Gazte langileei zuzendutako proposamena aurkeztu du GKSk

Iosu Alberdi.
2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun

GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak Gazte Langileontzako Proposamen Politikoa aurkeztu zuen atzo, Donostian. Ezinbestekotzat jo dute langileria «modu independentean antolatzea», eta nabarmendu dute prozesu horretan gazteek «paper aktiboa» izan behar dutela. Bost zutabetan banatu dute proposamena: gazteen lan merkatua, bizi ereduaren pobretzea, kultur industria, hezkuntza sistema eta eskubide kolektiboak.

Koordinakundeak uste du kapitalismoa krisi egoeran dagoela, eta langileak horren ondorioak ordaintzen ari direla: «Soldata baxuek, aldi baterako lanek, praktika kontratuek, inflazioak eta abarrek bizi eredu gero eta pobreago batera garamatzate». Hala, «gazteen lan baldintza prekarioak amaitzea» eta «oinarrizko bizi bitartekoak bermatzea» aldarrikatu dute; besteak beste, etxebizitza, garraio eta hezkuntza «kalitatezkoak, doakoak eta unibertsalak» izan daitezen. Horiek, baina, ezingo dira bermatu «langileon kontrolpeko instituzio sozialistarik gabe».

Kultur industriari dagokionez, despolitizazioari aurre egiteko eta indarkeria matxista borrokatzeko beharra nabarmendu dute. Era berean, gazteen kriminalizazioa ere salatu du GKSk, eta «langileriaren eskubide politikoen» defentsa egin du. Hala, aipatutako arazoei aurre egiteko estatu sozialista bat eraikitzearen alde agertu dira. Gaineratu dute proposamena «testuinguru berrietara» egokituz joango direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.