Zinemaren udaberri eskoziarra

Etxepare institutuak euskal zinema erakusteko programa bat osatu du Cinema Attic eta Edinburgh International Film Festival jaialdietan

Ezker-eskuin, Irene Larraza, Bingen Zupiria, Koldo Almandoz, Iban del Campo eta Begoña Vicario. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Urtaroaren aldaketarekin batera, euskal musikagintzatik euskal zinemagintzara egin dute jauzi Eskozian. Herrialde horretan euskara eta euskal kultura ezagutarazteko, Etxepare Euskal Institutuak ScotlandGoesBasque egitasmoa abiatu zuen urtarrilean, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Euskal musikariak izan ziren hara bidaiatzen lehenak, Glasgowko Celtic Connections jaialdian parte hartu baitzuten hainbatek. Egunotan, musikatik zinemagintzara egin dute jauzi, euskal zinemaren hainbat lan emango baitituzte Cinema Attic eta Edinburgoko Nazioarteko Zinema jaialdien programazioetan.

«Euskal zinemagintzaren azken lau hamarkaden lagin bat erakutsi nahi dugu Eskozian. Hautaketa egitean hainbat ardatz hartu ditugu aintzat, eskoziar ikusleei ahalik eta ikuspegirik zabalena aurkeztea baita gure asmoa», azaldu du Irene Larraza institutuko zuzendariak. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak ere bat egin du. «Gure filmak erakustea, gure herria, gure historia eta dugun gizartea erakustea ere bada». Atzo egin zuten programaren aurkezpena, Bilboko Arte Ederren museoan, eta datozen egunetan Eskoziarako bidea hartuko duten Koldo Almandoz, Begoña Vicario eta Iban del Campo zinema zuzendariak ere izan ziren bertan.

Montxo Armendariz zinema zuzendariaren Tasio (1984) filma izango da Eskozian erakutsiko den lanik zaharrena: gaur bertan egingo dute emanaldia, Glasgowko jaialdian. Lanik garaikideena, berriz, Almandozen Oreina (2018) izango da. «Unean uneko gizartea erakustea da zinemagintzaren egitekoetako bat, eta errealitate garaikide hori erakustea aldarrikatzen dut nik. Uste dut garrantzitsua dela Edinburgora joatea, lehian jartzen gaituelako munduan egiten diren beste pelikula eta zinema garaikideekin. Jaialdi garrantzitsua da, eta merezi du halako foroetara joatea eta non gauden ikustea: zorionerako batzuetan, eta zorigaitzerako, besteetan. Hain justu, aldagai horrek bihurtzen gaitu normal mundu honetan».

Larrazak azaldu duenez, 1980ko hamarkadatik hona zinemagintzan jardun diren hiru belaunaldietako zuzendarien filmak ikusiko dituzte Eskozian. Lehen belaunaldikoen artean, Armendarizek ekoitzitako Tasio eta Obaba (2005) filmak eta Victor Erizeren El espíritu de la colmena (Erlauntzaren espiritua, 1973) azpimarratu ditu. Bigarren belaunaldiko zinemagileen lanen erakusgarri, Julio Medemen Vacas (Behiak, 1992), Alex de la Iglesiaren El dia de la bestia (Piztiaren eguna, 1995) eta Enrique Urbizuren No habra paz para los malvados (Ez da bakerik izango maltzurrentzat, 2011) aipatu ditu Larrazak; eta, hirugarren eta azken belaunaldiaren ordezkari gisa, aldiz, Telmo Esnalen Dantza (2018) Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak (2014), Ana Schulz eta Cristobal Fernandezen Mudar la piel (Azala aldatu, 2018) eta Almandozen Oreina.

Film laburren uzta

Film luzeez gain, erakutsiko dituzte Kimuak programaren 2018ko uztako film laburrak ere: Maddi Barberren 592 metroz goiti, Josu Martinezen Ama, Maria Elorzaren Ancora Lucciole (Oraindik ipurtargiak) eta Iban del Camporen Espedizio handia dira horietako batzuk. «Lehen aldia da euskarazko zientzia fikziozko lan bat egiten dudala. Esperimentua izan da niretzat, eta kuriositate handia dut ikusteko zer-nolako harrera duen Edinburgoko jaialdian», aitortu du Del Campok.

Film proiekzioez gain, tailerrak ere eskainiko dituzte bertaratzen diren euskal zinemagileek. Emakumeek sortutako animaziozko lanak aztertzeko, Great Basque Women Animators (Euskal emakume animazio egile handiak) saila antolatu dute. Vicariok solasaldia egingo du bihar programa horren barruan, Izibene Oñederra zinemagile, ikerlari eta EHUko irakaslearekin batera, Edinburgoko Arte Ederren eskolan. Glasgowko Arte Garaikidearen zentrora joango dira etzi. «Aukera ederra da guretzat», dio Vicariok.

Rafael Balerdi artista izan du berbagai. «Aurten 50 urte betetzen dira Balerdik Tarzani eginiko omenaldia. I Kapitulua. Ehiztari inkontzientea film laburra Bilboko Zinebi jaialdian aurkeztu eta saria jaso zuela. Animazio esperimentalaren kate horren katebegi sentitzen gara gu. Orain eta hemen egiten dugunak lotura du Balerdi, [Jose Antonio] Sistiaga eta bide horretan aritu diren hainbatekin. Jende askok ez daki, baina animazio industriala, Juanba Berasategi eta bere Kalabaza tripontzia, hamarkada bat beranduago gertatu ziren. Gurean, autore animazioarekin hasi zen esperimentalismoa».

Aurreko sortzaileek urratutako bidearen segida da haiena, Vicarioren esanetan. «Nola sortzen dugun erakutsiko dugu Eskoziako solasaldietan». Banakako eta taldekako lanak ondu dituzte zinema zuzendari biek. «20 artista inguruko taldearekin egin ditugu gure azken lanak, eta nola egiten dugun erakutsiko diegu». Beti bezperako koplak (2016) eta Areka (2017) lanak aipatu ditu, tartean. «Beste bi ditugu esku artean». Etorkizunera begira jarri da segidan. «Akaso ur handietan sartuko gara. Izan ere, animaziozko film luze kolektiboa egiteko asmotan gabiltza. Proiektua besterik ez da, baina horren berri ere emango diegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.