Hipoteka izoztu ahalko dute 29.400 eurorainoko errenta dutenek

Euriborraren igoera bortitzari aurre egiteko neurri sorta bat adostu dute Espainiako Gobernuak eta bankuek. Maileguak itzultzeko epea zabalduko diete estu dabiltzanei

Iker Aranburu.
2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Hipotekaren garestitzeari aurre egiteko zailtasunak dituzten herritarrek aukera izango dute beren kuotak urtebetez izozteko. Hori da Espainiako Gobernuak bankuen patronalarekin negoziatutako neurrien artean deigarriena, eta 750.000 bat familiari lagun diezaieke, Madrilen kalkuluen arabera.

Bigarren aldia da Espainiako Gobernuak eta bankuek hipoteken inguruko neurriak hitzartzen dituztela, baina testuingurua desberdina da. 2012an, Praktika Onen Kodea izenekoa adostu zuten, Atzeraldi Handiak Espainiako langabezia tasa berriro %20tik gora eraman eta hipotekak ordaintzeko zailtasunak hedatu zirenean. Kode hori, ordea, oso jende gutxik baliatu ahal izan zuen, baldintzak oso zorrotzak baitziren.

Oraingoan, ordea, arazoa ez dalangabezia handitu dela, baizik eta interes tasak oso bizkor ari direla igotzen inflazio handiari aurre egiteko, eta hori igoera bortitzak eragiten ari da Euriborrean.

Tasa aldakorreko maileguen kuota kalkulatzeko gehien erabiltzen den indizea da hamabi hilabeteko Euriborra, eta urte hasieratik hiru puntu portzentualetik gora handitu da: urtarrilean -%0,477an zegoen, apirilean maila positibora itzuli zen (%0,013), eta urrian %2,629ra heldu zen. Azaroan gora egiten ari da, baina askoz motelago: %2,81 da oraingoz batezbestekoa.

Horrek berekin ekarri du hipotekaren zenbatekoa orain berrikusi behar dutenek 200 eurotik gorako igoera izan dutela hilero. Inoiz izandako garestitzerik handiena da, eta inflazioa familia gehienen patrika gogor astintzen ari den garai batean iritsi da.

Erdiko klasearentzat

Oraingo neurrien helburua da familia gehiagori eragitea. Laguntza jasotzeko muga 29.400 euroko errentara igo dute, «zaurgarritasun arriskuan dauden erdiko klaseko familiei» ere laguntzeko, Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroak azaldu duenez.

Hiru dira hipoteka ordaintzeko zailtasuna dutenei bere bankuek eskaini beharko dizkieten laguntzak: kuota izoztea urtebetez, hipoteka ordaintzeko epea gehienez zazpi urtez zabaltzea, eta atzeratutako ordainketek interes apalagoak ordaintzea. Gainera, ez dute interesik ordainduko mailegua aldez aurretik amortizatzen badute edo tasa aldakorretik finkora igarotzen badira.

Bi baldintza bete beharko dituzte hori eskatzen dutenek: hipoteka ordaintzeak hileko diru sarreren %30etik gora hartzea, eta eguneratzeak %20tik gorako garestitzea eragin izana.

Praktika Onen Kodean ere aldaketak egingo dituzte. 25.200 eurorainoko diru sarrerak dituzten familientzat izango da, eta aukera gehiago izango dituzte interes tasak jaisteko —Euribor -%0,1 jaso ahal izango dute, gehienez bost urtez—, tasa aldakorretik finkora aldatzeko eta mailegua ordaintzeko epeak luzatzeko. Azken urteetan eman diren lau mailegutik hiru tasa finkokoak izan diren arren, oraindik indarrean dauden mailegu hipotekarioen %73 tasa aldakorrekoak dira.

Borondatezkoa

Finantza erakundeak ez dira behartuta egongo akordioan parte hartzera, baina, hala ez egiteak eragin dezakeen irudi txarraren ondorioz, gehienek bat egitea espero da. «Nik espero dut guztiak batuko direla; herritarrei laguntzeko garaia da», esan duCalviñok. Haren asmoa da neurriak urtarrilaren 1ean indarrean jartzea, baina ikusteko dago dekretua berresteko nahikoa babes lortzen ote duen, koalizioko kide txikienak, UPk, ziurtatu baitu neurriak «motz» geratu direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.