Izen handi asko, baina parekidetasunik ez

Gaur hasiko da Veneziako 75. Zinemaldia, eta 21 film arituko dira Urrezko Lehoia lortzeko lehian. Era askotako pelikulak aurkeztuko dituzte, baina emakume batek zuzendutako bakarra

Ane Eslava.
2018ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Westernak, beldurrezkoak, historiakoak, Netflixeko produkzioak... Askotarikoak dira Veneziako 75. Zinemaldirako hautatu dituzten filmak. Gaur hasiko da, eta irailaren 8ra arte iraungo du. Damien Challez zuzendariak irekiko du zinemaldia, eta, harekin batera, beste hogei pelikula lehiatuko dira Urrezko Lehoia lortzeko. Izen handi ugari elkartuko dira Venezian: beste batzuen artean, Joel eta Ethan Coen, Alfonso Cuaron eta Yorgos Lanthimos. Emakume bakarra egongo da, ordea: Jennifer Kent australiarra, The Nightingale filmarekin. Parekidetasunik ezak haserrea eragin du zinemagile emakumeen artean.

Aurten ere, Damien Challeze zuzendaria hautatu dute irekiera gauerako. Iaz, La La Land musikal arrakastatsuarekin ireki zuen zinemaldia, eta, gaur, First Man aurkeztuko du. Pelikula horretarako egin zuen moduan, Challezek Ryan Goslingekin lan egin du: aktorea Neil Armstrong izango da, Ilargira heldu zen lehenbiziko gizona. Mostra irekitzeaz gain, lan hori sail ofizialean lehiatuko da.

Jacques Audiard frantziarrak, berriz, The Sister Brothers eramango du sail horretara: Patrick deWitt idazleak idatzitako izen bereko nobela historikoan oinarritutako westerna da. 1950eko hamarkadan kokatuta dago, eta aktore nagusiak Joaquin Phoenix eta John C. Reilly dira: haien nagusiaren aginduak bete behar dituzten bi anaia hiltzaileren rolajokatuko dute.

Bestalde, Luca Guadagnino Suspiria filmarekin lehiatuko da. Dario Argentok 1977an zuzendu zuen beldurrezko pelikularen bertsio berritua da: gertakari ilunak egon diren eskola batean sartu den dantzari baten istorioa kontatzen du. Guadagninoren moldaketan Dakota Johnson eta Tilda Swinton izango dira protagonistak.

Iaz The Killing of a Sacred Deeraurkeztu ostean, Yorgos Lanthimos zuzendariak garai hartako pelikula bat eramango du Veneziara: The Favourite. Istorioa Ingalaterran kokatuta dago, XVIII. mendean, eta protagonistak Olivia Colman, Emma Stone eta Rachel Weisz dira. Historiaren generoa landuko dutenen artean daude Mike Leigh eta Laszlo Nemes ere, Peterloo eta Sunset filmekin, hurrenez hurren.

Cannesko jaialdiak ez bezala, Mostrak ateak ireki dizkio Netflix konpainiaren ekoizpenei. Harena da Coenen anaien The Ballad of Buster Scruggs lana, bai eta Alfonso Cuaronen Roma ere. Coen anaien filma AEBetako mugan oinarrituta dago, eta, hasieran telesail moduan pentsatu bazuten ere, azkenean 1990eko hamarkadan oinarritutako pelikula sortu dute. Cuaronena gehien esperatutako filmen artean dago: autobiografikoa da, eta zuzendariaren familian eta nerabezaroan oinarrituta dago. Neflixenak dira Paul Greengrassen 22 July eta Orson Wellesen The Other Side of the Wind ere.

Cuaronez gain, Hego Amerikako beste bi zuzendari arituko dira Urrezko Lehoia lortzeko lehian: Carlos Reygadas mexikarra, Nuestro Tiempo filmarekin, eta Gonzalo Tobal argentinarra, Acusada-rekin. Izan ere, toki handia egin diete aurten Hego Amerikako lanei: Brasilgoak, Mexikokoak, Guatemalakoak eta Argentinakoak egongo dira. Aipagarria da Jose Mujica Uruguaiko presidente ohiaren inguruko bi lan aurkeztuko dituztela: batetik, Alvaro Brechnerek La noche de 12 años pelikula eramango du Orizzonti sailera, Mujicak espetxean igaro zuen garaia kontatuko duena. Bestalde, Emir Kusturica zuzendariak El Pepe, una vida suprema dokumentala aurkeztuko du.

Beste hamar lan gehiago lehiatuko dira sail ofizialean: Rick Alversonen The Mountain, Olivier Assayasen Doubles vies, Brady Corbeten Vox Lux, Florian Henckel von Donnersmarcken Werk ohne Autor, Mario Martoneren Capri-Revolution, Roberto Minerviniren What You Gonna Do When the World's on Fire, Laszlo Nemesen Napszállta, David Oelhoffenen Frères Ennemis, Julian Schnabelen At Eternity's Gate eta Shin'ya Tsukamotoren Zan.

Iaz Guillermo del Torok irabazi zuen Urrezko Lehoia, The Shape Of Water lanarekin; aurten, nazioarteko epaimahaiaren buru izango da. Amaitzeko, David Cronenberg zuzendariak eta Vanessa Redgrave aktoreak jasoko dute Ohorezko Urrezko Lehoia saria.

Emakumeak, haserre

Jaialdian emakume bakarra lehiatzeak zinemagile emakumeen haserrea eragin du. Hain zuzen ere, Paolo Baratta Veneziako Bienaleko zuzendariak onartu zuen jaialdirako jaso zituzten filmen %21 eta %30 artean emakumeek zuzendutakoak zirela; horietako bat baino ez zuten hautatu, ordea. Horren ostean, Alberto Barbera Veneziako jaialdiaren zuzendariak esan zuen «kalitateak» mugitzen zuela, «eta ez generoak».

EWA European Women's Audiovisual Networkeko kideek gutun publiko bat zabaldu dute, haserrea erakusteko adierazpen horiengatik. Honako hau erantzun diote Barberari: «Barberak betikotu nahi duen ideia da emakumeek egindako filmak aukeratzeak zinemaldiaren kalitatea gutxitzen duela. Honela, iradokitzen du emakumeek egindako filmak txarragoak direla. Gu, noski, ez gatoz bat horrekin». Hitzek «min egin dietela» gaineratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.