Indiako nekazariek protesta indartu dute egun beteko gose grebarekin

Nekazaritza sektorea desarautzeko legeak indargabetu ditzala eskatzen diote Gobernuari

Indiako nekazariak gose greba egiten, atzo, New Delhin, nekazaritza erreformaren kontrako protestan. RAJAT GUPTA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Indiako nekazariek gobernuaren gaineko presioa handitu dute, hogei egunez luzatu diren protestak indartuta. Manifestariek egun bateko gose greba egin zuten atzo, estatu mailako mobilizazioan, nekazaritza sektorea desarautzeko helburuarekin Narendra Modi lehen ministroaren gobernuak onartu zituen hainbat legeren kontra.

Erreformak atea zabaltzen die nekazariei beren produktuak zuzenean erosle pribatuei saltzeko. Orain arte, ezin zuten halakorik egin; handizkako merkatu publikoetara bideratu behar zuten ekoizpena, eta estatuak gutxieneko prezio bat bermatzen zien saltoki horietan. Gobernuaren esanetan, aldaketa onuragarria izango da nekazarientzat, «bitartekarien morrontzatik» askatuko dituelako. Nekazari elkarteek, ordea, kontrakoa salatu dute: ekoizleak merkatu librearen menpe utziko dituela, arriskuan jarriko duela nekazarien sostengua eta enpresa talde handiei egingo diela mesede.

Protestak duela hogei egun hasi ziren, New Delhi kanpoaldean kanpatu zuten ehunka nekazarirekin. Ordutik, manifestariek hiribururako errepide nagusiak moztu dituzte, eta, egunak pasatu ahala, gehiago dira mobilizazioetara batzen ari direnak; batez ere, Haryana eta Punjab estatuetatik, Indiaren aletegi esaten dieten lurraldeetatik.

Nekazari elkarteek bigarrenez antolatu zuten, atzo, estatu mailako protesta bat, Modik irailean onartu zituen hiru nekazaritza legeen kontra. Lehenengo aldiz, gose grebara deitu zuten. Bederatzi orduko baraualdia egin zuten milaka herritarrek, administrazio egoitzen aurrean eserita. Indian 8:00ak zirenean hasi zuten protesta, 17:00ak arte.

All India Kisan Sabha (AIKS) erreformaren kontrako nekazari elkarte handienetako batek adierazi duenez, bide bakarra dago protestak bertan behera gelditzeko: «legeak indargabetzea». Elkarteak nabarmendu du sektorearen desarautzeak ez dituela soilik nekazariak kaltetuko. «Nazio osoaren elikadura segurtasuna» arriskuan jarriko duela gaineratu du.

Narendra Singh Tomar Nekazaritza ministroa elkarrizketaren alde mintzatu da, eta legeak «puntuz puntu» eztabaidatzeko eskatu die nekazariei. «Gobernuaren asmoa zintzoa da. Nekazari sindikatuei hori azaltzen saiatu gara». Ministroaren esanetan, negoziazioek aurrera egingo dute sindikatuek gobernuaren proposamenen gaineko iritzia ematen badute.

Gobernuaren eta nekazari elkarteen arteko negoziazioek ez dute akordiorik ekarri, ordea. Hainbatetan elkartu dira, eta nekazariek beren eskariei eusten diete: legeak indargabetzea eta produktuen gaineko gutxieneko prezio bat bermatzea. Gobernuak orain arte aurkeztu dituen proposamenak «aldaketa kosmetikoak» direla uste dute mobilizazioetara deitu duten elkarteek. Dena den, gobernuak bilera batera deitzen badituzte, asmo onez joango direla aurreratu dute.

Oposizioaren babesa

Nekazarien aldarriekin bat egin dute oposizioko hainbat talde eta ordezkarik. Horien artean, Arvind Kejriwal Delhi estatuko ministro buruak. Kejriwalek «harrotasuna» alde batera uzteko eta nekazarien beharrak aintzat hartzeko eskatu dio BJP gobernuko alderdi eskuindarrari. Joan den astean, oposizioko buruzagi talde bat —Rahul Gandhi Kongresuko burua, tartean— Ram Nath Kovind Indiako presidentearekin bildu zen, nekazaritza erreformarako legeak bertan behera utzi beharko liratekeela adierazteko.

Nekazaritza pisu handiko sektorea da Indian. Herrialdearen2,4 bilioi euroko barne produktu gordinari %15eko ekarpena egiten dio, eta, 1.400 milioi herritarretatik erdiak baino gehiagok egiten dute lan jarduera horretan.

Milaka nekazarik beren buruaz beste egin dute azken urteetan Indian, zorretan itotzera bultzatu dituen sistemaren ondorioz. Koronabirusaren pandemiak are gehiago okertu du egoera, eta nekazari elkarteek ohartarazi dute ez daudela prest Modiren azken nekazaritza legeak onartzeko. Protesta «demokratiko eta baketsuekin» jarraituko dute. Ez dute argitu sektorea desarautzeko legeak indargabetu ezean gose greba luzeagoak egingo dituzten ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.