Euskal Elkargoak 516 milioi euroko aurrekontua bozkatu du

212 milioi euro bozkatu ditu inbertsioetarako. Uraren kudeaketak du zati handiena: 95 milioi

Kotte Ezenarro eta Jean Rene Etxegarai, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
373,4 milioi euroko aurrekontua onartu du Euskal Hirigune Elkargoak. Horietarik 271,7 milioi funtzionamendu gastuei dagozkie, eta 121,7 milioi, inbertsioei. Gainerako hamar aurrekontu gehigarriekin, 516 milioi eurokoa da kopuru osoa: 304 milioi funtzionamendurako, eta 212 milioi inbertsioetarako. Uraren kudeaketari dagokio aurrekontuaren zatirik handiena: 95 milioi euro. Ekonomia arlorako dira 26 milioi, eta lurraren antolaketarako eta etxebizitzarako beste 20 milioi. Elkargoaren egoera ekonomikoa «sanoa eta sendoa» dela berretsi du Jean Rene Etxegarai lehendakariak, jokalekua zaila izanik ere. Aurrekontuaren lurraldekako aurkezpena eskatu dute, beste behin, hainbat hautetsik, eta herriei emango zaizkien diru laguntzek ere eztabaida sortu dute.

Abenduan sortu ziren talde politikoak elkargoan: EH Bairen inguruko hautetsiak Bil Gaiten taldean elkartu dira, eta Peio Etxeleku Kanboko (Lapurdi) hautetsi eta EAJko Ipar Buru Batzarreko buruak nagusiki barnealdeko herrietako ordezkariz osatua den etiketarik gabeko Elkarrekin Herriarentzat taldea bultzatu du. Kolaboratzaile bat ordaindu ahal izateko baliabideak eskatu zituzten bi taldeek, baina atzo bozkatutako aurrekontuan ez da deus aurreikusia. Asteazkenean bildu ziren bi taldeak Etxegarairekin, eta hitzeman zien baliabide horiek bozkagai jarriko dituela maiatzeko biltzarrean. Ez du zehaztu delibero hori babestuko duen ala ez.

Talde politikoei buruz orain arte izan diren adierazpenak deitoratu zituen Xavier Lacoste Irisarriko (Nafarroa Beherea) auzapez eta Elkarrekin Herriarentzat taldeko kideak, eta «baretasuna» eskatu zuen. Talde gisa eratu ala ez, funtsean hautetsi guziak talde politiko baten parte direla baieztatu zuen.

Halaber, aurrekontuen lurraldekako aurkezpena eskatu zuen beste behin bere taldearen izenean, «gardentasuna» beharrezkoa dela erranez. Eskaera babestu zuen Mathieu Berge Baionako hautetsiak ere. «Ez dakit nolatan elkargoak ez duen egiten ahal Akitania Berria eskualdean horretarako gai bagara». Etxegaraik hitzeman zuen «uda aitzin» emanen dituztela elementuak, baina galdera egin zuen: «Zertarako balio du lurralde eremuka funtzionatzeak elkargo bakarra garenetik?».

Jean Marc Baranthol Zuberoako lurralde eremuko erreferenteak bere eremuan egin diren gastuak zerrendatu zituen. Elkargoaren sorrerarekin, Zuberoan egiten den gastua zazpi milioitik hamar milioira pasa dela baieztatu zuen, eta elkargoko agente kopurua emendatu dela ere ohartarazi zuen.

Bil Gaiten-ek ere iritzia eman zuen aurrekontuei buruz. Nicole Etxamendi Itsasuko (Lapurdi) hautetsiak hilabete bukaera «zailak» deitoratu zituen, energiaren eta lehentasunezko gaien prezioen emendatzea aipatuta. Elkargoak proposatzen dituen zerbitzuei buruzko gogoeta eskatu zuen, herritarren irabazien arabera egokitu beharko liratekeela iradokita. «Familien egoera ekonomikoa konplikatzen denean, aisialdi eta kultura gastuetan egiten dituzte murrizketak gehienetan».

Xabi Thikoipe Donamartiriko (Nafarroa Beherea) hautetsiak inbertsioen eta elkargo proiektuaren arteko loturaz galdetu zuen. «Nola hartuak dira erabakiak?». Aitzineko urteetan aurreikusi baino inbertsio apalagoak egin zirela ohartarazi zuen: 51 milioi ia, eta 45 milioi duela bi urte. Aurrekontuaren bozketan Bil Gaiten abstenituko zela iragarri zuen.

Bozka sekretua izatea eskatu zuen Elkarrekin Herriarentzat taldeak, hautetsiek jasan litzaketen «presioak» saihesteko. Eztabaida eragin zuen eskaerak, baina, hautetsien herenen babesa lortuta, aitzina egin zuen. Ororen buru, 133 hautetsik bozkatu zuten aurrekontuaren alde, 22k egin zuten kontra, eta 55 abstenitu ziren.

Herrientzako laguntzak

Otsailean iragarri bezala, 2026 arte 20 milioi euro aurreikusi dituzte herrien inbertsioak eta proiektuak laguntzeko. 158 herrietako bakoitzak 30.000 euroko laguntza eskuratuko du, eta gainerako zama soiltasun energetikoa eta ingurumen aztarna apaltzea helburu duten proiektuak laguntzeko izanen da. Elkargoko hamar lurralde eremuen artean banatuko dute dirua, «ekitatiboki», eta eremu bakoitzean aztertuko dituzte proiektuak.

Emendakina aurkeztu zuen Peio Etxelekuk, Elkarrekin Herriarentzat taldearen izenean: 5.000 biztanletik gorako herrientzat, 30.000 euro, eta 5.000 biztanletik beherakoentzat, 40.000. «Azken orduan» egindako emendakina deitoratu zuen Kotte Ezenarro finantza lehendakariordeak, eta herrien artean «desoreka» eraginen duela erran zuen. Isabelle Pargade Hazparneko (Lapurdi) auzapezak. Erran zuen eztabaidaren oinarria lurralde bakoitzak behar dituen inbertsioei buruz eztabaidatzea dela.

Ideia bera defendatu zuen berantago Filipe Aramendi Urruñako (Lapurdi) auzapezak Bil Gaiten-en izenean, igerilekuen finantzaketari buruzko eztabaida iritsi zenean. Etxelekuren emendakina bozkagai jartzea ukatu zuen Etxegaraik, eta hainbat hautetsiren haserrea eragin. «Kontsideratzen dut kontsentsua baduela oinarrizko erabakiak».

Etxebizitzaren arazoa

Hainbat hautetsik Frantziako Asanblean aurkeztutako lege proposamena babesteko eskatu zuen Colette Capdevielle Baionako PSko hautetsiak. Besteak beste, fiskalitate arloko neurriak biltzen ditu, hala nola turismora bideratutako bizitegiek duten zerga beherapena ezabatzea eta bigarren etxebizitzen gaineko zerga emendatzea. Testua «interesgarria» dela erran zuen Etxegaraik, eta maiatzeko batzarrean bozkagai jartzeko engaiamendua hartu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.