Iñaki Garcia eta Rodrigo Abad. Bilboko Hijas de la Cruz eskolako langileak

«Dena oso bideratua izan da itxieraren data irits zedin»

Ikasle falta dela eta, itxi egingo dute Hijas de la Cruz eskola. Langileek Kristau Eskolaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu dute.

MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Aurtengo ikasturtean itxiko ditu ateak Bilboko Hijas de la Cruz ikastetxeak. Langile batzordeko kide eta irakasle Rodrigo Abadek (Legazpi, Gipuzkoa, 1976) eta atezain Iñaki Garciak (Barakaldo, Bizkaia, 1963) uste dute proiektu oso bat galduko dela. Ez dago argi zer gertatuko den lursailarekin: langileen arabera, Bilboko Udaletik ziurtatu diete hezkuntzarako erabiliko dela aurrerantzean ere. 30 nazionalitatetako 200 ikasle ingururi eragingo die itxierak, eta hori salatzeko bi greba egun egin zituzten joan den astean.

Urtarrilean jakinarazi zuten Hijas de la Cruz eskola itxi egingo dutela. Zein da egoera?

IÑAKI GARCIA: Ez daukagu erlaziorik enpresarekin. Hainbatetan eskatu ditugu kontuak —uste dut eskubidea daukagula—, eta ez diote ezeri erantzun.

RODRIGO ABAD: Ez dago aurrerapenik. Sua piztuta mantendu nahi dugu grebekin eta aldarrikapenekin, ikusteko ea aurrerapenen bat eragiten dugun.

Ezin al zen ezer egin egoera honetara iritsi aurretik?

I.G.: Aurretik gerentziarekin hainbat bilera eduki genituen, eta hitzarmen moduko bat egin ziguten; uste dut 2009an sinatuta genuenak baino berme gutxiago zituela.

R.A.: Uste dugu, nolabait esatearren, kolaborazio moduko bat egon dela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, dena oso pentsatua izan delako, oso data zehatzetan iritsi delako, oso zuzendua... Gure inpresioa hau da: dena bideratua izan da urtarrileko data hori iritsi zedin. Hezkuntza Sailak ez du inolako konponbiderik eman; itxuraz familiei konponbidea emateaz arduratu da, baina ez proiektuari eta zentroko langileei konponbiderik emateaz.

Zer arrazoi eman dizkizuete?

I.G.: Uste dut arrazoi denak gezurra direla. Hitz egiten digute arazo ekonomikoa izango balitz bezala, eta ikastetxea ixtera datozenean ikasle faltaren arazoa aipatzen digute. 30 nazionalitatetako ikasleak ditu eskola honek. Ikasgelak pixkana itxi zitezkeen, edo gerentziak arazoa konpontzeko beste modu bat aurki zezakeen.

Salatu izan duzue irakasleak murriztu dizkizuetela, eraikinean inbertsioa falta izan dela...

R.A.: Ez da etorkizunerako batere inbertsiorik egin. Egon da eraikuntzaren barruan berritasunen bat baliabideei zegokienez, baina gehienak gure langileek egindako proiektuen bidez lortu dira.

Esaten duzue aurrez planifikatuta zegoela itxiera hau.

R.A.: Argi geratzen zaiguna da denek bazekitela udatik.

I.G.: Guraso elkarteari oso gaizki iruditu zaio, baita guraso denei ere. Gauetik goizera beste eskola bat bilatu behar dute, pentsatzeko eta ikusteko astirik izan gabe. Publikora joaten dira, eta ezinezkoa da, ez dagoelako lekurik. Beste herri batera joan beharko dute?

R.A.: Kontua da proiektuak funtzionatzen zuela; hainbeste funtzionatzen zuen, ezen Hezkuntza Sailak erreferentziatzat baikintuen iritsi berriak ziren ikasleak jasotzeko; hau da, ikasturtean zehar iristen direnak. Ia urtero jasotzen ditugu umeak ikasturtea hasi eta gero; inoiz hogei ere jaso izan ditugu.

I.G.: Agian, matrikulazio garaian, zazpi, hamar edo hamabi ume ditugu, baina ikasturtean, agian, beste hamabost edo hogei sartzen zaizkigu.

Ikastetxearen itxiera iragarri zuten egunean bertan esan zuten beste eskola batera eramango zituztela irakasleak. Zerbait aurreratu dizuete?

I.G.: Gurekin edukitako bileran [urtarrilean], ez zen gai hori atera. Duela hamabost egun arte ez genekien ezer birkokapenez.

Orain zerbait aurreratu dizuete?

R.A.: 33 langile gara zuzenean eskolan gaudenak, gehi garbitzaileak eta gainerakoak. Negoziazio mahaian ahal dena birkokatuko da. Esperantza daukagu eta benetan sinesten dugu kontuan hartuko gaituztela, beste eskola batzuetan ixten diren ikasgeletatik datozenak bezala. Baina hainbeste plaza huts egongo dira kolpetik?

I.G.: Kristau Eskolak ez du ezer esan honen inguruan. Ematen du sindikatuak saiatzen ari direla sartzen, baina ez dago patronalaren erantzunik.

Publiko egitea ere eskatu duzue. Pausorik egon al da?

I.G.: Hasieran, hortik jotzea erabaki genuen. Ikusten dugu Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako beste bi eskolek, Garcia Riverok eta Mujikak, ez dutela nahikoa tokirik, eta hemen ondoan dagoen institutua ere beteta dagoela. Eusko Jaurlaritzarekin batu ginen, eta beti ezezkoa jaso dugu.

R.A: Bilera eta mugimendu guztietatik sortu den bakarra izan da guraso elkartearen bidez tramitatutako mozio bat udalean, ikastetxearentzako konponbide publiko bat eskatuz; zuzenketa bat egin zioten, eta ezerezean geratu zen. EH Bilduk legez besteko proposamen bat egin du Eusko Legebiltzarrean. Ez du zehazki esaten publiko egiteko, baina konponbide bat eskatzen du langileentzat. Oraindik botazioa egiteko dago.

Ba al dago aukerarik irailean ikastetxea irekita egoteko?

I.G: Ikaslerik gabe?

R.A: Oxala, baina konponbide integrala eman beharko litzaioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.