Sindikatuek eta Osasun Sailak elkarri bizkar emanda segitzen dute

Biltzeko deialdiek porrot egin dute. Sindikatuak prest agertu dira mobilizazioei berriro ekiteko

gotzon hermosilla
2022ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzako sindikatuen arteko xextrak bere horretan dirau. Atzo, sindikatuek ez zuten parte hartu sailak deitutako Mahai Sektorialaren bileran, eta beste deialdi bat egin zuten, Lan Harremanen Kontseiluan «hutsetik» negoziatzen hasteko, baina bilkura horretara ez zen joan Osakidetzako zuzendaritzako ordezkaririk. Hori ikusita, «negoziatzeko eta arazoei heltzeko borondaterik» ez izatea leporatu diote sindikatuek zuzendaritzari, eta ohartarazi dute mobilizazioei ekingo dietela berriro aldaketarik egon ezean.

ELA, LAB, SATSE, CCOO eta UGT sindikatuek gogora ekarri dituzte azken asteetan egindako greba eta mobilizazioak. «Horren aurrean, Osasun Sailaren erantzuna da normaltasun itxurak egitea, eta errealitatea propaganda ekitaldiekin estaltzen saiatzea», erantsi dute.

Sindikatuen ustez, Mahai Sektoriala ez da esparru egokia negoziazio bati ekiteko, «edukirik ez duelako eta sailak berak galbidera eraman duelako azken urteetan izan duen jarrerarekin». Esan dutenez, mahai horrek «informazioa» ematea du helburu bakar, gai zerrenda aldez aurretik ezarrita dago, eta sindikatuen proposamenak ez dira aintzat hartzen. Horregatik proposatu dute Lan Harremanen Kontseiluan beste elkarrizketa sorta bat abian jartzea, baina Osasun Sailak ez dio erantzun deialdiari.

«Osasun Saila negoziazioa atzeratzen ari da», esan dute sindikatuek, «eta, horrekin batera, irtenbideak ere bai, baina langileek eta herritarrek ezin dute gehiago itxaron».

Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, berriz, deitoratu egin du sindikatuak Mahai Sektorialera joan ez izana, han «munta handiko gaien inguruan» eztabaidatu behar zutelako; adibidez, Osakidetzaren lan eskaintza publikoari buruzko gorabeherak. Haren iritziz, Lan Harremanen Kontseiluan negoziatzeko proposamena «nahasmena sortzeko estrategia» baino ez da.

Basurtuko erietxea

Hori ez da Osasun Sailak duen gatazka bakarra. Basurtuko ospitaleko langileak (Bilbo) legebiltzarrean egon dira, eta talde parlamentarioekin bilerak egin dituzte «kezka» azaltzeko, erietxe horretako bihotzeko kirurgia zerbitzua bertan behera utzi nahi dutela eta.

Basurtuko langileek salatu dute erabakia «profesionalekin kontrastatu gabe» hartu dutela Osasun Sailak eta Osakidetzako zuzendaritzak, eta beldur dira erabaki horrek ez ote dien eragingo kardiologia zerbitzuari eta beste zerbitzu batzuei. «Erabaki honekin, Basurtuko ospitaleak balioa galduko du, eta kaltegarria izango da pazienteentzat», azaldu dute.

Osasun Bidasoa plataformak ere elkarretaratzea egin du Gipuzkoako Batzar Nagusietako egoitzaren aurrean, eta aukera baliatu du eskaera bat egiteko EAJri eta PSE-EEri: Bidasoko ospitaleko bloke kirurgikoa berriztatzeko lanak bertan behera utz ditzatela, eskualdeko eragile guztiekin mahai bat osatu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.