Jon Alonso.
HIRUDIA

Bestetarrak, guretarrak…

2018ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Chestertonzaleentzako moduko euskal paradoxa, arrantzale zumaiarrek esan ohi zutena, omen: ura balego, ardoa edango; urik ez denez, ura edan behar).

Oso interesgarria iruditu zait bestetar literario miretsiarena. Maialen Berasategirena irakurri eta batere pentsatu beharrik gabe hiru izen etorri zaizkit, tupustean: Nabokov, Conrad eta Céline. Usu ex-catedra ari den aristokrata bat, lehena (gogoratzen naiz beraren oso antzekoa imajinatzen dudan pertsonaia batek zer nolako ziurtasunez epaitzen duen, moralki, hiru edo lau mende lehenago bizi izan den pintore bat, La Veneziana izeneko ipuinean; baina zer erudizio, eta zer prosa distirant!); aberria apetaren arabera aukeratu zuen intrantsigente zorrotz eta larderiatsu bat, bigarrena (baina a ze burutazio, Greenwicheko meridianoan lehergailu bat jartzea, Agente sekretua liburuan!); kolabo faxista bat, hirugarrena (baina Gauaren muturrerainoko bidaia delakoan lerro bakoitzak zafratu egiten zaitu, inarrosi!). Bestetarrengandik bereizten gaituen sakanaren gainetik jauzi egiteko literaturarako gustua eta eskuzabaltasuna behar dira... eta beste zerbait; denbora, distantzia... beharbada? Halako zeozer. Izan ere, Vargas Llosarekin ez zait Nabokovekin bezala gertatzen. Bestalde, Maialenek esaten duenak badu B aldea edo ifrentzua: bestetar miretsia dagoen bezala, guretar jasanezina ere bada. Ez dut izenik emango, zer gerta ere.

Eta horrek ematen dit bidea Rikardok planteatzen duen gaian sartzeko. Interesgarria bezain zahar eta konponezina, bestalde. Ea ba: ni guztiz bat nator literatura izena merezi ez duen zikinkeria asko publikatzen delako ideia horrekin. Are, ziur naiz jende askok berdin uste duela. Ados jartzen lanak, ordea. Kasu zehatzetara joanda, ziur naiz askotan ados geundekeela Rikardo eta biok. Baina beste askotan ez: Rikardori kakazaharra irudituko zaizkio niri onak eta are oso onak iruditu zaizkidan gauzak, eta alderantziz, niri afruskeria galantak hark sublimetzat jotako beste batzuk. Nork dauka arrazoi? Historikoki arazo hau honela konpondu izan da: utzi alde batera Arregi eta Alonso —eta Berasategi—, eta jar ditzagun A eta B. A kategoriakoei egokituko zaizkie kanona sanzionatzeko ahalmena eta boterea —idazle kanonikoak izatea, idazleak badira—, eta B kategoriakoei kontra guztiak garatzeko pribilejioa (kontraboterea, kontrakultura…; madarikatua izatea, idazlea bada). A burgesiaren xarma diskretoaz gozatuko da, eta B-k malditismoen nektar ezkutu eta erogarriak edango ditu. Ez da zehatz Kronopioak eta Famak, baina badu zerbait horretatik. Nork dauka arrazoi? Biek eta inork ez. Batak zein besteak, biek pairatuko dute dena, guztia —eta aldi berean!—, ezin gozatzearen madarikazioa. Gehienez ere bata ala bestea gozatzen ahalko dute, aldika, baina kasu: uste baino ohikoagoa da poeta maldito izatea arrakastaren loria eta patrika behar-beharrezkoak direnean eta Parnasotik korreoz bidalitako ezti-potoak goizero jasotzea medikuak galarazi dizunean. Nork dauka arrazoia? Baliteke (baliteke?) bere proiektu literarioaren alde publiko gehien biltzen duenak edukitzea —merkatuan arrakasta duenak, alegia—; baina usu —eta zer esanik ez merkatu urria duen literatura batean—, adiskide fidelen kapilla batek asetasunerako arrazoi handiagoak ematen ditu merkatu arrakastak baino. Nork dauka arrazoi? Eta zer inporta du? Kontua da denbora pasatzea, denborak norberaz paso egin baino arinago. Eta hau guztia esanda, gaineratu dezadan niri ere gustatu zitzaidala Katixarena, garbi geratu zaidala Katixa eta Rikardo ez direla adiskideak (oraingoz bederen), eta zintz egiten dizuedala, nire aldetik, bosgarren artikulua idatzi arte (hau hirugarrena da, ezta?) ez dudala nire adiskideren baten libururik gomendatuko.

O'harra: salbuespen bakarra ezagutzen dut dena aldi berean ezin gozatzearen arauan: handira eta txikira egoten maisu den idazle batena; bestalde, ikusten dut inork ez diola heldu nahi koroaren eta euskal literaturaren arteko harremanen gaiari. Jakina, idazle batzuk u(z)kiezinak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.