Greba egin dute Myanmarren, junta militarraren mehatxuei entzungor

Bi lagun hil dira azken protestetan, eta armadak dio balitekeela gehiago ere izatea

Manifestariak Yangon hirian, atzo, eskuan Aung San Suu Kyi politikariaren irudiak hartuta. LYNN BO BO / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Otsailaren 1ean armadak estatu kolpea eman zuenetik Myanmarren egin den protesta jendetsuena izan zen atzokoa. Agintea bereganatua du junta militarrak, eta haren aurkako greba orokorra zegoen deituta: erantzun zabala izan zuen deialdiak. «Sistema demokratiko batera itzultzea» eta altxamenduaren ondotik atxilotutakoak askatzea eskatu zuten manifestariek —600 lagun baino gehiago daude preso—. Asteburuan baino liskar gutxiago izan zen atzoko protestetan, ia denean. Naypyidaw hiriburuan izan ziren tentsio unerik handienak, eta Poliziak gutxienez hogei lagun atxilotu zituen.

Ne Win jeneral komunistak gidatutako junta militarraren aurkako protestekin parekatu zuten atzoko eguna manifestariek, eta 2222 moduan izendatu zuten, 1988ko abuztuaren 8an izandako matxinadei erreferentzia eginez —orduko junta militarraren kontrako protestak izan ziren egun hartan, eta ehunka lagun hil ziren—. Aung San Suu Kyi izan zen protesta haien bultzatzaileetako bat, otsailaren 1era arte herrialdeko Estatu kontseilaria zena. Bi aroetako borrokaldien lotura irudikatu nahi izan dute estatu kolpearen aurkakoek.

Begia atzoko egunean jarria zuten, baina protesta liskartsuenak asteburuan izan ziren. Mandalayen, Poliziak bi lagun hil zituen tiroz, manifestariekin izandako liskarretan, eta otsailaren 1ean zauritutako beste protestari bat ere hil zen ostiralean. Junta militarrak manifestariak egin zituen egoeraren erantzule igandean, MRTV telebista kate publikoan zabaldutako mezu batean: «Herritarrak konfrontazioaren bidea hartzera bultzatzen ari dira; bereziki, nerabeak eta gazteak». Ohartarazi zuten protestekin aurrera eginez gero balitekeela horietako askok «bizia galtzea» .

Protestak mugatzeko asmoz, herrialdeko zenbait errepide moztu ditu egunotan junta militarrak; Yangon eta Naypyidaw hirien arteko joan-etorriak mugatu zituen greba egunaren aurretik. Horrez gain, Internet konexioa ere eten zuten, mobilizazioen deialdiak ahalik eta gutxien zabaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.