Zeharo hautsi da Italiako Gobernua

Conte lehen ministroak dimisioa eman du, eta Salvini kritikatu. 'Open Arms' ontzia Lampedusara bidean da, fiskal baten aginduz

Conte ura edaten eta Salvini hari begira, Italiako Senatuko atzoko eztabaida saioan. ETTORE FERRARI / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Azken asteetan, Italiak bi krisi handiri egin behar izan die aurre: lehorrean, gobernuaren hausturari, eta itsasoan, Mediterraneoan erreskatatutako ehunka migratzaileren porturatze eskaerei. Atzo, bi jokalekuetako piezak irauli ziren: Giuseppe Conte lehen ministroak dimisioa eman zuen, eta Luigi Patronaggio Agrigentoko (Sizilia) fiskalburuak agindu zuen Open Arms ontzia atxiki, eta migratzaileak Lampedusan lehorreratzeko. Hala, ziklo berri bat hasiko da herrialdean, eta Sergio Mattarella presidenteak emango du hurrengo pausoa. Alderdiekin elkartuko da gaur, ikusteko ea badagoen gobernu berri bat osatzeko aukerarik. Hala ez bada, bozetara deitu beharko du.

Atzo, gobernu krisiaz eztabaidatzeko saio bat egin zuten Italiako Senatuan, Matteo Salvinik, Lega eskuin muturreko alderdiaren buruak, Conteren aurkako zentsura mozioa aurkeztu ondotik. Contek debatea hasi baino lehen hartu zuen hitza: «Orain arte gertatutakoek eskatzen dute gobernua hemen etetea». Krisiak abuztuaren hasieran egin zuen eztanda: Salvinik hautsitzat jo zuen gobernu koalizioa, eta hauteskundeak eskatu zituen. Legaren eta M5S Bost Izar Mugimenduaren koalizioa maiatzetik egon da gobernuan, nahiz eta bi indarren arteko harremanak ez diren onak izan. Salvinik alde ditu inkestak, eta aukera aprobetxatu nahi du, hauteskundeak aurreratuz gero lehen ministro izango delakoan.

Contek gogor egin zuen Salviniren aurka: oportunismoarekin eta «arduragabekeria instituzionalarekin» jokatzea leporatu zion, herrialdea «ziurgabetasun politiko eta finantzariora» eraman izanagatik. Salvinik ez zuen erantzuteko aukera galdu: adierazi zuen Legak ez diola beldurrik «aulkiak galtzeari», eta hauteskundeak eskatu zituen berriro.

Hilaren hasieran, Salvinik koalizioa hautsi, eta zentsura mozio bat aurkeztu zuen arrapaladan; hauteskundeak aurreratzea behartu nahi zuen kosta ahala kosta. Halere, M5Sk eta PD Alderdi Demokratak bat egin zuten haren asmoak gelditzeko. Mozioa bertan behera geratu zen, eta Senatuko eztabaidara deitu zuten.

Hemendik aurrera, litekeena da M5S eta PD elkartzea Lega boteretik kanpo uzteko. Izan ere, hauteskundeak aurreratzekotan, bi alderdiek ez lukete emaitza onik izango, inkesten arabera. Legak eta M5Sk euren arteko arazoak konpontzea eta koalizioa berregitea da hauteskundeak saihesteko beste aukera.

'Open Arms', Lampedusara

Alderdien ordezkariak Senatuan zirela, mugimendu ugari egon zen Open Arms GKEaren Open Arms ontziaren inguruan. Astebete eman du Lampedusa uhartearen parean, lehorreratzeko baimenaren zain. Azkenean, atzo, Patronaggio fiskalburua ontzian izan zen, Italiako hedabideek jakinarazi zutenez, eta horren ondoren hartu zuen erabakia: ontzia atxiki, eta 84 migratzaileak Lampedusan lehorreratu.

Efe agentziaren arabera, ontziak gutxienez bi aste egin beharko ditu Italian, fiskaltzak zigor kodearen 328. artikulua urratu ote den ikertu bitartean; artikulu horrek funtzionario publikoei sei hilabete eta bi urte arteko espetxe zigorra ezartzen die «justizia, segurtasun publiko, ordena publiko, edo higiene edo osasun arrazoiengatik» ezarritako betebeharrei muzin egiteagatik.

Fiskalak erabakia jakinarazi aurretik, ontzia Lampedusara bidean zen, baina urrutiago zuen helmuga: Espainiako Gobernuak adierazi zuen armadaren Audaz ontzia Italiako uhartera bidean zela, Open Arms ontzian esperoan zeuden migratzaileak Balearretan (Herrialde Katalanak) lehorreratzen laguntzeko.

Lampedusan bukatuko da ontziaren bidea. «Azkenean, akabo amesgaiztoa», idatzi zuen GKEak Twitterren. Oscar Camps GKEaren sortzaileak adierazi zuen ontzia atxikitzea migratzaileen «osasuna eta segurtasuna lehenesteko» ordaindu beharreko «kostua» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.