Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Aingeru Mayor. Naizen elkarteko kidea

«Begiradan egiten dugun aldaketa da trantsituaren alderik garrantzitsuena»

Haur eta gazte transexualen errealitatea onartzeko bidean, giltzarriak dira ezagutza eta ulermena, Mayorren esanetan. Hori lortzeko, ume transexualen 25 familiaren esperientziak bildu ditu liburu batean.
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maria Ortega Zubiate -

2020ko urriak 1

Aingeru Mayorrek (Donostia, Gipuzkoa, 1972) dio aita, sexologoa eta Naizen elkarteko kidea dela, hurrenkera horretan. 2014an hasi zuen bidea haur eta nerabe transexualen gurasoen elkarteetan, artean Chrysallis Euskal Herria sortu gabe zegoela. Hamaika lan egin ditu ume transexualei buruz, eta atzo aurkeztu zuen azkena: Tránsitos. Comprender la transexualidad infantil y juvenil a través de los relatos de madres y padres (Trantsituak. Haur eta gazteen transexualitatea aita-amen testigantzen bidez ulertzen). 25 familiaren kontakizuna da, gaztetxo transexualen errealitatea normalizatzea helburu duena.

Liburua gurasoei zuzenduta idatzi duzu, trantsizioa egiten duten nerabeei baino gehiago. Aita-amentzat garrantzitsua da esperientzia bera izan duten gurasoen testigantzak jasotzea?

Familiei zuzendua dagoela baino gehiago, esango nuke familiek idatzitako liburu bat dela. Edonorentzako liburua da: osasun arloko profesionalentzat, hezkuntzan ari direnentzat, psikologoentzat... Baina, bai, familientzat garrantzitsua da besteen testigantzak irakurtzea. Naizen elkartean ikusi dugu zer gertatzen den beste familia batzuen esperientziak eta bizipenak ezagutzen dituztenean: panorama zabaltzen zaie. Ulertzen dute nola lagundu diezaieketen seme-alabei.

Liburuan diozu trantsitua gaztetxoek baino gehiago ingurukoek egiten dutela. Nola da hori?

Trantsitua sexu identitatearen onarpena da, eta hori besteok egiten dugu. Oso garrantzitsua da ulertzea trantsituaren alde garrantzitsuena begirada dela: zure semea ez zenuen benetan ikusten lehen neska bat ikusten bazenuen. Trantsituaren muina da begiradan egiten dugun aldaketa. Hain zuzen ere, liburuan 25 trantsitu jaso ditugu. Bakoitzak bizipen oso desberdinak izan ditu, baina trantsitua bizi izan dute.

Azken atala Ekai Lersundiri eskaini diozu. Haren suizidioak eragin handia izan zuen, eta ume eta nerabe transexualen gaia agenda publikoan jarri.

Haren aitak idatzi du azken atala, bai. Oso gogorra izan da: gainontzeko kontakizunek amaiera goxoa dute nolabait, baina Ekairen testigantzan bukaera da okerrena. Ekaik, nahiz eta ingurua eta familia alde izan, erabaki hori hartu zuen. Eta latza da, baina sartu beharreko testigantza da: Euskal Herriko azken urteetako historian gertatutako zerbait da, eta eragin handia eduki du. Suizidioaren ideia gazte transexual askoren buruan egon da askotan. Kontura gaitezen hau ez dela kapritxo bat; nerabezaroan trantsitua egiten duten gazteen bizitzak, batez ere, oso gogorrak dira. Eta trantsitua egiten dutenean hobera egiten dute neurri oso handian, baina ikusi dugu Ekairen kasua, trantsitua eginda ere erabaki baitzuen bere buruaz beste egitea. Geure buruari galdetu behar diogu gizarte moduan zer ari garen gaizki egiten, eta zer egin dezakegun horrelakorik gerta ez dadin.

Hain zuzen ere, gaztetxo transexualen %30-%50ek izan dute beren buruaz beste egiteko burutapena. Halakoetan garrantzitsua da etxekoen onarpena?

Erabateko garrantzia du, batez ere haurren kasuan. Ikerketa batzuek erakutsi dute soilik guztizko onarpenak dakarrela eragin positiboa: semeak edo alabak berak adierazitako identitatearen arabera tratatzeak, horrela bizitzea ahalbidetzeak. Hori argi ikusten da liburuan bertan: behin trantsitua egiten hasita, familiek zenbat aldiz aipatzen duten zoriontsu hitza beren testigantzetan. Onarpenak, izan ere, zoriontasuna dakar.

Etxekoen onarpena bai, baina inguruko gainerakoena ere garrantzitsua izango da.

Guk argi ikusten dugu garrantzirik handiena familiaren onarpenak duela; familian, etxean bizi direlako. Familiaren onarpenik ez duten gazteak, izan ere, etxetik botatzen dituzte edo haiek alde egiten dute, eta prozesuak askoz korapilatsuagoak eta traketsagoak izaten dira, laguntza beste leku batzuetan bilatu behar izaten baitute. 2020ko Hego Euskal Herriko errealitatean ikusi duguna da orokorrean familiaren onarpenarekin trantsitua egiten duten haur eta gazteek ingurukoen onarpen oso handia lortzen dutela. Ipar Euskal Herriko kasua bestelakoa da, Hego Euskal Herriko egoerarekin alderatuta oso atzeratuta baitaude.

Urteotan ikusgaitasuna lortu dute ume eta gaztetxo transexualek, eta esparru horretan lanean ari zarete. Uste duzu horrek eragina izan duela, eta gizartean handitu egin dela transexualen onarpena?

Zalantzarik gabe. Orain dela sei urteko egoerak eta gaur egungoak ez daukate zerikusirik; inork ez zuen gaitasunik pentsatzeko 7 urteko mutiko batek bulba izan zezakeela. Ez dugu soilik ikusgaitasuna lortu. Areago: lortu dugu jendeak hori ulertzea. Eta hori lortu dugu elkarteetatik egin den lanagatik, gaiari ikusgaitasuna emateak onarpenean ere laguntzen baitu. Baina familiok egin dugun lana gure seme-alaben aurretik egon diren ekintzaile transexualen lanaren jarraipena da. Haiei zor diegu lortutako asko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Labik urriaren 5ean egin zuen azken bilera ©Jaizki Fontaneda/ Foku

Urkulluk etziko deitu du Labiren bilerara, osasun larrialdia ezartzeko

Edurne Begiristain

Osasun larrialdia ezartzearekin batera indarrean sartuko diren neurri murriztaile berriak adostuko dituzte bileran. COVID ziurtagiria noiz eta nola ezarriko den ere zehaztuko dute.

Hiesa: GIB positiboen ahotsa

Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur

Paulo Ostolaza - BerriaTB

Aurten bete dira 40 urte lehen kasuak agertu zirenetik. GIB positibo diren bi pertsonari eman nahi izan die hitza BERRIAk: Joseba Errekalderi eta Josu Unanueri. 1990eko hamarkadan jakin zuten seropositibo zirela, eta ordutik hona bizi izandakoak kontatu dituzte. BERRIAk sakon landu zuen gaia igandean.

Gasteizen, Armentiako gas putzuak ustiatzeko proiektuan atzera egin behar izan zuen Jaurlaritzak. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Interes orokorra eta udal eskumenak aurrez aurre jarriko dituen zuzenketa bidean da

Jone Arruabarrena

Pil-pilean dago legearen inguruko eztabaida, EAJ eta PSEk aurkeztutako zuzenketaren ondoren. Zuzenketa onartuz gero, litekeena da ondorioak izatea udalen eskumenetan

Ertzain bat bilaketa lanetan, atzo, Karrantza ibaian. ©Ertzaintza

Karrantza ibaian aurkitu dute igandean desagertutako 31 urteko gizona

Berria

Sendiak igandean jarri zuen salaketa, atzo aurkitu zuten Ramales de la Victorian (Espainia), eta Ertzaintzak gaur baieztatu du gorpua desagertuarena dela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.