Fermin Muguruza haien laguna da

Juantxo Arakama & Asmathic Band, La Basu & Basatiak, eta Nerea Erbiti, Ion Celestino eta Eskola Ergatiboa taldeek 'Muguruza Mani-fest' saioa egingo dute etzi, Loraldiak eta Izar & Starrek antolatuta

MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
Andoni Imaz.
2022ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Ez da omenaldi bat izango; manifestu bat edo festa bat izango da. Loraldiak Muguruza Mani-fest aurkeztu zuenean, orain dela bi urte, garbi esan zuen gauza berezi bat egin nahi zutela Fermin Muguruzaren musikarekin: «Gure bizitzaren soinu banda izan diren kantuen berrikusketa bat». Ordukoa bertan behera utzi behar izan zuten, munduko beste festa guztiak bezala, eta aurtengo jaialdian egingo dute azkenean. Juantxo Arakama & Asmathic Band, La Basu & Basatiak, eta Nerea Erbiti, Ion Celestino eta Eskola Ergatiboa taldeek moldatuko dituzte haren kantak, etzi, 22:00etan, Bilboko Kafe Antzokian. Loraldiak eta Izar & Star programak antolatu dute emanaldia, eta sarrerak Interneten daude salgai.

Talde bakoitzak kontzertu bat emango du, Muguruzaren lana bakoitzaren estilora egokituta. Hirurek euren artean ere ez dute askorik hitz egin orain arte, eta ez dute errepertoriorik banatu euren artean. Bakoitzak nahi duena egingo du, nahi duen eran. Gainerakoen proposamenak entzuteko gogoz daudela esan dute, denak seguru direlako sorpresaz betetako gaualdi bat izango dela.

«Euskal musikaren esploratzaile iraultzaileetako bat; berritzaile nekaezina». Loraldiaren antolatzaileek horrela deskribatu dute Muguruza. Eta, hari buruz pentsatuta, antzeko hitzak aukeratu ditu Arakamak: «Aitzindaria izan da, estilo asko ekarri ditu Euskal Herrira. Are gehiago: Kortaturen Desmond Tutu abestia izan zen Espainiako Estatuan erregistratutako aurreneko dub abestia».

Haren musikak eragina izan zuen abeslariarengan: «Musika beltza entzuten hasi ginenean, hari esker edo haren erruz izan zen, neurri handi batean; ska eta reggaea batik bat. Gerora Jamaikako gauza mordoa entzun dugu, baina garrantzitsuena zera da, bera nola joan den pauso bat aurrerago».

Elena Caballero La Basu-k, gaztetan, neba nagusiaren bidez entzun zuen batez ere Muguruzaren musika. «Orduan ez nuen ulertzen haren garrantzia, baina, denborarekin, Fermin pertsona oso garrantzitsua bihurtu da niretzat, haren borrokarengatik».

Egiteko moduetan, La Basuk gertu sentitzen du Muguruza: «Hark ikertu egin du folkloretik kanpo; hori beharrezkoa da. Gainera, ni erdaratik nator, ez naiz euskaldun zaharra, eta euskaraz musika egitea erronka bat izan da biontzat; eta hori zabaltzea, erakustea munduari posible dela».

Rapa eta banda

Dela harekin izan duen harremanagatik, dela haren musikaren presentziarengatik, La Basuk maiz pentsatzen du Muguruzarengan sortzen ari denean. Edo, pentsatu baino gehiago, agertu egiten zaio: «Nire eromen guztia airean dagoenean, Fermin ateratzen da alde batetik edo bestetik. Beti dago hor».

Arakamak orain dela bi urte elkartu zuen kontzertuko taldea. «Hasieran, proposamena nahiko arraroa iruditu zitzaidan, ez dut ukatuko, baina buelta pare bat eman nizkion, eta pentsatu nuen polita izango zela, batez ere inoiz batera jo ez genuen lagunak elkartzeko eta gauza berezi bat egiteko». Denbora gutxi zen Iñigo Muguruza hil zela, eta horrek eman zion lanean hasteko bultzada: «Asko mugitu ninduen, eta horrek bultzatu du hau; keinuren bat egingo diogu».

La Basuri, berriz, gerora etorri zaio proposamena; orain bi urteko kontzertuan Mad Muasel eta La Tokokera Kumbia Power taldea zen jotzekoa, eta haien ordez sartu zen bera. «Pentsatu nuen: eta nik zer egingo dut orain? Erabaki nuen lehen gauza izan zen emakumeekin egin nahi nuela, eta hizkuntza batean baino gehiagotan».

Tesa eta Woyza rap abeslariak izango dira harekin agertokian; valentzieraz abesten du batak, eta galizieraz besteak. «Garrantzitsua da jendeak jakitea beste hizkuntzetan rapa kantatzen dutela, haiei leku hori ematea».

La Basurentzat, zaila izan da Muguruzaren abesti guztien artean errepertorio labur bat osatzea. «Gainera, hitzak itzuli behar genituen, rapera moldatu... Azkenean, aukeratu ditugu gurekin bat datozenak». Abantaila bat izan dute, hala ere: «Gure kanten hitzak oso luzeak izaten dira beti, eta Ferminenek ez dute hitz askorik; zatiak behin eta berriz errepikatzen dira. Eskerrak horri!».

Arakamak eta bere taldeak Muguruzaren ibilbide osoaren errepaso bat prestatu dute, ordenarik gabekoa: Kortaturen kantak, Negu Gorriak taldearenak eta Muguruzaren bakarkako ibilbidekoak; «eta sorpresa batzuk ere bai». Horretarako, hark erabili izan duenaren moduko formatu batean ariko dira: bateria, baxua, gitarra, haizezko tresnak eta bera kantuan.

Arakama hip-hopean aritzen da, eta aukeratutako abestiak molde horretatik gertu daude, baina denetik egin dute: «Ska zati handi samar bat ere badugu, baita rhythm and blues bertsio bat ere». Taldea lehen aldiz elkartu denez, euren soinuaren bila aritu dira: «Inprobisatu egin dugu, eta gustura prestatu ditugu kantak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.