Adingabe izanik heldutako etorkinei agiriak erraztu nahi dizkie Madrilek

Jaurlaritzak ontzat jo ditu Espainiako Gobernuak atzerritarren araudian egin nahi dituen aldaketak

Gazte migrante bat, Irungo (Gipuzkoa) harrera zentroan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantza, Inklusio eta Migrazio Ministerioak legealdi honetan hartuko duen neurri nabarmenetariko bat aurkeztu du: atzerritarren araudi berriaren zirriborroa. Haren bitartez, batez ere migratzaile gazteen egoeran eragin nahi du: adingabe izanda iritsi diren etorkinei agiriak lortzeko izapideak eta baldintzak arindu nahi dizkie, eta lan egiteko modua ere erraztu nahi die.

Azken urteetan ehunka etorkin adingabe iritsi dira Espainiako hegoaldera, eta horietako asko, Hego Euskal Herrira; 18 urtez azpikoak izanik, administrazio publikoen tutoretzapean geratzen dira, baina 18 urte betetzen dituztenentzat baliabide publiko nabarmen gutxiago dago, eta asko kalean geratzen dira. Izan ere, egun, paperak lortzeko edo berritzeko, baldintza ia beteezinak eskatzen dizkiete 18 urte betetzean. Besteak beste, hileko 2.000 euroko diru sarrera propio bat izatea jartzen zaie baldintza gisa, eta, hori betetzen dutenetan ere, eskaintzen zaien bizileku baimenak ez die lanik egiten uzten.

Horiek horrela, aldaketaren helburu nagusia da gazte horien egoitza eta lan baimenak lortzeko baldintzak arintzea, ministerioaren ustetan, egungo trabak murrizteak «irregulartasuna eta marjinaltasuna» eragotziko dituelako, eta lanean hasteko aukerak areagotuko dizkielako. Baimenak lortzeko epeak azkartzeaz gain, beren dokumentuak bost urtean behin berritu ahal izango dituzte araudi berriarekin, eta ez urtero, orain arte bezala. Halaber, 16 urtetik aurrera lanean hasteko aukera ere onartuko zaie.

Bakarrik dauden etorkin adingabeei edo adingabe izanik iritsi ziren adindunei eragingo lieke neurriak, baina ikusteko dago onartuko duten. Izan ere, Migrazio eta Barne Ministerioak apiriletik ari dira negoziatzen, azken horrek ez baititu begi onez ikustenaraudi berriak ekar ditzakeen ondorioak. Hain zuzen, Barne Ministerioaren iritziz, aldaketek Afrikako milioika gazterentzako eta migraziotik etekina ateratzen saiatzen diren mafientzako «pizgarriak» izan daitezke, eta Europako Batsuneko hainbat estaturen «haserrea» ere eragin dezake.

Jaurlaritza, aldaketaren alde

Eusko Jaurlaritzak, ordea, oniritzia eman dio Migrazio Ministerioak atzerritarren araudia eguneratzeko aurkeztu duen zirriborroari. Hain zuzen, Jaurlaritzaren Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak «egokitzat» jo du dokumentua, berak eginiko proposamenak kontuan hartzeaz gain, «atzerritarren eskubideak eta askatasunak errespetatzeko eta haien gizarteratzea bultzatzeko» balioko duelakoan. «Behin betiko testua iritsi artean, balorazioa ona da. Ez da denborarik galdu behar. Atzerritarren egungo araudiak gizarte bazterkeriako egoerara eraman ditu ehunka gazte, eta lehenbailehen atera nahi dute hortik», adierazi du Xabier Legarreta Migrazio eta Asiloko zuzendariak.

Jaurlaritza argi agertu da seniderik gabeko adingabe atzerritarren «dokumentazioa eragozten duten oztopoak desagerraraztearen» alde, eta erantsi du «adin nagusitasunera iristen direnerako bizileku erregimen propio bat diseinatzea» ere premiazkoa dela. Alde horretatik, Jaurlaritzak goraipatu egin du Espainiako Migrazio Ministerioak bizileku baimenak lortzeko betekizun bideragarriagoak ezartzea proposatu izana: «Epeak murrizteko, baimenen indarraldia luzatzeko eta ezarritako eskakizun ekonomikoak murrizteko balioko du». Legarretak berretsi duenez, atzerritarren araudia aldatzea «urrats handia» izango da: «Eragin positiboa izango baitu bakarrik iristen diren haur horien bizitzan eta lan aukera bat eskaini nahi dieten enpresetan».

Bestalde, adingabe horien arretan lan egiten duten elkarte ugarik Espainiako Gobernuari eskatu diote arauaren onarpena arintzeko, eta kanpaina bat abiatu dute sareetan. Tartean daude SOS Arrazakeria, Harrera Sarea, CEAR Euskadi eta Save the Children.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.