Zahar etxeetako langileek kanpaldia hasi dute lan baldintzak salatzeko

Gipuzkoako Diputazioari eskatu diote esku har dezala gatazkan. 81 egun daramatzate greban

Zahar etxeetako langileek martxoan diputazioaren aurrean egindako protesta bat. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Donostia
2019ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek kanpaldia hasi zuten atzo, Donostiako Bulebarrean, ELA sindikatuak antolatuta. 81 egun daramatzate greban, eta, lan baldintzak salatzeko, bi gau eta hiru egun pasatuko dituzte kalean. Ekintza horren bidez, kalera atera nahi dute sektore feminizatu horren aldarria, eta esku hartzeko eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Hiru eguneko egitaraua prestatu dute, eta larunbatean bukatuko da kanpaldia, manifestazio batekin. Atzo, ekintzei hasiera emateko, agerraldia egin zuten langileek. Emakumeen lanaren «baliogabetzea» salatu zuten, azalduz hori izan dela beti «gizarte heteropatriarkal eta arrazistaren oinarria». Egoera horri aurre egiteko, «borroka sozializatzea» da haien helburua. Izan ere, salatu dute ez dutela aukerarik izan diputazioarekin elkartzeko; ELAren arabera, hirutan saiatu dira langileak, baina ez dute lortu. Azkeneko ahalegina Eusko Jaurlaritzak sindikatu, patronal eta diputazioarekin antolatutako bilera bat izan zen, baina diputazioa ez zen bertaratu. Alazne Mantxola eta Idoia Elustondo ELAko bozeramaileek «arduragabekeria» eta «errespeturik eza» egotzi zieten Markel Olano ahaldun nagusiari eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuari. Ohartarazi zuten egoitzetako erabiltzaileek eskubidea dutela «duintasunez» egoteko, eta diputazioak duela erantzukizuna.

ELAren esanetan, akordio bat adostu zuten patronalarekin, gatazka amaitu eta lan baldintzak hobetzeko. Diputazioari eskatu diote finantzatu dezala akordio hori, gatazka behingoz ixteko.

Gogora ekarri dute emakumeak direla zahar etxeetako langile gehien-gehienak, eta salatu dute antzeko sektore maskulinizatuetan baldintza ekonomiko hobeak dituztela. Kale garbitzaileak jarri dituzte adibide gisa. Donostiako kale garbitzaileek baino 6.000 euro gutxiago jasotzen dituzte Gipuzkoako zahar etxeetako langileek.

Manifestazioa larunbatean

Kanpaldiak iraungo duen hiru egunetarako, askotariko ekitaldiak prestatu dituzte. Atzo, aurkezpen ekitaldiaren ondoren, mahai ingurua egin zuten Gipuzkoako epaitegietako garbitzaileekin —hilabeteetako gatazka oraintxe amaitu dute—, eta Emakumeok borrokaren lehen lerroradokumentala eman zuten, Bulebarrean jarritako karpan; arratsaldean, Onintza Iruretak Berdea da more berria liburua aurkeztu zuen. Gaur ere egun osoko egitaraua prestatu dute; besteak beste, Miriam Herbonek Sindikalismo feministatik ahalduntzen hitzaldia emango du, eta bertso saioa izango dute. Gainera, herri gosaria, bazkaria eta afaria antolatu dituzte. Bihar emango diote amaiera kanpaldiari; 18:30ean manifestazioa egingo dute, Donostiako Parte Zaharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.