Albistea entzun

Absurdoaren mila aurpegi

'Samuel eta Slawo' narrazio bilduma argitaratu berri du Karlos Linazasorok, Alberdania argitaletxearekin. 86 ipuin labur bildu ditu lan horretan, eta, ohi bezala, umore beltza izan du arma, absurdoaren mila aurpegiak agerian utziz
Karlos Linazasoro, bere liburu berria eskuetan duela, atzo, Donostian.
Karlos Linazasoro, bere liburu berria eskuetan duela, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Mujika Telleria -

2022ko apirilak 22 - Donostia

Pazienteari entzutea bada psikoanalista baten lana, alderantzizko lana egin du Karlos Linazasorok (Tolosa, Gipuzkoa, 1962) Alberdania argitaletxearekin argitaratu berri duen liburuan: Samuel eta Slawo. «Pazienteari hitz egiten dio, barrenak mugitzeraino». Hala azaldu du Jorge Gimenez editoreak. «Inongo gupidarik gabe, gainera». Ohi bezala, umore beltza darabil idazleak, absurdoari begiratzeko modu pertsonal bat.

Ipuin laburrez osaturiko narrazio bilduma bat da Samuel eta Slawo. Nekez iristen da 150 orrialdera, baina 86 piezaz dago osatuta. Ipuin motzak dira horietako batzuk; mikroipuinak. Beste batzuk, ordea, ez dira horren laburrak: «Elkarrizketa bidez emanak dira horiek, eta oso gertu daude antzerki gidoi batetik», gehitu du Gimenezek.

«Hire betiko gaiak ekarri dituk». Hala zuzendu zaio editorea Linazasorori. Eta hori baieztatu du idazleak: «Liburu honetan ez dago nire bidetik asko urruntzen den ezer; betiko gaiak ekarri ditut, betiko ironia eta umore beltzarekin». Samuel Beckett eta Slawomir Mrozek idazleen umore absurdoak miresten ditu, eta eurei egin nahi izan die erreferentzia: «Niretzat, bi maisu handi dira, eta nire literatur lanetan oso presente egoten dira beti».

Ipuin gordinak biltzen ditu liburuak, kontenplaziorik gabekoak, «eta hala behar dute izan, gainera», gehitu du idazleak. «Barrenak mugitzeko balio duen mailu bat baita literatura». Irakurlea «nokeatuta» uztea izan du helburu idazleak, beste behin. Horretarako, remake-ak egin ditu. «Liburu honetan buelta eman diet zenbait ipuin tradizionali eta Bibliako zenbait pasarteri».

Hasier Rekondorena da hitzaurrea, tonu jostalari eta ironia finez jositakoa. Idazlearen lanekin gozatu duen irakurle baten hitzaurrea da, hain justu. «Liburu hau zerbaiten amaiera baldin bada, literatur unibertso oparo, errepikakor, ironiko eta talentuz betetakoaren amaiera da». Hala diote hitzaurrearen azken lerroek. «Antihitzaurre bat da», gehitu du editoreak: «Ondoren datorrenaren oihartzuna».

Ipuinak gutxi ez eta liburuaren azala ere Linazasororena berarena da. Deigarri diren bi aurpegi «beldurgarri» eraman ditu azalera: Samuelena eta Slaworena. Kolore biziz bezain ilunez daude margoturik, eta, editorearen hitzetan, «ezin hobeto jasotzen dute liburuaren asmoa».

Idazle oparotzat dauka editoreak Linazasoro. Dioenez, «ez dago edozeinen esku 50 erreferentzia jasotzen dituen katalogo pertsonal bat osatzea». Oparotasuna, gainera, genero ugaritan erakutsi du. Izan ere, genero ugari ditu landuak idazleak, nahiz eta bere katalogo horretan poesia eta narrazio laburrak diren gehien-gehienak.

Linazasororen ustez, eleberri bat idaztea baino zailagoa da mikroipuinak idaztea: «Trebezia berezi bat behar da». Etengabe egon behar da idazlea zuhaitzari adarrak kimatzen, «mamira iristeraino». Haren hitzetan, ideia garbi bat edukitzea da giltza.

Idazlearen «autoexijentzia maila zorrotza» nabarmendu nahi izan du Gimenezek: «Karlosek idazketari begiratzen dion modua iruditzen zait ezagutzen ditudanetan sanoenetako bat». Horrek, halaber, editorearen hitzetan, ez du esan nahi idazleak jolasten ez duenik, esperimentatzen ez duenik, edo bihurritzen ez duenik bere artea.

«Antipsikoanalistarena da Karlosen benetako anbizioa», azaldu du Gimenezek. Izan ere, gauzak kontatu nahi dituen bezala kontatzen dizkio beti irakurleari, «inongo errukirik sentitu gabe». Idazleak badu horretarako tresna: ironia eta umore beltza.

Heriotzari desafio

Heriotzaren injustizia du obsesio Linazasorok. Eta horren aurrean jartzen ditu sortzen dituen pertsonaiak. «Heriotzaren injustizia horri ihes egiteko, umorea erabiltzen dute». Idazleak bere buruarekin terapia gisa erabiltzen du, gainera, umorea: «Nire ustez, oso beharrezkoa da nork bere buruari barre egitea. Nahiko nuke umoretsuagoa izan, eta gauzei hainbesteko garrantzirik ez eman. Neure burua astintzeko modu bat da literatura».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joanes Illarregi, bigarren final-laurdeneko irabazlea, gaur Arrasatek saioan. ©Andoni Canellada/FOKU

Joanes Illarregik irabazi du Arrasateko saioa

Miren Mujika Telleria

678 puntu bilduta lortu du lehen postua. Saioa Alkaiza izan du atzetik, bost punturen aldearekin.

Alaia Martin, gaurko saioa. ©Bertsozale Elkartea

Alaia Martinek irabazi du lehenengo final-laurdena

Miren Mujika Telleria

Nerea Elustondo sailkatu da bigarren Getxon (Bizkaia) jokatutako saioan

Laura Mora, <em>Los reyes del mundo</em> filmeko zuzendaria (eskuinean), filmeko lantaldeko kideekin, atzo, Kursaaleko amaiera galan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

'Los reyes del mundo'-k irabazi du Urrezko Maskorra

Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde

Laura Mora zuzendari kolonbiarrak bere herrialdeko bost gazteren istorioarekin eskuratu du jaialdiko sari nagusia. Genki Kawamura japoniarrarentzat izan da Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...