Motz geratu den barkamen eskaria

Mexikoko Gobernuak barkamena eskatu dio maia herriari. Adierazpena hauteskundeen atarian egin izana kritikatu diote AMLOri

arantxa elizegi egilegor
2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Azken 500 urteetan Mexikok maia indigenen aurka egindako erasoengatik barkamena eskatu zuen herenegun Olga Sanchez Cordero Gobernazio ministroak: «Mexikoko maia herriari barkamena eskatzen diogu estatuaren izenean, historian haien aurka egindako gehiegikeriengatik eta gaur egun bizi duten bazterketagatik». Quintana Roo estatuan esan zituen hitzok Corderok, Yucatanen, Mexikoko presidente AMLO Andres Manuel Lopez Obrador eta Guatemalako estatuburu Alejandro Giammattei bildu zituen ekitaldian.

Zehazki, 1847 eta 1901 bitartean izandako kasten arteko gerrari egin zion erreferentzia Gobernazio ministroak. Gerra hark aurrez aurre jarri zituen maia indigenak eta elite kreoleko kideak. Ordurako independentzia lortua zuen Mexikok, eta agintea europarren ondorengoen esku zegoen. Elite horren aurka matxinatu egin ziren hainbat komunitate indigena. Mexikoko armadak maien hiriburua zen Chan Santa Cruz hartu zuenean amaitu zen gatazka. Borroketan 250.000 pertsona hil zirela uste da.

Adierazpena indigenen aspaldiko aldarrikapena den arren, orain egin izana kritikatu egin dute askok; izan ere, hilabete eskas geratzen da Mexikoko legebiltzarrerako eta udaletako bozetarako. Aldi berean, Lopez Obrador presidentea gogor ari da kanpaina egiten Tren Maya deritzon proiektuaren alde —maien lurretatik ibilbidea egiten duen tren turistiko bat—, nahiz eta inguruetan bizi diren herritarrak haren aurka egon.

Maia indigenen artean asko izan ziren presidenteak emandako urratsa kritikatu zutenak, eta ez bakarrik hauteskundeen atarian egin zuelako, baita barkamena, komunitateko ordezkariei zuzenean eskatu beharrean, gobernadoreekin egindako agerraldi batean eskatzeagatik ere: «Jacinto Pat buruzagia bizirik balego, lotsatu egingo litzateke. Ez diete barkamena eskatu maiei, eta are gutxiago baztertutako gazteei».

Lopez Obradorrek, baina, entzungor egin zien kritikei, eta nabarmendu zuen egungo testuingurua ez dela garai batekoaren berdina: «Orain askatasunak daude; zentsurarik gabe, edozer adieraz dezake edonork. Baina batez ere herriari justizia egiteko borondatea dago, iraultza garaian bezala. Horregatik gaude hemen barkamena eskatzen, eta berresten ez ditugula inoiz ahaztuko Mexikoko herriak».

Aldarrikapenak

Yucatanen maiek duten ordezkariak, Ana Karen Dzib Pootek, eskertu egin zuen gobernuak egindako urratsa, baina, aldi berean, oinarrizko hiru eskari egin zizkion: memoria batzorde bat osatzea, maia herriaren garapena adosteko buruzagi indigenen lidergoa aitortzea eta herri indigenen eskubideak Konstituzioan jasotzea. «Egia da dagoeneko ez garela lur jabe handien esklabo, baina oraindik ere basoak suntsitzen ari dira soja landatzeko, eta izadiaren hasieratik defendatu ditugun mendiak eta putzuak kentzen», salatu zuen Pootek.

Mexikon gune turistiko bilakatu dira maien antzinako kultu guneak, eta horri lotuta dago Lopez Obradorrek eraiki asmo duen trenbidea bera ere. Baina negozio horiek guztiek ez diote mesederik egiten herri indigenari, hura gehienbat nekazaritzatik edo eraikuntzatik bizi baita gaur egun. «Ohartzen gara historia luzea dugun herria garela, baita maiz adibide gisa jartzen gaituztela ere, eta jende askok dirutza irabazi duela gure kontura, baina diru hori ez da inoiz gure komunitatera heldu», gaitzetsi zuen Alfaro Yam Canul ekintzaile maiak. Egun Yucatan penintsulako maia gehienak Quintana Roo hegoaldean bizi dira, Belizeko mugatik gertu. Lur haietatik zati handi bat erretserba naturala dira egun, eta herri indigenak eskatu dio Lopez Obradorri alda ditzala legeak, maiek bertan turismo ekologikoa bultzatu ahal izateko, eta bestelako bizibide bat garatu ahal izateko.

Bestelako protestak ere izan ziren Mexiko eta Guatemalako presidenteek egindako agerraldian. Izan ere, ekitaldia egin zen inguruetan nekazari talde bat bildu zen salatzeko gobernuak ez zizkiela ordaindu duela hainbat urte desjabetutako lurrak. Ez ziren horiek izan estatuburuak entzun zituen kritika bakarrak. Mugimendu feministek egotzi zioten genero indarkeriako kasuetarako protokoloak indarrean jarri ez izana eskualde hartan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.