Arantzazuko apostoluak jarri zireneko mende erdia oroituko dute

Erakusketa batekin, bi argitalpenekin eta beste zenbait ekitaldirekin gogoratuko dute Oteizaren lana

Jorge Oteiza, Arantzazurako diseinatutako apostoluak alboan dituela. OTEIZA MUSEOA.
Miren Garate.
Donostia
2019ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Jorge Oteiza eskultorearentzat, bizitzako proiekturik garrantzitsuena izan zen Arantzazukoa. Elena Martin Oteiza museoko kontserbatzailearen esanetan, ez zuen arazorik izan beste proiektu batzuk uzteko eta ahazteko, baina, izandako gorabeherak gorabehera —kontuan izan behar da apostoluek hamalau urte eman zituztela bukatu gabe eta bide ertzean botata—, ezin izan zion uko egin Arantzazukoari, «harentzat artean garrantzitsuak ziren baldintza ugari baitzituen proiektuak». Oteizak santutegiaren fatxadarako diseinatu zituen hamalau apostoluak orain dela 50 urte jarri zituzten, eta, urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Arantzazu Gaur fundazioak, Jorge Oteiza museo-fundazioak eta Arantzazuko frantziskotarren komunitateak.

Artistikoki erronka bat zen Oteizarentzat; izan ere, 1951rako, lan hura egiteko hautatu zutenerako, abstrakzioaren bidea hartuta zegoen, eta arkitektoek eta frantziskotarrek emandako enkarguak estetika figuratiboarekin ere lan egitea eskatzen zion. Bestetik, Gipuzkoako patroia zenaren basilikan lan egiteko eskaera bat zen, eta, sinbolikoki, kontzeptu asko batzeko nahia eragiten zion horrek, Gipuzkoako biztanleek islatuta ikus zezaten beren burua. Horrez gain, eskultura, arkitektura, paisaia, pintura eta beste zenbait arlo integratzea eskatzen zuen proiektuak, eta hori oso interesgarria iruditzen zitzaion eskultoreari. «Basilikan lan egin zuten artista guztiek izan zituzten kontuan inguruko faktore horiek guztiak».

Oteizak 1969ko ekainetik urrira bitartean kokatu zituen diseinatutako apostoluak, eta, 50. urteurren hori baliatuz, zenbait ekitaldi antolatu dituzte. Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 erakusketa da horietako bat. «Bi espaziotan garatuko da, eta elkarren osagarriak dira», azaldu du Gregorio Diaz Ereñok, Oteiza museoko zuzendariak. Hain zuzen, Altzuzan bertan (Nafarroa) jarriko dute zati bat, eta ekainaren 19tik urriaren 27ra arte egongo da ikusgai; besteak beste, ehundik gora eskultura estudio erakutsiko dituzte, horietatik gehienak orain arte erakutsi gabeak. Erakusketaren bigarrenzatia, berriz, Arantzazu Gaur fundazioaren egoitzan egongo da, Gandiaga topagunean (Oñati, Gipuzkoa), ekainaren 28tik urriaren 27ra bitartean. Proiektuak izandako gakoak azalduko ditu 50 eskultura ingururen bidez, eta ikus-entzunezko ugari ere bilduko ditu.

Martin izango da erakusketaren komisarioa, eta, hark doktore tesirako egindako ikerketa oinarri hartuta, Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969argitalpen monografikoa ere kaleratuko dute ospakizun programaren barruan. Seiehun orrialde inguruko argitalpena izango da, euskaraz nahiz gaztelaniaz, eta eskultura proiektuaren bilakaerari eta fatxadaren behin betiko itxuraldaketari buruzko xehetasunak bilduko ditu, tartean baita laurehun irudi baino gehiago ere. Beste argitalpen bat ere prestatutako dute, aldizkari formatukoa, proiektuaren bilakaera modu ikusgarriagoan azaltzen duena.

Ospakizun ekitaldia irailaren 21ean egingo dute, eta, mahai inguru baten bidez, Arantzazuren garrantzia aztertuko dute, dagokion testuinguruan. Ekitaldiak osatzeko, bisita gidatuak, lantegi pedagogikoak, hitzaldiak eta abar antolatu dituzte.

Ekitaldiak antolatzeko ekimena Jorge Oteiza museorena eta Arantzazu Gaur fundazioarena izan da, baina erakunde askoren babesa jaso dute, hala nola Gipuzkoako Foru Aldundiarena, Kutxa fundazioarena, Eusko Jaurlaritzarena, Accion Cultural Españolarena, Eguesibarko Udalarena eta Arantzazuko Adiskideak elkartearena. «XX. mendean erlijio arteak izandako berrikuntzaren ikur bat da, eta balioa eman nahi diogu», esan du Diaz Ereñok. Gaineratu du Oteizaren obrak gero eta erreferentzialtasun handiagoa hartu behar duela, eta haren izenak XX. mendeko artea aztertzen duten argitalpen guztietan egon behar duela, ez bakarrik erlijio artea lantzen dutenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.