Norvegiakoa «eraso terrorista» bat izan ote den ikertzen ari da Polizia

Gizon batek bost pertsona hil ditu Kongsberg hirian. Poliziak aurrez ezaguna zuen erasotzailea

Kandelak eta loreak jarri dituzte erasoak izan diren gunean. TERJE PEDERSEN / EFE.
Edu Lartzanguren - Arantxa Elizegi Egilegor
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Norvegiako hegoaldeko Kongsberg hirian gertatu zen erasoa, herenegun arratsaldean. Gizonezko batek jendearen aurka geziak botatzeari ekin zion arku batekin, supermerkatu batean. Bost pertsona hil zituen, eta beste bi zauritu. Danimarkako 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, eta Poliziak esan zuen ikertzen ari direla ea erasoa «terrorismo ekintza» bat izan ote den. Azaldu zuten atxilotua musulman bihurturikoa dela, eta muturreko islamismoaren ingurukoen zerrenda batean egon zela. «Polizia egon zen harekin harremanetan lehendik ere, kezka zegoelako muturreko joerak hartu ote zituen», esan zuen Ole Bredrup Sæverud Norvegiako hegoaldeko poliziaburuak. Erasotzailea aspaldi bizi zen Kongsbergen.

Agintariek adierazi zutenez, Coop Extra supermerkatuaren barruan gertatu zen sarraskia. Erasotzaileak lau emakume eta gizonezko bat hil zituen, 50 eta 70 urte artekoak. Zaurituen artean polizia bat dago, dendan zegoena lanorduetatik kanpo. Hiriko Poliziak adierazi zuenez, liskarrean aritu ziren agenteak eta erasotzailea, eta azken horrek hasieran ihes egitea lortu zuen. Edonola ere, erasoa hasi eta ordu erdira atxilotzea lortu zuten. Bitartean, herritarrei etxean geratzeko eskatu zieten.

Arku geziez gain, erasotzaileak arma gehiago erabili zituela esan zuen Poliziak. 37 urteko gizonezkoa bihar goizean pasatuko da epailearen aurretik. Suzko armak ez bezala, arku eta geziak ez dira legez kanpokoak Norvegian. Baimenduta dago halakoak erosi eta edukitzea, eta jabeek ez dute zertan horiek erregistratu, baina soilik horretarako prestatutako guneetan erabil ditzakete.

Bakarrik

Erasotzailea Drammen herriko polizia etxera eraman zuten erasoa izan eta ordu gutxira. Astearte gaua han igaro eta berehala hasi ziren segurtasun indarrak hura galdekatzen. Iturri ofizialen arabera, gizonak ez du oztoporik jarri galderei erantzuteko, eta segurtasun indarrek ez dute uste erasoa aurrez antolatutakoa izan denik. 37 urteko gizonezkoak bazituen aurrekari penalak, baina gehienak lapurreta txikiengatik eta droga trafikoagatik. Iaz, baina, sei hilabeteko urruntze agindua ezarri zioten senide bati heriotza mehatxuak egiteagatik. Dena den, Norvegiako Gobernuak ez du alerta maila handitu, eta, nahiz eta aitortu duen badela arriskurik «eraso terrorista bat» jasateko, nabarmendu du arrisku hori «edonon eta edonoiz» egon daitekeela, «ohikoak» bilakatu baitira pertsonen aurkako ausazko erasoak. Halere, herrialdeko poliziei armak aldamenean hartzeko agindua eman die zuzendaritzak. Normalean ez dute halakorik egiten.

Gertatutakoak erreakzio gogorrak eragin ditu agintari eta ordezkari politikoen artean. Orain arte lehen ministro karguan aritutako Erna Solbergek eta haren tokia hartu berri duen Jonas Ghar Store laboristak gogor gaitzetsi dute atentatua, eta Norvegiako errege etxeak elkartasuna helarazi die biktimei. Herritarrak «hunkituta» daudela azaldu du Kongsbergeko alkate Kari Anne Sandek: «Jende asko bizi da inguru honetan. Oso jende normala, bizimodu normala duena. Oso gertakari tragikoa bizi izan dugu». Udalak krisi mahai bat ere jarri du martxan biktimei eta haien senideei laguntzeko.

Erasoak gogora ekarri du 2011ko uztailaren 22an Anders Behring Breivik eskuin muturreko jarraitzaileak eginikoa. 69 lagun hil zituen Utoya uhartean, tiroz, eta beste zortzi Oslon, bonba-autoz. Norvegiako justiziak 21 urteko kartzela zigorra ezarri zion 2012an. Duela bi urteko abuztuan, berriz, Philip Manshaus neonaziak Osloko meskita batean otoitzean ari zen herritar talde bati eraso zion tiroz, eta hainbat lagun zauritu zituen, arin. Herritarrek eurek geldiarazi zuten Manshaus. Gero jakin zen, ordea, meskitan sartu aurretik arrebaordea hil zuela tiroz. Emakumea txinatar jatorrikoa zen, eta fiskaltzak «hilketa arrazista bat» egitea egotzi zion erasotzaileari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.