Klima larrialdia eta migrazioa, txanpon beraren bi aurpegi

Klima larrialdiak eragindako migrazio krisia izan dute hizpide 'Bizitza jokoan' EHUko ikastaroan. Raquel Celis Zeharreko kidearen arabera, «eredu kapitalista» jarri behar da auzitan.

Celis, atzo Miramarren eman zuen hitzaldian. JON URBE / FOKU.
jone arruabarrena
Donostia
2022ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
«Migrazioak eta desplazamenduak ez dira klima aldaketaren ondorioz gertatzen; garapen eredu kapitalistaren ondorio dira». Horrela mintzatu zen atzo Raquel Celis Zehar batzordeko kidea Donostiako Miramar jauregian, Bizitza jokoan...klima krisia edo zibilizazio krisia? EHUko udako ikastaroan bildu ziren dozenaka pertsonen aurrean.

Migrazioaren eta klima larrialdiaren arteko loturaren gaineko analisi berri bat proposatzen duen korrontea defendatzen du Celisek. Haren arabera, migrazioaz eta klima larrialdiaz hitz egiteaz gainera, «eredu kapitalista» zalantzan jarri behar da: «Kolapso ekosoziala ez da soilik klima krisia. Erantzukizun kolektiboa daukagu kolapso horretan, baina guztiok ez daukagu eragin bera».

Azaldu zuenez, norbanakoen ohituretan jartzen da arreta klima larrialdiaz aritzean, baina multinazionalek eta instituzioek hartutako «erabaki kontzienteen ondorioz» iritsi da planeta gaur egungo egoerara, Celisen ustez.

«1988. urtean IPCCKlima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldea sortu zenetik, erregistratu da industriak egindako karbono emisioen erdiak baino gehiago 25 enpresa eta estatuen jabetzako entitateen artean egiten dituztela». Era berean, esan zuen berotegi gasen %70 multinazional handiek isurtzen dituztela, eta, horregatik, eragile guztiek ez dutela eragin bera klima larrialdian: «Alde handia dago klase sozial bakoitzak isurtzen dituen kantitateen artean, baita herrialde batek eta besteak isurtzen dutenaren artean ere».

Finantza sektoreko bi enpresa handiren adibidea eman zuen Celisek: «BBVA eta Santander bankuek, esaterako, gehien kutsatzen duten enpresak finantzatzen dituzte, baina, era berean, klima trantsizioaren lider bezala aurkezten dute beren burua». Azaldu zuenez, horrek banku handiei ahalbidetu die «onura ekonomiko handia» ateratzea trantsizio ekologikotik: «Nazio Batuen Erakundeak klima larrialdiari aurre egiteko goi bilera bat antolatzen duen bakoitzean, hedabide handiek Iberdrolaren edo BBVAren iragarki batekin zabaltzen dute albistegia, eta, paradoxikoki, haiek dira larrialdiaren eragile nagusietako batzuk».

COP26ko azken goi bileraren adibidea ekarri zuen gogora Celisek. Haren hitzetan, bilera horretan «erregaien lobbyaren ordezkariak» ziren gehienak, klima larrialdiak gehien eragiten dien herrialdeetako ordezkariak baino gehiago.

Ekoitzi edo erauzi

Munduaren hegoaldeko herrialdeei enpresa handi horiek egiten dieten kalteaz ere aritu zen Celis, eta galdera bat bota zuen: «Zergatik esaten dugu ondasun naturalak ekoizten ari garela, beste herrialde batzuei mugatuak diren baliabideak erauzten bagabiltza?». Azaldu zuen enpresak herrialde horietan «modu bortitzean» ezarri ohi zirela, eta tokiko biztanleak «bota» ohi dituztela, hainbat estrategia erabiliz: «Hego Amerikan, herri osoak daude palma laborez inguratuta. Labore hori oso inbasiboa da, eta lurra ezin da berriro erabili hura landatu ondoren. Herri horiek baliabide naturalik gabe uzten dituzte, eta bertako biztanleek beren burua derrigortuta ikusten dute alde egitera».

Halako praktikek giza eskubideak urratzen dituztela salatu zuen: «Errefuxiatu bat ez da soilik arrazoi politikoengatik edo gerragatik alde egiten duena. Edateko ura kentzen badizute, non dago zure osasunerako eskubidea?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.