Mugak gotortu eta kanporatzeak azkartu nahi ditu Bruselak

Europako Batzordearen proposamenak ez du jasotzen migratzaileak banatzeko kuota sistemarik. Poloniaren eta Hungariaren mesfidantzak gainditzea du helburu egitasmoak

Hiru migratzaile Portugalgo Loule herrian, itsasoan erreskatatuak izan ondoren. LUIS FORRA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Martxorako behar zuen itxia migratzaileen inguruko Europako Batasunaren proposamenak, baina Poloniaren eta Hungariaren jarrerak lehenik eta pandemiak ondoren atzeratu egin dituzte Bruselaren planak. Bi herrialde horiek hasieratik agertu dira Europara asilo eske heltzen diren migratzaileak kuota bidez banatzearen aurka, eta, ondorioz, banaketa zehaztuko duen oinarririk gabe, Grezia, Italia eta Espainia izan dira azken urteotan migratzaile gehien hartu dituzten estatuak.

Margaritis Schinas Batzordeko presidenteorde eta Europako Bizimodua Babesteko komisarioak,eta Ilva Johansson Barne komisarioak atondu duten planaren arabera, indartu egingo litzateke kanpo mugen gaineko zaintza eta azkartu kanporaketak.

Mugako polizia bilakatu den Frontexi baliabide teknologikoak bermatuko dizkiote EB Europako Batasuneko kanpo mugak airez eta itsasoz zaindu ditzan. Horrez gain, «erantzun azkarreko taldeak» ere izango ditu erakundeak, EBn paperik gabe sartzen saiatzen diren migratzaileak atzeman eta unean bertan kanporatzeko. «Krisi bat» piztuz gero, berriz, estatu kideei laguntza eskatu ahal izango die.

Kanporatzeak azkartu eta ugaritu ere egin nahi ditu Bruselak, eta, horretarako, asiloa ukatzen denetik eskatzailea kanporatzen den arteko tartea murriztu nahi du. Helburu horrekin, migratzaileen jatorrizko herrialdeekin akordioak hitzartu ditu azken urteetan, eta dagoeneko 82 sinatu ditu —duela bost urte 14 ziren—.

Bide batez, kuota sistema ere ezabatu egingo dute. Era horretan, estatu kideek ez dituzte gutxieneko migratzaile kopuruak onartu beharko, eta, aldiz, nahikoa izango lukete haiek hartzen dituzten herrialdeei «laguntza» eskaintzea.

Testua, ordea, proposamena besterik ez da oraingoz. Europako Batasunak datozen asteetan eztabaidatu eta onartu beharko du. Dena den, uztailaren 1etik EBko Kontseiluaren presidentetza duen Alemaniak berak ere ez du itxaropen handirik. Angela Merkel kantzilerrak argi utzi zuen bere agintaldiko lerro nagusiak aurkezterakoan, ez duela espero akordiorik datorren urtearen amaierara arte, eta orain ezer lortzekotan behin-behineko hitzarmenak liratekeela.

2015ean, milaka migratzailek Siriako gerratik ihesi Europarako bidean hartu zutenean ere ahalegindu zen Brusela, EBren kanpoaldeko muga osatzen duten herrialdeen zama arintzen. Ordu hartan, kuota sistema ezarri zuen Batzordeak, eta estatu kideen artean banatu zituen EBk hartu beharreko 160.000 iheslariak. Estatuek, ordea, ez zuten hitza bete, eta soilik 34.705 asilo eskatzaile lekualdatu zituzten. Poloniak, Eslovakiak eta Hungariak akordioaren aurka jo zuten, eta zalantzan jarri zuten haren legezkotasuna bera. Europako Justizia Auzitegiak bi urte geroago ebatzi zuen auzia eta Bruselaren alde egin zuen. Aipatu hiru herrialdeek, ordea, uko egin zioten asilo eskatzaileak hartzeari. Porrot hura ahaztu nahi du orain EBk, eta migratzaileen inguruko politikak baliatu nahi ditu batasun itxura emateko.

Erreskateak

Europako Batzordeak migratzaileen inguruko politikak zehazten dituen bitartean, gobernuz kanpoko erakundeek itsasoan erreskateak egiten jarraitzen dute. SOS Mediterranee GKEaren Ocean Viking itsasontzia atzo abiatu zen Marseillatik (Okzitania) Libiako kostaldera, 15 eguneko berrogeialdia bete ostean.

Erreskate lanetan ari dira aurrez ere Mare Jonio eta Sea Watch 3 ontziak. Bien artean 278 pertsona erreskatatu zituzten joan zen astean Libiako kostaldean. Asteburuan utzi zituzten guztiak Siziliako portuan (Italia). Gobernuz kanpoko erakundeek ohartarazi dute egoera larria dela oraindik, eta ohartarazi pandemia dela-eta ezarritako segurtasun neurriek ez dituztela migratzaileak gelditu. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren datuen arabera, 339 pertsona hil dira Mediterraneoan urtea hasi zenetik.

Alde horretatik, EBrekin migratzaileak geldiarazteko akordioa hitzartu zuen Turkia oso kritiko agertu da Bruselarekin. «Turkiak besoak zabalik hartzen ditu migratzaileak, haien jatorriari begiratu gabe; aldiz, baliabide gehiago dituzten herrialdeek kuotak jartzen dizkiete asilo eskatzaileei», salatu du Recep Tayyip Erdogan presidenteak. Turkia da gaur egun iheslari gehien hartu dituen herrialdea, gehienak Siriako gerratik ihes egindakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.