Sarek 216 herritan eskatuko du urruntze politika deuseztatzeko

Urruntze politika amaitzea ez ezik, gradu progresioei bide ematea ere galdegingo dute

Sareren agerraldia atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2020ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Sarek urtero Bilbon eta Baionan egiten dituen mobilizazio handiak Euskal Herriko beste 214 herritara ere zabalduko ditu aurten. Plataformak azaroan hartu zuen bi mobilizazio jendetsuak saihesteko erabakia, pandemia dela eta; alta, atzo Bilbon egindako agerraldi batean jakinarazi zuen guztira Euskal Herriko 216 herritan izango direla protestak. Hori horrela, urtarrilaren 9an mobilizatzeko deia egin du, herri guztietan aldarri berarekin: Bidea gara lelopean, urruntze politika amaitzea eta euskal presoei gradu progresiorako modua ematea eskatuko dute.

Bego Atxa Sareko bozeramaileak azaldu du askotariko protesta moldeak erabiliko dituztela urtarrilaren 9an, 17:30etik aurrera: giza kateak, mosaikoak, manifestazioak, ekitaldi musikatuak... Halere, protesta bateratua egingo dute denetan: Argiztatutako bidea izenpean, telefonoen argiak pizteko deia zabalduko diete herritarrei, eta plataformak horren argazkiak herriz herri zabalduko ditu sare sozialetan. Horren ostean izango da irakurketa, herri guztietan bera, plataformak azaldutakoaren arabera.

Egun horretan bertan, protesten aurretik, Bilboko Euskaldunan bilduko dira alor sindikal, sozial eta politikoko ordezkari nagusiak, «agertutako adostasunak eta elkarbizitzaren alde egindako urratsak» azpimarratzeko eta «bidea batera egiten jarraitzeko» mezua luzatzeko, Atxak berretsi duenez. Sareren iritziz, gizartearengandik jasotako «aktibazio eta aldaketa nahia» bezain garrantzitsua da sindikalismoan, arlo politikoan edota instituzionalean adostasunak lortzea. Gehitu du «ordezkaritza zabala» biltzeko asmoa duela Bilbon; izan ere, haren ustez, gizarteko sektore horiek guztiak konponbiderako «giltzarri» dira.

Hala ere, Sarek nabarmendu du mobilizazioak herriz herri egingo dituztela: «Anitzak izango dira, aniztasuna ez baita falta izaten sekula urtarrileko mobilizazioan».

«Benetako» pauso eske

Aldarria, berriz, bateratua izango da herri guztietan. Urruntze politika «behingoz» amaitzeko eskatuko du Sarek, aldaketa batzuk egin badira ere oraindik «benetako hauturik» egin ez dela iritzita. Bestalde, euskal presoei «sistematikoki ukatu izan zaien» gradu progresioari bide ematea ere galdegingo du, Euskal Herrira bueltatu ahal izateko ezinbestekoa dela argudiatuz; izan ere, gogorarazi du oraindik 107 euskal preso daudela lehen graduan, gainontzekoetan baino neurri zorrotzagoekin. Sarek salatu du preso horien eskubide ugari «murrizten» dituztela kartzelan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.