Israelen gutxienez 45 erromes hil dira zapalduta erlijio jaialdi batean

10.000 lagunentzat prestatutako eremu batean 30.000tik gora zeudela uste dute antolatzaileek

Ezbeharra gertatu zen ingurua, Meron mendian. ABIR SULTAN / EFE.
Edu Lartzanguren.
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Gutxienez 45 pertsona hil eta 150 inguru zauritu ziren herenegun Israelgo ipar-ekialdean, gauean egin zen erlijio ekitaldi batean. Meron mendiaren magalean milaka pertsona baturik zeuden, Lag B'Omer jaialdirako, eta jende pilaketa bat gertatu zen.

Dozenaka mila pertsona zeuden jaialdian, Israelen izurria hasi zenetik herrialdean eginiko ekitaldirik jendetsuenean. Poliziaren arabera, ezbeharra hasi zen erromes talde bat handik irteten hasi eta pasabide estu batean sartu zirenean. Haietako batzuek irrist egin zuten eskailera batzuetan, eta, ondorioz, haien atzetik eta aurretik zihoazen asko ere erori egin ziren, eta jendetzak zapaldu egin zituen.

Agintariek 10.000 lagunen bilkura zuten baimendua, baina, antolatzaileen arabera, 650 autobus baino gehiago heldu ziren herrialde osotik, eta erromesak 30.000tik gora zirela uste dute. Zenbait iturriren arabera, 100.000 ere izan zitezkeen.

Dolu eguna

«Hondamendi handia» izan dela adierazi zuen Benjamin Netanyahu lehen ministroak, eta dolu egun nazionala izendatu du igandea. «Bihotza urratzeko moduko irudiak ikusi ditugu. Jendea hil arte zapalduta, tartean baita haurrak ere». Gobernuburuak eskertu egin zuen erreskate taldeek egindako lana, eta eskatu zien herritarrei ez zezatela hildako eta zaurituei buruzko zurrumurrurik zabaldu identifikazio lanak amaitu bitartean. Bide batez, iragarri zuen ikerketa bat zabalduko dutela gertatutakoa argitzeko.

Pandemia hasiz geroztik egindako ekitaldi jendetsuena izan zen ostegun gauekoa, eta, hori aurreikusita, agintariek 5.000 polizia bidali zituzten bertara. Atzo fiskaltzak iragarri zuen ikertu egingo dutela segurtasun indarrek eragotzi ote zezaketen ondoren gertatu zen hondamendia.

Txertaketa kanpaina handia egin du Israelek, eta kutsatze kopurua asko jaistea lortu du. Horregatik, azken egunetan, asko arindu dituzte izurriari aurre egiteko neurriak. Edonola ere, Poliziak esan du ezin izan zutela osasun neurririk hartu jaialdian, jendetza oso handia zelako.

Judu ortodoxoek urtero egiten dute erromesaldia Meron mendira. Han dago Shimon Bar Yochai errabinoaren hilobia, juduen leku sakratuenetako bat da. Sua pizten dute gauean, eta dantza eta otoitz egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.