireportuko 169 langile zeuden grebara deituak, eta, greba batzordeak adierazi zuenez, jarraipena erabatekoa izan zen goizean. Bezeroen arretarako gune guztiak itxita egon ziren, baina gutxieneko zerbitzuak bermatu zituzten.

Eguerdian elkarretaratzea egin zuten greba batzordeak deituta, lelo honen pean: Ez gara salgaiak. Lanpostu gehiago, prekaritate gutxiago, kontziliazio gehiago, negoziazio gehiago, inposizio gutxiago.

Arazoa 2016tik dator, eta ordutik hainbat bilera egin dituzte irtenbidea aurkitzeko asmoz; azkena, joan den ostiralean. Baina akordiorik ez dela lortu ikusita, lanuztera deitu dute sindikatuek. Greba gehienak egun osokoak izango dira, baina lanuzte partzialak ere egingo dituzte. Hurrengoak hilaren 7an eta 14an izango dira, eta irailera luzatuko dira akordiorik ez badago.

Loiuko aireportuak zuzeneko 169 langile ditu; haien artean, mantentze lanetakoak, bezeroen arretan dihardutenak eta suhiltzaileak daude, eta guztiak AENA enpresaren kontratupekoak dira.

Langileen eskariak dira, batetik, bezeroen arretarako langile gehiago hartzea, bidaiari kopuruaren igoerak ekarri duen lan karga arintzeko, eta, bestetik, suhiltzaile taldea handitzea. Izan ere, salatu dutenez, aireportuak ez du betetzen 2002ko hitzarmenean adostutako gutxieneko suhiltzaile kopurua. Horrez gain, familia eta lana kontziliatzeko neurriak hartzeko ere eskatu dute.

Kalte-ordainak

Facua kontsumitzaileen elkarteakdei egin die grebak kalte egindako bezeroei erreklamazioak jar ditzaten. Elkarteak adierazi duenez, AENAk kalte egindako bezeroei ordaindu beharko lizkieke grebaren ondorioz galdutako hegaldiak, gauak eta lekualdatzeak, baita eragindako beste edozein kalte ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.