Ibilgailuen azterketa teknikorako estazioak ugarituko ditu Jaurlaritzak

Bergarako estazioko jarduera zabalduko du aurrena; azpiegitura berrietan lehena, Zarautzen

Ibilgailuen azterketa teknikoa egiteko estazioa, Urnietan, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
arantxa elizegi egilegor
2019ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
IAT ibilgailuen azterketa teknikoa egiteko estazioetan arazoak izan dira azken hilabeteetan ordua hartzeko. Gipuzkoan, Urnietako eta Irungo zentroetan, hainbat hilabeteko tartearekin eman dituzte hitzorduak. Horrek eragin du jende askok Nafarroara jotzea eta hango estazioetan ere ilara luzeak sortzea. Hala, Eusko Jaurlaritzak zenbait neurri iragarri zituen atzo.

Berehalako neurriak hartuko dituzte Gipuzkoan eta Araban. Hasteko, laugarren lerroa zabalduko dute Bergarako IAT gunean, Urnietako eta Irungo zentroetatik datorren ezohiko lan zamari erantzuteko. Zarautzen, berriz, hiru lerroko behin-behineko gune bat zabalduko dute, eta aurrerago behin betikoa izango da. Gasteizen ere bi lerro gehiago jarriko dituzte Jundizko industrialdeko estazioan; egun, lau dira, eta seira zabaltzea da asmoa.

Horiez gain, estazio berri bat zabalduko dute Beasainen, Gipuzkoan, eta bi Bizkaian: Zallan eta Sopelan. Jaurlaritzako iturriek ohartarazi dute azken horiek abian jartzeko denbora gehiago beharko dutela.

Irungo eta Urnietako estazioetako jardunaren inguruko ikerketa bat ere zabalduko du Jaurlaritzak; izan ere, horietan ibilgailuen azterketa egiteko erabiltzen duten denbora behar baino gehiago luzatu den susmoa dute. Javier Zarraonaindia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordeak onartu du ibilgailuen azterketak egiteko araudia Europa osoan zorroztu dela, eta horrek aldaketak ekarri dituela, baina nabarmendu du ez dela ulergarria azterketa bera egiteko Bergaran hamar minutu behar izatea eta Irunen eta Urnietan, berriz, hemezortzi edo hogei. Zarraonaindiak iritzi dio ez dagoela denbora gehigarri hori zuritzeko arrazoirik. «Urnietako eta Irungo jardueraren beherakada 2018ko maiatzean hasi zen nabaritzen, baina are handiagoa izan da azarotik aurrera». Estazio horietan ibilgailu gutxiago aztertzea ekarri du horrek. Jaurlaritzaren arabera, bi estazio horiek kudeatzen dituen TUV Rheinland enpresak argudiatu du autoak ikuskatzeko araudi berriaren ondorioa dela denbora gehigarria. Jaurlaritzak ohartarazi du, ordea, enpresa horrexen esku badaudela estazio gehiago beste autonomia erkidego batzuetan —Murtzian eta Madrilen, adibidez—, araudi bera bete behar izaten dutela, eta, aldiz, horietan ez dela sortu halako eragozpenik.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ibilgailuen azterketa teknikoa egiteko zortzi estazio daude gaur egun. Soilik Irungoa eta Urnietakoa daude TUV Rheinalden esku: gainerakoak beste zenbait enpresak kudeatzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.