Albistea entzun

Mireia Saiz. Argitan-eko kidea

«Indarkeria matxista normalizatzeko joera geroz eta nabariagoa da»

Barakaldoko Argitan elkarteak manifestazio batera deitu du gaurko, indarkeria matxistaren gorakada salatzeko. Izan ere, urtea hasi zenetik jada hiru eraso matxista salatu dituzte herri horretan.
MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Arruabarrena -

2022ko urtarrilak 14

Urtea hasi zenetik, hiru eraso matxista salatu dituzte Barakaldon (Bizkaia). Ohiko elkarretaratzeak egin dituzte erasoak salatzeko, baina «indarkeria matxistaren olatua» datorrela ikusita, Argitan elkarteak manifestazio batera deitu du gaurko. 19:30ean abiatuko dira, Herriko Plazatik. Mireia Saiz (Barakaldo, Bizkaia, 1983) elkarteko kidea da, eta olatu horri «irmo» erantzun behar zaiola adierazi du.

Manifestaziora deitu duzue, erantzun irmoago bat emateko asmoz. Nolakoa da egoera Barakaldon?

Barakaldon, eta orokorrean eskualde guztian, eraso matxisten hazkunde argi bat egon dela ikusi dugu. Egoeraren larritasuna ikusita, orain arte egin dugunaz gain beste zerbait egin behar dela uste dugu, eta hortik abiatuta sortu da manifestazioaren ideia. Gu kolektibo feminista bat izanik, garrantzi handia ematen diogu kalera ateratzen jarraitzeari, eta ozen oihukatzeari, erantzun irmo bat emateko eta bortizkeria matxistaren inguruan kontzientzia bat sortzen jarraitzeko. Indarkeria hau ezin da normalizatu; gizarte moduan daukagun egiturazko arazo bat da, eta horrela hartu behar dugu.

Uste duzu indarkeria hutsaltzen ari dela?

Nire ustez, argi dago bortizkeria normalizatzeko joera gero eta nabariagoa dela. Indarkeria matxistako kasuak gertaera bakanak balira bezala hartzen dira, eta hori onartezina da. Indarkeria matxistak modu izugarrian erasotzen digu emakumeoi, eta horren aurrean ahalik eta modu gogorrenean erantzun behar dugu.

Ezkerraldean asko ugaritu dira azkenaldian erasoak. Argitan-en egiten duzuen analisiaren arabera, zerk eragin du erasoak horrenbeste ugaritzea?

Gure ustez, joera orokor bat da. Patriarkatuaren eta bizi garen sistemaren erreakzio bortitz bat bizitzen ari gara; feminismoaren aurka dauden erresistentziak dira. Erantzun horren eraginez sortu da biolentzia uholde hau. Alde batetik positiboa da, nabariagoa denez kontzientziazio eta ikusgaitasun handiagoa lortzen delako. Hala ere, honek erronka handiagoak ere ekarri dizkigu: matxismo handia dago, eta gizartearen zati bat tematuta dago bortizkeria matxista existituko ez balitz bezala jokatzen eta feminismoari erasotzen. Mugimendu feministak egin dituen aurrerapausoen eraginez, erreakzio bortitz horiek dauzkagu, eta horiei ere aurre egin behar zaie.

Askotan salatu izan duzue udalaren jarrera. Oraingoan egon diren erasoen harira, Barakaldoko Udalak neurriren bat hartu du?

Bat ere ez. Aspalditik gabiltza udalaren jarrera salatzen: indarkeria matxista autopropagandarako tresna moduan erabiltzen du, baina, gero, ez ditu neurri eta baliabide errealak jartzen emakumeen aurkako indarkeria geldiarazteko. Ez da soilik erasoen aurrean daukan jarrerarengatik; ez daukate sentsibilitate feminista hori, ezta indarkeria jasan duten emakumeei laguntzeko behar den genero perspektibarik ere.

Zer kasutan nabaritu duzue udalak halako jarrera izan duela?

Aste honetan bertan, esaterako, indarkeria matxistaren biktima izan den emakume baten etxegabetzea salatzen ari gara. Urtarrilaren 29an etxetik botako dutela aurreikusten da, eta hori ere bada emakumeon aurkako bortizkeria. Eta honek beste edozein instituzio publikotarako balio dezake: denek egiten dituzte indarkeria matxista arbuiatzen duten adierazpenak, baina gero edukiz husten dituzte hitz horiek; publizitatea baino ez da.

Zer neurri aldarrikatuko dituzue manifestazioan?

Instituzio publikoetan kontzientzia feminista argi bat behar dugu. Baina, batez ere, berdintasunari lotutako politika publiko guztiak eraginkorrak eta benetakoak izatea nahi dugu, ez propaganda. Benetan laguntza behar duten emakumeak ikusten ditugu egunero, eta instituzioetan emakumeei laguntzeko zerbitzu sozialak behin eta berriz murriztu baino ez dituzte egiten. Horrek ondorio larriak ditu indarkeria matxista jasan duten edo orain ere jasaten ari diren emakumeetan.

Tuterako hilketa matxista ere salatuko duzue gaur.

Bai. Gure amorrua erakutsi nahi dugu; argi utzi eraso bakar bat ere ez dela erantzunik gabe geratuko. Hilketa matxista izozmendiaren gailurra da, baina gauza asko daude azpitik. Horregatik, askotan gutxiesten diren arren, eraso bakoitza salatu eta gaitzetsiko dugu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jokin Bildarratz Donostiako ikastetxe batean, ikasturte hasieran ©irekia

Eskola publikoetako zuzendariek baimena izango dute urtebetean eskolarik ez emateko

Irati Urdalleta Lete

Jaurlaritza ontzen ari den dekretu batean jaso dutenez, zortzi urte karguan egon ostean eskola publikoetako zuzendariek ez dute eskolarik eman beharrik izango urtebetean. Gainera, ikastetxean nahitaez egon beharreko ordutegia malgutuko diete, eta lehentasuna izango dute beste ikastetxe bat aukeratzeko.

Soraluzeko andrearen hilketa gaitzesteko elkarretaratzea, Elgoibarren. ©Jon Urbe, FOKU

Soraluzeko andrearen hilketa gaitzetsi dute dozenaka lagunek Elgoibarren

Julen Otaegi Leonet

Soraluzeko Udalak elkarretaratzera deitu du biharko, 19:00etarako.

COVID ziurtagiria, osalaritza negozio baten aurrean. ©Gorka Rubio / FOKU

COVID ziurtagiriaren luzatzea indargabetu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak

Iñaut Matauko Rada

Herritar batek inpugnatu zuen COVID ziurtagariaren luzatzeko modua eman zuen dekretua, oinarrizko eskubideen babesaren arrazoiagatik, eta auzitegiak onartu egin du eskubideak urratzen zituela, «arin» bada ere.

Istripua izan duten ibilgailuak, ezbeharra gertatu berritan, gaur, A-1 errepidean. ©@trafikoaejgv

A-1 errepidea moztu dute Gasteiz parean, hainbat ibilgailuren arteko istripu bat dela eta

Berria

Hamar lagun zauritu dira ezbeharrean, eta larri daude horietako bi.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...