Javier Arellano. Solarpackeko garapen arduraduna

«Energia fotovoltaikoan lehia handia dago egun»

Arellanok uste du azken hamarkadako zailtasunei aurre egin eta energia fotovoltaikoen sektoreak etorkizun oparoa duela. Burtsara atera zen Solarpack, abenduan; merkatuan zabaltzen lagunduko diela azaldu du.
BERRIA

Lander Muñagorri Garmendia -

2019ko martxoak 8
Solarpack familia enpresa bat da, nahiz eta ez duen «ohiko eredua betetzen». Mundo osoan parke fotovoltaikoak jartzen ditu Algortan (Getxo, Bizkaia) egoitza duen enpresak, baina abenduan burtsara atera zen etorkizunean inbertsio handiagoak egin ahal izateko. Enpresaren garapen arduraduna da Javier Arellano (Iruñea, 1983), eta Jose Galindez sortzaileetako baten iloba ere bada —Pablo Burgos da beste sortzailea, biak ere familiartekoak—. «Enpresa ez da ohiko familia enpresak bezalakoa, bigarren edo hirugarren belaunaldikoak direla», dio Arellanok. Familiarteko gutxi daudela ere esan du, baina, hala ere, Aefame familia enpresen elkarteak atzo Bilbon antolatu zuen mahai inguruan egon zen, euren eredua azaltzen.

Solarpack burtsara atera denetik akzioen balioa %50 handitu da. Erabaki egokia izan dela esan al daiteke?

Esperientzia oso garrantzitsua izan da guretzat. 2018an estrategia aldatu genuen, eta epe motzerako kapitala behar genuen. Erronka horri aurre egiteko, burtsara ateratzeko erabakia hartu genuen, horrek hazkundea azkar egiteko aukera ematen baitu, betiere ondo eginez gero. Akziodun nagusiek ere uste zuten geneukan ildoa egokiena zela sektorean dagoen hazkundeari jarraipena emateko. Burtsara 510 MW kontratatuta atera gara, eta horrek potentzial handia dakar berarekin.

Enpresa familiar batean burtsara ateratzeak nola eragiten du?

Solarpack 2005ean osaba-ilobak ziren bi bazkidek sortu zuten, baina lankideen artean familiako gutxi gaude. Gure enpresaren arrakasta da bi sozioak beti enpresan egon direla, eta, era berean, aldaketa gutxi egon direla. Horrela eutsi diogu misioari.

Akziodun berriekin erabakitzeko ahalmena gal liteke?

Akziodun berriak egoteak ikuspuntu ezberdinak egotea dakar batez ere. Estrategia egoki bat prestatuta daukagu, eta sartu diren akziodunek horiek gurekin partekatzen dituzte.

Nazioarteko Energiaren Agentziak esana du 2050erako energia iturri nagusia fotovoltaikoa izango dela. Enpresak izan duen bilakaera aurreikuspen horien parekoa dela esan daiteke?

Bai, aurreikuspen onak ditugu, baina merkatu zabal bat daukagu eta lehiakortasun handia dago. Hazkundea modu lehiakorrean egiten bada, horrek aukerak emango dizkigu. Aukera handia daukagu, eta ondo kokatuta gaudela ere esango nuke. Argindarra oso erregulatuta dago, eta horrek gorabeherei aurre egiteko aukera ematen digu. 2050erako aurreikuspen hori errealitate izango dela iruditzen zait, baita lehenago ere akaso. 2005ean ere hala ikusten genuen.

2008an merkatua gelditu egin zen Espainian, orain aukera berriak ikusten dituzue?

Energia fotovoltaikoa hasieran diruz lagundutako sektore bat izan zen, beste askorekin gertatu izan den bezala. Erregulazio aldaketek eragina izango zuela ikusi genuen, eta horregatik begiratu genien beste merkatu batzuei. Txilera jo genuen, eta Aracamako basamortuan jarri genuen lehen parkea. Diru laguntzarik gabeko lehen kontratua izan zen, gainera. Hala ere, Espainian Europako irradiazio maila onenak daude, eta proiektu asko garatzen ari dira. Egun energia fotovoltaikoarekin sortzen den KW bakoitzaren prezioa beste teknologietan baino lehiakorragoa da. Inbertsioen kostuak behera egin du, eta hori ezinbestekoa da energia merkeago saltzeko. Burtsara atera garenean parke gehiago zabaltzeko planak genituen, eta horretan lagunduko digu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna