Beste preso bat hil da Zaballako espetxean, aurtengo bosgarrena

Salhaketak esan du «patologia larriak» zituen andre bat zela, eta elkarretaratze bat antolatu du

Zaballako espetxean (Araba) 700 preso pasatxo inguru daude. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Ekhi Erremundegi Beloki - Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria
2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Zaballako espetxean (Araba) hildako presoen kopurua handituz doa. Salhaketa elkarteak atzo jakinarazi zuenez, beste preso bat hil zen urriko azken astean. Emakume bat zen hildakoa, eta elkarteak adierazi du «patologia larriak» zituela diagnostikatuak. Haren arabera, espetxetik kanpo egon beharko zukeen, baina egitura soziosanitario bakar batean ere ez zuen lekurik lortu. Ondorioz, ez lortu baldintzapean aske geratzea, eta espetxean zegoen preso. Heriotza hori salatzeko, elkarteak elkarretaratze bat egingo du datorren asteartean, azaroaren 17an, 12:00etan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.

Hain zuzen, dagoeneko bost preso hil dira aurten espetxe horretan. Azkenekoz, urriaren 1ean hil zen preso bat Zaballan. 35 urteko gizonezko bat zen, eta ziega batean aurkitu zuten gorpua. Irailaren 22an ere 32 urteko gizonezko bat hil zen. Uztailaren 17an, berriz, 23 urteko gizonezko bat agertu zen hilik bere ziegan, eta aurretik, apirilaren 7an, espetxe bereko beste preso bat zendu zen ospitalean. Are gehiago, gogoan izan behar da Salhaketak Iruñeko espetxean izandako beste bi heriotzaren berri ere eman zuela orain hilabete. Lehena «martxo-apiril aldera» hil zen, eta bigarrena, abuztuan. Heriotza horiei guztiei urte hasieratik Martutenen (Gipuzkoa) izandako biak eta Baionako bat. Beraz, zehazki, hamar preso hil dira.

Salhaketaren iritziz, «agerikoa» da heriotza horien guztien atzean «etsipen» egoera bat dagoela. Horregatik, Zaballako espetxeko arduradunei galdetu die ea zer egiteko asmoa duten halako egoera ikusita, eta zenbait hausnarketa planteatu dituzte: «Neurriak hartuko al dira aurreikusi eta eragotzi zitezkeen halako gertaera larriak berriz gertatu ez daitezen, ala pasibotasunaren aldeko apustua egin eta uko egingo diete preso dauden pertsonek eskatutako harrera etxeetako baliabideei, osasun arretari eta laguntza psikologikoari? Zer-nolako profesionalen esku daude preso dauden pertsonak?».

Elkartearen aldarrikapenak

Elkarteak heriotza hauek espetxean ezkutatzeko dagoen «politika sistematikoa» salatu du; besteak beste, COVID-19aren izurriteak sortutako egoera oinarri hartuta. Zenbait aldarrikapen egin dituzte: besteak beste, eskatu dute espetxetik kanpoko baliabideak ezar daitezela, presoen askatasuna «errazteko» asmoz. Larriki gaixorik dauden presoak ere gogoan izan dituzte, eta horiek «berehala» askatzea eskatu dute. Horrez gain, beste eskari bat ere egin dute: familiei beharrezkoa den laguntza guztia eman diezaietela justizia administrazioaren funtzionamendu «okerraren» ondorioz sortzen diren erantzukizun zibilak eta penalak eskatu ahal izateko.

Osasun arloa ere izan dute hizpide. Salhaketak gogorarazi du Osakidetzak eta, beraz, Eusko Jaurlaritzak, «erantzukizun osoa» duela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden espetxeetako osasun arazoetan. Beraz, euren eskumenak betetzeko eskatu diete: «Eusko Jaurlaritzari eta Osakidetzari exijitzen diegu presoen farmakologia banaketaren kontrol zehatza egin dezatela, eta soilik Osakidetzaren mendeko osasun langileek egin dezatela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.