AHTa Bilbon eta Gasteizen sartzeko lanak «arintzea» hitzartu dute

Bi hiriburuetan trenbidea lurperatzeko protokoloak sinatu dituzte. Finantzaketa ez dute zehaztu

Agintariak, atzo, protokoloak sinatzeko ekitaldian, Gasteizen. R.B. / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
AHT abiadura handiko trena Bilbon eta Gasteizen sartzeko protokoloak sinatu zituzten atzo Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, bi hiriburuetako udalek eta Arabako Foru Aldundiak, Gasteizen. Aurrez alde guztiek hitzez hartutako konpromisoak idatziz jaso dituzte dokumentuetan: hala nola bi hiriburuetan geltokiak lurperatzea eta lan horien kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku uztea. Agintari guztiek atzo nabarmendu zutenez, AHTa Bilbon eta Gasteizen lur azpitik sartzeko lanak «arintzeko» «urrats garrantzitsua» egingo dute akordioen bitartez.

Protokoloetan, baina, ez dute zehaztu obrak noiz amaituko diren. Raquel Sanchez Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda ministroa soilik ausartu zen gutxi gorabeherako data bat ematera:«2026. urtearen hondarrean edo 2027. aren hasieran». Obren kostua eta finantzaketa ere zehaztu gabe daude dokumentuan. «Gaur ez da horretaz hitz egiteko eguna», adierazi zuen Juan Mari Aburto Bilboko alkateak.

Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaritzan egin zuten bi protokoloak sinatzeko ekitaldia. Agintari guztiak pozarren agertu ziren. Arriolak «aurrerapauso garrantzitsutzat» jo zuen akordioa, eta Sanchezek erantsi zuen «egun garrantzitsua» dela «Euskadirentzat eta Espainiarentzat». Zuhurrago mintzatu ziren bi alkateak: urteetako «atzerapenen» ostean «hitzetatik ekintzetara» igarotzeko garaia dela ohartarazi zuten.

Protokoloak ofizialki jasotzen du bi hiriburuetara trena lur azpitik sartuko dela. Gasteizen, Pedro Asua kaletik Salburua bulebarreraino 3,61 kilometroko trenbidea lurperatuko da, eta bidaiarientzako zabalera estandarreko bi bide eta merkantzien trafikorako eta distantzia ertainerako bide bat eraikiko dira. Horrez gain, Dato kaleko lurpeko geltoki berria eta Arkautiko korapiloaren lanak kudeatuko ditu Jaurlaritzak. Halaber, protokoloak jasotzen duAHTaren Burgos-Gasteiz zatia eraikitzeko proiektuak apirila baino lehen lizitatuko dituztela.

Bilbori dagokionez, Basaurin behin-behineko geltokia egingo dute lurpeko azpiegitura eraiki bitartean. Bilboko zatia kudeatzeko, bi lantalde eratuko dituzte: bata Abandoko geltoki berrirako, eta bestea Basauriko behin-behineko geltokirako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.