Koronabirusa. Alfonso Sierra. Nagusiak taldeko diruzaina

«Inolako zalantzarik gabe, bazter utzi dute adineko jendea»

Izurriak berekin ekarri du aurrez aurreko arreta gutxitzea alor askotan, eta hori adineko askorentzat traba dela salatu dute Bizkaiko 31 elkartek. Bide telematikoak nagusitu dira txertatze kanpainetan ere, eta kexu dira.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Bizkaiko nagusien eta erretiratuen 31 elkartek adierazpen bat sinatu berri dute, administrazioei zuzenduta, arrakala digitala salatzeko. Arrakala eta bazterketa digitalaren aurrean adinekoen eta kalteberen adierazpena izena jarri diote; aurrez aurreko arreta indartzeko eta aurretik hartutako orduaren beharra mugatzeko eskatu diete, besteak beste, agintariei. Nagusiak da sinatu duten elkarteetako bat; hango diruzaina da Alfonso Sierra (Bilbo, 1943).

Arrakala digitala salatzeko agiria sinatu duzue. Arazo bat dagoela ikusi duzue?

Kontua oso argia da. Duela zenbait hilabetetik hona ikusi dugu zerbitzu publiko zein pribatuetan aurrez aurreko arretako langile kopurua urritu dutela, eta horren kaltea jende nagusiak ordaintzen dugu. Izan ere, bulegoek, COVID-19aren aitzakiarekin, langileak murriztu dituzte: hiru langile zeuden bulegoetan bakarra dago orain. Bada, imajinatu zelako ilarak sortzen diren! Telefonoz ere eman diezakigute arreta, bai; baina adineko jendeak maiz arazoak ditu hitzorduak telefono bidez hartzeko. Administrazioei zuzendu gatzaizkie, legez derrigortuta baitaude herritarroi erantzutera.Gu kontuan hartu gaitzaten nahi dugu. Izan ere, gizarte osoaren egoera hobetzearen alde egin behar dute agintariek: azken finean, adinekoek arreta ona jasotzen badute, gizarte osoak ere jasoko du.

Zuen elkartean kexarik jaso duzue gai honen inguruan?

Nagusiak taldeak adineko jendearen elkarteekin egiten du lan, eta beraien kexa ugari jaso ditugu: esaterako, kalean jende ilarak egoten direla banketxeetatik dirua ateratzeko. Hori, sektore pribatuari dagokionez. Doilorkeria hutsa iruditzen zaigu ordaintzen dugun zerbitzu batengatik kalean hotza pasatzen egon beharra. Baina sektore publikoan, antzera. Telefono bidez eskatu behar dugu maiz ordua, gehienetan okupatuta dagoen telefono batera deituz, hain zuzen. Ezdago eskubiderik ordua eskatzeko hainbat aldiz deitu behar izana. Dena telefonoz egin behar da, baina lineak bete egiten dira eta ezin dezakegu ezer egin. Batzuetan erantzungailu automatikoak ere egoten dira, baina 80 urteko jendea askotan nahiko urduri jartzen da deitu behar izatearekin, zeresanik ez pantailan zenbakiak zapaltzen aritu behar badute. Interneta da horretarako irtenbidea, baina badago jendea ez duena gaitasunik horretarako; bere adinarengatik, edota trebakuntzarik ez duelako.

Azkenaldian kexa ugari egon dira txertaketa kanpainetan ordua hartzeko erekin...

Bai, haserrea egon badago. Zenbait artikulu irakurri ditugu, esanez telefonoarekin gaitasunik ez daukatenek senideei eskatu behar dietela laguntza. Baina horrek ez luke horrela behar; ez dugu zertan inori faboreak eskatzen ibili behar. Gainera, batzuek ez dituzte senideak inguruan. Nik SMS bat jaso nuen Internet bidez ordua eskatu nezan abisatzeko. Hau akabua da! 80 urteko norbaitek Internet bidez ordua eskatzeko txanda jasotzea gehiegizkoa da. Mezu horri erantzun ez diotenen kasuan, ez dakit nola egingo duten gero, ez dute azalpenik eman. Esango balute mezuari erantzuten ez badiogu deituko digutela, gaitzerdi! Baina ez da horrela. Kasu horretan, pentsatzen dut bigarrenez irakurriko dutela zerrenda, atzean geratu direnak berriz kontuan hartzeko. Baina, hasteko, apirilean txertatu beharrean beharbada ekainean edo uztailean tokatuko zaie; eta hain justu, arrisku handiena duten pertsonak direla diote aditu guztiek. Inolako zalantzarik gabe, bazter utzi dute adineko jendea.

Zuen eskaera aurrez aurreko zerbitzuak indartzea da...

Hori da. Zerbitzuak indartzea behar dugu medikuntzan, erakunde ofizialetako zerbitzuetan, eta beste guztietan. Aurrez aurreko arreta indartu behar dute, ilararik egon ez dadin. Baina ez hori bakarrik, telefono bidezkoa ere indartu dezaten nahi dugu, ordua behin deituta eman diezaguten, zain egoteko beharrik barik. Eta erantzunik jasotzen ez badugu, edo jasotakoa ez bada esperotakoa, jarraituko dugu agiriak eta prentsa oharrak idazten. Eta besterik ez badago, manifestazioak deitzea ere ez dugu baztertzen, egoera pixka bat hobetu arte itxaron beharko bagenuke ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.