Euskal presoen gradu progresioen bi hereni helegitea jarri die fiskalak

Sare Herritarrak «prebarikaziozko jarrera» izatea leporatu dio Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari

Sare Herritarreko bozeramaileak, atzo, Gasteizen egindako prentsaurrekoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Sare Herritarrak adierazi du 2022an «urrats garrantzitsuak» egin direla euskal presoen egoerari dagokionez, baina gogoratu du oraindik ere «salbuespenezko espetxe politika» jasaten dutela. Plataformak azaldu du lanean ari direla urtea amaitu aurretik urruntze politika behin betiko desagertu dadin, eta pausoak eskatu ditu gradu progresioei ezartzen dizkieten «oztopoak» eragozteko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak emandako gradu progresioen bi hereni errekurtsoa jarri die fiskaltzak. Mobilizatzeko deia ere egin dute: abenduaren 10ean, Durangon, Etxerako bidean oztoporik ez! Gradu erregresiorik ez! lelopean.

Sareren arabera, 110 euskal presok (EPPK-ko kideen %64) zigorraren erdia betea dute; beraz, hirugarren gradua eskuratzeko moduan leudeke. Hala, gradu progresioen aldeko txosten teknikoak dauden kasuetan, aldaketak babesteko eskatu du, argudiatuta «salbuespenezko espetxe politikarik» ezarri ez balitzaie horiek guztiak baldintzapean aske egongo liratekeela «seguruenik»: «Pribilegiorik ez, baina mendekuzko jarreretan oinarritutako salbuespenak ezta ere».

Argudio gisa, Espainiako Espetxeen Lege Organiko Orokorreko 72.3 eta 72.4 artikuluak aipatu ditu. Izan ere, haien arabera, ez da presorik mantendu behar bigarren graduan hirugarrenean egon badaiteke. «Espetxe Administrazioak badaki euskal preso horietako batek ere ez duela erabiliko erdi askatasuna delituak egiteko edo ihes egiteko», azaldu du.

Errealitatea, baina, bestelakoa da. Sareren datuen arabera, 2022ko otsailetik hona 32 presok jaso dute hirugarren gradura aldatzeko baimena, eta zenbaitek horma bat topatu dute Madrilen. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak zenbait errekurtso aurkeztu ditu, horiek atzera botatzeko. Sei kasutan —azkena, herenegun—, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak harekin bat egin du, eta bigarren gradura itzuli dira presoak. Beste lautan, gradu progresioaren alde egin du epaitegi hark. Era berean, 11 preso ebazpenaren zain daude.

Gradu progresioen aurka egiteko, fiskaltzak behin eta berriz argudiatu du euskal presoek ez dutela damurik adierazi, ez dietela biktimei barkamena eskatu eta ez diotela justiziari lagundu. Sareren ustez, ordea, argudio horiekin «gutxietsi» eta «mespretxatu» egiten dituzte presoek «eragindako kaltea aitortzeko» aurkeztu dituzten idazkiak.

Fiskaltzak erabilitako beste zenbait argudioren berri ere eman du plataformak. Besteak beste, presoei zigorra betetzeko «oraindik denbora asko» falta zaiela adierazi izan du, eta, zenbait kasutan, aurrez ez dituztela espetxe baimenak jaso. Argudio horri dagokionez, Sare Herritarrak gogoratu du aurrez espetxe baimenak izatea gomendio bat dela, eta nabarmendu du fiskaltza dela haiek eskuratzea «boikotatzen» duena, «sistematikoki» baimenen aurka eginda.

«Muturreraino eraman dituzte beren prebarikaziozko jarrera judizialak, eta errekurtsoetan argudiatzen dute preso hauek ez dutela ETA erakundearekiko lotura hautsi», adierazi du Sarek fiskaltzaren jarreraz. Gogoratu du erakunde armatuak duela 11 urte utzi zituela armak, «ultraeskuin politiko eta judiziala etengabe bestelakoak argudiatzen ari bada ere». Izan ere, plataformak uste du fiskaltza «ultraeskuin politikoaren arma juridikoa» bihurtu dela.

Hori ikusita, bi bide lantzeko beharra adierazi du. Batetik, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berriz onartzeko Madrildik ukatu diren hirugarren graduak. Bestetik, 5/2003 lege organikoa aldatzeko exijitu du, tokian tokiko espetxe zaintzako epaitegiek hartu ditzaten baimenen eta gradu progresioen inguruko erabakiak.

Hemeretzi, urrun

Zenbait hilabetetako geldiunearen ostean, Sarek uste du uztailetik aurrera «aurrerapen handia» egin dela presoak Euskal Herriratzeko prozesuan. Uneotan EPPKko hemeretzi kide daude Espainiako kartzeletan preso —beste hamabi daude Frantziako espetxeetan—, eta horietatik bost Euskal Herriratuko dituztela iragarri zuen Espainiako Barne Ministerioak aurreko astean.

«Cadizen ETAko 190 preso izango bagenitu, legea urratuko genuke», esan zuen duela gutxi Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak, eta hitz horiek erabili ditu Sarek Madrilen espetxe politikaren aurka egiteko. «Argi baduzue urruntze politikak legea urratzea dakarrela, zergatik eutsi diozue 30 urte luzez?», galdetu dute plataformako kideek. Are gehiago, larritzat jo dute, legearen kontrakotzat jota ere, oraindik «mendekuan oinarritutako espetxe politikari» eustea.

Egoera kontuan izanda, Sarek adierazi duenez, «astiro bada ere» helburuak betetzen ari dira espetxe politika arrunta aplikatzeko bidean. Hala, mobilizatzen jarraitzeko deia egin du: «Haiek konfrontazioren alde egin dute; guk bizikidetza defendatzen jarraituko dugu».

Hurrengo topaketa handia urtarrilaren 7an izango da, Bilbon. Herritarrei bertan parte hartzeko deia egin die Sarek, ez dezaten isiltasuna bi hamarkada preso daramatzatenen «sufrimendua luzatzeko» erabili: «Giza eskubideen defentsa guztion ardura da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.