Herrera de la Mancha, euskal presorik gabe

Kartzela horretako azken euskal presoa hurbildu egin dute. Bertze hiru hurbilketa iragarri ditu Madrilek. Puerto I ere, laster hutsik

Euskal presoen alde Herrera de la Manchara egindako martxa bat, 2016an. MARIANO CIEZA MORENO / EFE.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Tokitan gelditu dira 1980ko hamarkadaren bukaeran eta 1990ekoaren hasieran euskal presoen alde Herrera de la Manchara (Espainia, 640 kilometro) egiten zituzten ibilaldiak, eta ez denboraren joanarengatik soilik: hurbilketa eta Euskal Herriratzeen ondorioz, jada ez dago euskal presorik lehen anitzen bizileku izandako kartzela horretan. Jon Mirena San Pedro Blanco izan da han eduki duten azken euskal presoa, eta, Etxerat-ek atzo jakinarazi zuenez, Dueñaseko kartzelara hurbildu dute egunotan(Espainia, 310 kilometro).

Euskal presoen senideen elkarteak jakinarazi duenez, San Pedroz gain bertze sei euskal preso mugitu dituzte asteon helmugako kartzelara —Espainiako Espetxe Erakundeek lehendik iragarria zuten mugituko zituztela—. Atzo, berriz, bertze hiru euskal preso hurbilduko zituztela iragarri zuen Madrilek: Fernando Elejalde Tapia Puerto I-etik (Espainia, 1.020 kilometro) Mansillara mugituko dute (Espainia, 370 kilometro); Iñigo Vallejo Franco, Dueñasetik Duesora (Espainia, 170 kilometro); eta Garikoitz Etxeberria Goikoetxea, berriz, Sevilla II-tik (Espainia, 990 kilometro) Dueñasera. Elejalde zen Puerto I-eko espetxean zegoen azken euskal presoa, eta, beraz, hura mugituta, laster euskal presorik gabe geldituko da kartzela hori ere. Senide batzuek Cadizera bidaiatu beharko dute oraindik, halere: izan ere, Puerto III espetxean bederatzi euskal preso dauzkate oraino.

Presoen %60, hurbil

Dagoeneko 131 euskal preso daude Euskal Herritik 300 kilometro ingurura edo gutxiagora: hau da, euskal presoen %60 —217 euskal preso dira guztira—.

Etxerat-ek atzo jakinarazi zuenez, bertzalde, hauek dira San Pedroz gain asteon helmugako kartzelara eraman dituztenak: Juan Carlos Subijana Izquierdo, Basaurira (Bizkaia); Josune Arriaga Martinez, Iruñera; Ainhoa Barbarin Iurrebaso, Zaballara (Araba); Iñaki Etxeberria Martin, Duesora; Arkaitz Goikoetxea Basabe, Logroñora (Espainia, 170 kilometro); eta Gorka Palacios Aldai, Estremerara (520 kilometro).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.