Xabier Pierrugues. Gipuzkoako Senideak elkartea

«Usu langileek ez dute astirik izaten egoiliarrei galdetzeko: 'Zer duzu?'»

Elkarte bat antolatzen ari dira Gipuzkoako zahar etxeetan senitartekoak dituzten hainbat pertsona: 80 bat familia. Kezkatuta daude egoitzetako arretan sarri ikusten dituzten gabeziekin, eta aldaketak nahi dituzte.

arantxa iraola
Donostia
2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Xabier Pierruguesen (Gasteiz, 1975) amak 85 urte ditu, Donostiako zaharren egoitza batean bizi da, eta haren inguruan ardazten dituzte etxekoek eguneroko ibilera asko: «Ilunabar guztietan joaten gara ama ikustera, txandaka». Maiz hutsuneak ikusten dituzte hark jasotzen duen artan, eta hilabete batzuk badira antzeko kezkak dituzten beste senide hainbatekin batzen ari direla. Bide hori indartu nahian, elkarte gisara antolatzeko ahaleginetan ere ari dira, paper kontuak lotzen. 80 familia inguru dira: Gipuzkoako Senideak izena hautatu dute. Orain herrialdean zaharren etxeetako langileak egiten ari diren grebek —urtebete pasatxo daramate mobilizazioetan— arazoaren gaineko ezinegona handitu dutela onartu arren, gero ere lanean jarraitu nahi dute: arta hobea xede.

Zein kezka nagusi dituzue?

Janariaren harira, esate baterako, kexa ugari izaten dira. Zenbait egoitzatan, kaxkarra da. Egoitzako sukaldean bertan otorduak prestatzen dituzten zentroak badira, eta, horietan, oro har, ona izaten da janaria; baina zenbait tokitan atzeraka eragiten du. Ez da erraza, hala ere, kexa egingo duten familiak aurkitzea. Askok uste dute nabarmentzen badiraondorio txarrak ekar ditzakeela horrek egoitzan duten senitartekoarentzat. Isiltzera egiten dute.

Janariaz aritu zara. Zer gehiago?

Zenbaitetan utzi egiten zaio adinekoak dutxatzeari, azkazalak oso noizean behin mozten dizkiete, edota pixohialak ez dira behar adinako maiztasunarekin aldatzen... Badira senitartekoak bisitan joan eta egoiliarra pixa eginda aurkitu izan dutenak: busti-busti. Arta jasotzeko pertsona asko daude, eta lanerako, berriz, pertsona gutxi: horren ondorioa izaten da sarri askotan. Arazo horiek, batez ere, nabarmenak izaten dira mendekotasunak dituzten pertsonen artean.

Langile gutxi daudela diozu. Ezinean ikusten dituzue?

Gipuzkoako Diputazioak esaten du ezarritako langile ratioak betetzen direla, baina guretzat ez dira aski. Langileek ez dute astirik; ez ja unean bertan egoiliarrei pixohiala luzatu gabe aldatzeko. Areago doa; usu ez dute astirik izaten egoiliarrekin egoteko. Niri jazo izan zait, adibidez, amarengana joan, eta han andre bat negarrez ikustea; langileek ez dute astirik sorbaldatik heldu eta galdetzeko: «Zer duzu?».

Eta maiz oso egoera kalteberetan dauden egoiliarrak dira, aparteko arta behar dute...

Bai, hori da. Programak-eta badituzte... Baina ez dira ahalegintzen bereziki horietan. Esaterako, memoria lantzeko tailerrak badira, baina gure amak, adibidez, egun txarra izaten duenetan, ez du joan nahi izaten. Eta zergatik izaten du askotan egun txarra? Bada, goizean jasotzen duen artaren araberakoa izaten da hori maiz. Goizetan, sarritan, komuneko buelta egiteko gogoz egoten da gure ama, baina ezin du ohetik bakarrik jaiki, eta laguntzailearen zain egon behar du. Aldiz, erantzun izan diote ezin dutela une horretan komunera eraman.Halakoek egun osorako arrastoa uzten diote.

Gipuzkoako langileen greba zer neurritan da arazo iturri?

Bestela ere badira arazoak. Gure asmoa da arreta hobea eskatzea beti: langileen protestez harago. Grebek, hori bai, areagotu dituzte arazoak: agerikoagoak dira orain.

Egongo dira senitartekoen bisita gutxi izaten dituzten egoiliarrak, edo familiarik ere ez dutenak... Kalteberagoak dira, noski.

Pena da. Egoiliarrei sarri gertatzen zaie kexu direla baina ez dakitela ongi esplikatzen zer sentitzen duten: non duten min. Beroa eta hotza duten adierazteko ere lanak dituzte usu. Gure ama, adibidez, maiz izerditan egoten da; txaketa arin bat jartzen diogu sarri gainean, eta esaten diogu: «Ama, jangelara zoazenean, kendu». Baina ahantzi egiten zaio... Gero alde egiten dugu, eta, noski, ama aurpegi txarrarekin. «Ama, zer duzu?». Eta maiz aski da lepoan daraman zapia pixka bat askatzearekin bere onera ekartzeko... Aurpegia ere aldatu egiten zaio. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da egoiliarrari ezagutzea, eta usu langileek ez dute astirik horretarako. Edota gertatzen da langile berriak etortzen direnean, praktikaldietan-eta, ez dietela behar bezala azaltzen haien lana zein den. Hala ere, oro har, pozik gaude lantaldeekin. Asko baloratzen dugu haien lana. Ez da fisikoa, psikikoa ere bada, eta nik ikusi izan ditut langileak denera behar bezala iritsi ezinean, eta negarrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.