Underground giroa, euskaraz

Farmazia Beltza argitaletxeak Zerocalcare komikigilearen 'Hondamuinean' lana argitaratu du. Koldo Izagirrek euskaratu du liburua

Ezkerretik eskuinera, David Zapirain, Garbiñe Ubeda eta Koldo Izagirre, komikiaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2018ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Gazteleraz baino lehenago eta ia-ia frantsesezkoarekin batera. Garaipen txiki hori nabarmenduz aurkeztu dute Hondamuinean komikia Farmazia Beltza argitaletxekoek. Europan eta Ameriketan milaka eta milaka komiki saltzen dituen Zerocalcare komikigile italiarraren lana da, euskarara itzulita. Eta Garbiñe Ubedaren esanetan, «astroen gurutzaketa polit baten emaitza» da argitalpena: komikia euskaratu arte bakerik eman ez duen David Zapirainen eta euskal letretan «joera eta estandar guztien gainetik» dabilen Koldo Izagirreren arteko gurutzaketaren emaitza. Azken horrek egin du itzulpena. «Komiki honek behar zuen estandarra gainditzea, kutsu underground edo kale hizkera bat lortu ahal izateko, eta ezinbestekoa zen Koldo bezalako pertsona batek itzultzea, edo sortzea esango genuke; askotan, itzuli baino gehiago, sortu egin behar izaten baita».

Autofikzioa egiten du Zerocalcarek —Michele Rech da haren izena—, eta bi gai nagusi ditu komikiak. Alde batetik, protagonistak nola bizi duen arrakasta, bera denari uko egin gabe; bestetik, lagunen etengabeko prekaritatearekin lotzen du egoera hori. «Prekaritate horrek lagun minenen artean ere nola gaiztotudezakeen giroa, oso gai bortitza da, eta Zerocalcarek oso modu esplizituan azaltzen du», esan du Zapirainek. Komigileak bibisekzio bat egiten duela gaineratu du, «gurea eta gizartearena». Kontatzeko modu gordina du, umoretsua baina errukirik gabea. «Ez da odolik, baina gai aldetik oso liburu bortitza da; nik bigarren partea behin baino gehiagotan itxi dut».

Hizkuntza moldatzea izan da itzulpenaren erronkarik latzena. Izagirrek azaldu duenez, hiru hizkera erabiltzen ditu Zerocalcarek: narratzaileak lehen pertsonan erabiltzen duena, narratzaileak bere inguruarekin erabiltzen duena, eta, azkenik, umetako lagunekin erabiltzen duena. Modu narrasean hitz egiten du azken horiekin,atxikimendua erakuste aldera. Termino eskatologikoak eta zakilari lotutakoak ere ugari dira. Izagirrek adibide bat jarri du azaltzeko zergatik den «hain interesgarria» halako lanetan aritzea: elkarrizketetan, euskaraz arraio moduan, «zer arraio gertatu da hor» moduan, itzul daitekeen espresio bat agertzen da. «Noski, hori euskaraz itzuliko bagenu, edukia oso ondo itzuliko genuke, baina hizkera underground eta post-proletario horretan, forma ere oso inportantea da. Erronka izan da leialtasun bat agertzea forman ere, eta ez konformatzea arraio horrekin; bestela, aberastasun bat galduko genuke, aberastasun zikin eta interesgarri hori». Itzultzaileak ez du euskalki bat erabili: «Errazegia litzateke; pertsonaia batek bai erabiltzen ditu ñabardura bizkaitarrak, baina beste saio bat egin behar nuen, ahalik eta leialena izateko forman eta erregistro eskatologiko, sexual eta matxista horietan. Politikoki ez-zuzena den hori erakutsi behar nuen». Jatorri testuaren kutsu zarpaila emateko, kontrakzioekin jokatu du, bokalak eta abar janez. Anekdota moduan, Izagirrek kontatu du italieraz ez dakiela, eta, horren harira, eztabaida gogorrak izan dituela Zapirainekin, itzulpena nork sinatu behar zuen erabakitzeko, azken horren ekarpena ere garrantzitsua izan baita.

Argitaletxea, eskuzabal

«Guk hau egin dugu, inork eskatu gabe, baina argitaletxe honetan horrela ari gara egiten egiten ari garen gauzak», azaldu du Zapirainek. Zaila izango zela jakin arren, komikia euskarara ekartzea beharrezkoa zela iruditu zitzaien, eta aitortu dute ondo pasatu dutela argitalpena prestatzen. «Hau egin ahal izateko, hala ere, ezinbestekoa izan da Italiako argitaletxearen eskuzabaltasuna eta konfiantza. Pentsatu behar dugu Zerocalcarek ehunka mila ale saltzen dituela munduan, eta inolako erreferentziarik ez duen argitaletxe bati utzi diotela euskarazko itzulpena egiten». Izan ere, orain dela hilabete gutxi batzuk sortua da Farmazia Beltza argitaletxea.

Ekoizpenerako, Ereiten kultur zerbitzuen laguntza izan dute Farmazia Beltzakoek, eta azaldu dute saiatu direla Italiako edizioa kopiatzen. Kalitate aldetik eta formaren aldetik, ia originala bezalakoa atera zaiela nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.