Albistea entzun

Donostiako 70. Zinemaldia

Mapa bat irudikatzeko soinu banda

'Black is Beltza II: Ainhoa' filmaren musika disko batean bildu du Fermin Muguruzak. Mursego arduratu da kantuen arteko loturez
Fermin Muguruza, Andres Kamio <em>Jitu</em> eta Maite Arroitajauregi <em>Mursego</em>, atzo, Donostian.
Fermin Muguruza, Andres Kamio Jitu eta Maite Arroitajauregi Mursego, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde -

2022ko irailak 16 - Donostia

Kubatik Euskal Herrira, eta hortik Libanora, Afganistanera, Kurdistanera eta Marseillara, eta, ondoren, Euskal Herrira itzuli. 1980ko hamarkadako azken urteak dira, eta bidaia iniziatikoa egingo du Fermin Muguruzaren Black is Beltza II: Ainhoa animaziozko filmeko protagonistak. Ezagutuko ditu polizia terrorismoa, faxismoa, fundamentalismoa... baina baita adiskidetasuna eta elkartasuna ere. Eta bidaia horretan musikak lagunduko dio etenik gabe, garai baten eta kultura ezberdinen lekuko eta isla bilakatuta. Azalduko dira Kortatu, RIP, Cicatriz eta Barricada, Mikel Laboa eta Imanol, eta baita Beni More, Tania Saleh, Bakht Zamina, Redskins, The Pogues eta Massilia Sound System ere. Horien guztien eta beste hainbaten kantuek osatzen dute, hain zuzen ere, pelikulako soinu banda, Muguruzak berak aukeratu eta Maite Arroitajauregi Mursego-k harilkatu dutena —azken horrena da, bestalde, filmeko musika originala—. Elkarrek eta Talkak argitaratu dute diskoa elkarlanean.

Atzo aurkeztu zuten soinu banda Donostian, Kursaalaren parean. Izan ere, Donostiako 70. Zinemaldiaren barruan estreinatuko dute filma, hilaren 23an Belodromoan egingo duten emanaldi jendetsuan. Eta jendetsua izan zen atzoko aurkezpena ere, filmean eta soinu bandan parte hartu duten hamaika lagunez gain, lagun ugari bildu baitzen bertan. Gainera, Mursegok eta Liher taldeko Lide Hernandok nahiz Iñigo Etxarrik bina kantu ere jo zituzten, Mr. Ze-k mural bat margotzen zuen bitartean.

Black is Beltza-ren lehenengo partearen soinu banda Muguruzak berak eta Raul Refree musikari kataluniarrak osatu zuten, eta bigarren parte horretarako Mursego izan zuen buruan Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria izan zenak, hainbat arrazoi direla eta: «Ni Mursegoren oso fana izan naiz beti, eta berak egin duen dena jarraitu dut. Horregatik berarekin egin nahi nuen hau». Egon da, gainera, «osagai emozional bat ere», Muguruzak Mursegorekin lan egiteko gogo horren atzean. «Proiektu honek dauka bihotz handi bat, guk jarri duguna, eta gero dago Iñigo anaiak jarri duena. Mursegorena izan zen nik Iñigorekin ikusi nuen azkeneko kontzertua, eta horrek ematen zion beste balio sentimental bat».

Izan ere, Iñigo Muguruzaren presentzia Black is Beltza II: Ainhoa-ren oinarri-oinarrian dago. «Hil zenetik egin dudan guztia harekin erlazionatuta egon da, Iñigorekin egin nuen musikarekin, harremanekin, bidaiekin... Egiten dudan gauza bakoitzean, ondoan daukat. Etengabe etortzen zait burura galdera: 'Zer esango zidan berak momentu honetan?'».

Munduan barrena

Soinu banda Kortaturen Zu atrapatu arte-rekin hasten da, Imanolen Lau haizetara-rekin segitzen du, eta jarraian dator Sarri, Sarri:«Noizbait deskontestualizatu bada ere, guk bere testuinguruan jarri dugu kantua, lotzen delako Sarrionandiaren eta Pitiren ihesaldiarekin». Handik Kubara egiten du jauzi diskoak, Beni More-ren Castellano, que bueno baila usted-ekin, eta Euskal Herrira bueltan, Ainhoa bertaratzearekin batera, iritsiko dira Broken Brothers Brass Band-en Nicaragua sandinista-ren moldaketa, RIP-en Terrorismo policial, Cicatrizen Botes de humo eta Kortaturen beste hainbat kantu.

Pelikulak bidaia bat proposatzen duen bezala, soinu bandak ere munduan zeharreko musika mapa bat eskaintzen du. Entzuten dira bertan Amal Markus palestinarraren Memories of a Palestinian Wound, Redskins talde ingelesaren The Power is Yours, Tania Saleh libanoarraren A Corner in Your Heart, Afganistan sozialista erori ostean fundamentalistek hildako Bakht Zaminaren pieza bat eta Khan Qarabaguiren beste bat, The Poguesen Turkish Song of The Damned, Welate Me Kurdistango bandaren Denge Jinen Kurd eta beste hamaika pieza. Eta, amaieran, Zu atrapatu arte-ren Mursegoren moldaketa bat.

Iñigo anaia gogora ekarrita laburbildu zuen musika bidaia Muguruzak: «Hark askotan aipatzen zuen Salvador Allenderen esaldi bat: 'Ez dago iraultzarik kanturik gabe'».

Mursego arduratu da kantu horiek guztiak harilkatzeaz, eta, proposamena jaso zuenean, «erronka» gisa hartu zuen. «Nik halakoetan erreferentziak bilatzen ditut, eta, hasieratik, Ferminek Peaky Blinders telesaila aipatu zidan. Peaky Blinders-en badira kantu originalak eta baita kantu horiek lotzen dituzten pasarteak ere». Beste erreferentzietako bat, berriz, Kill Bill filma izan zuten. «Ikusi nuen Tarantinok Wu Tang Clan-eko RZA-ri deitu ziola soinu banda egiteko, eta hasi nintzen ikertzen eta irakurtzen horri buruz. Ohartu nintzen sampler-ak asko erabili zituztela, baina nik ez nuen inolako jakintzarik. Tutorialekin-eta, ikasi dut».

Filmean, izan ere, kantu originalak, kantuen arteko loturak, eta bi bertsio ere sartu dituzte. Betiere, pelikulako soinu mapa eraikitzeko: «Musikak lekukotasuna ematen dio istorioari, geografikoki, historikoki eta denboraren aldetik».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Gaztetxo talde bat, atzo goizean, Durangoko Azokako ateak irekitzeko zain. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Galdera olde bat ateei bultzaka

Andoni Imaz

Ehunka gazte izan dira Durangoko Azokako Ikasle Goizean, eta haiek ekarri dituzte azokaren itzulerako lehen pilaketak. Kontzertuetan eta tailerretan ere parte hartu dute gazteek
Aurten, 248 erakusmahai jarri dituzte guztira Landako gunean, eta 930 nobedade daude bertan salgai. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Eta azkenik argia?

Itziar Ugarte Irizar-Iñigo Astiz

Itxaropentsu daude liburu eta disko saltzaileak aurtengo Durangoko Azokak har dezakeen itxurarekin. Azken bi urteak gorabeheratsuak izan direla diote, eta izan da 2020. eta 2021. urteak «hekatonbetzat» jo dituenik ere
Atzoko irekiera ekitaldiko irudietako bat. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Nerea Mujika: «Bi urte beldurgarriren ondoren, ospakizun garaia iritsi da»

I. Astiz

Gerediaga elkarteko kideek eta ordezkari politikoek «poza» adierazi dute irekiera ekitaldian, Durangoko Azokak ohiko itxura berreskuratzeagatik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...