Donostiako 67. Zinemaldia

Roger Michellen 'Blackbird' filmak emango dio hasiera 67. Zinemaldiari

Bille Augusten 'Stille Hjerte / Silent Heart' (2014) dramaren 'remake' bat da, eta Susan Sarandon, Kate Winslet eta Mia Wasikowska ditu protagonista. Familia baten barne gatazka kontatzen du

Blackbird-en, andre batek bere senideei esaten die ez duela gehiago bizi nahi, eta horrek gatazka pizten du familian. Argazkian, fotograma bat. ZINEMALDIA.
Ane Eslava.
2019ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Blackbird filmaren Europako estreinaldiarekin abiatuko da Donostiako 67. Zinemaldiko Sail Ofiziala, irailaren 20an, Kursaalean. Roger Michell zinemagile hegoafrikarrak zuzendu du AEBen eta Erresuma Batuaren arteko koprodukzio hori. Susan Sarandon du protagonista, eta Bille August danimarkarraren Stille Hjerte / Silent Heart (2014) lanaren bertsio berri bat da. Augusten lan hori Zinemaldiko lehian izan zen 2014an, eta Paprika Steenek aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen. Michellek Zinemaldian aurkeztuko duen bertsio berriaren gidoia Christian Torpe danimarkarrak idatzi du; Stille Hjerte / Silent Heart filmarena egin zuen berberak, hain zuzen.

Pelikula familia baten barne gatazkan oinarrituta dago: gaixotasun terminal bat duen emakume batek bere senitartekoei adieraziko die ez duela bizitzen jarraitu nahi, eta horrek piztu egingo ditu familiaren ezkutuko arazoak. Hasieran denek babestuko dute amaren erabakia, baina ordura arte ezkutuan izandako sekretu batzuk argitara ateratzean korapilatuko da egoera. Sarandonek hezurmamitu du amaren rola, eta harekin batera aritu dira Kate Winslet, Mia Wasikowska eta Sam Neil aktoreak.

Ez da Sarandonek jaialdia irekitzen duen lehenbiziko aldia; izan ere, 2012an, Richard Gererekin batera eman zion hasiera 60. Zinemaldiari. Arbitrage filma aurkeztu zuten orduan, Nicholas Jarecki zinemagilearen lehenengo fikziozko film luzea. Hala ere, Sarandonek ezaguna zuen Zinemaldia ordurako: aktorea 1980an izan zen lehen aldiz Donostian, Louis Malle zuzendariarekin batera, Atlantic City filmarekin, eta Donostia saria jaso zuen hamabost urte geroago, 1995ean, Catherine Deneuverekin batera. Ordutik, Sarandon antzezleen zerrendan duten film ugari izan dira Zinemaldiaren programazioan, hala nola Emotional Arithmetic (2007) eta In The Valley of Elah (2007).

Roger Michell zuzendaria My Night with Reg (1997) eta Titanic Town (1998) lanekin hasi zen zinemagintzan, baina Julia Roberts eta Hugh Grant aktoreak protagonista dituen Notting Hill (1999) izan zuen lehenengo lan arrakastatsua: filmak 360 milioi dolar baino gehiago bildu zituen. Urte batzuk geroago, 2013an, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen, Le Week-End lanarekin, eta Jim Broadbentek gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuen film horrekin.

Sarrerak salgai webgunean

DeAPlaneta enpresa izango da Blackbird Espainian banatzeko arduraduna, eta Millennium Films-ek, berriz, handik kanpoko herrialdeetan banatuko du. FilmaZinemaldiari hasiera emateko galan ikusteko sarrerak jaialdiaren webgunean salgai daude jada, eta 70 euroko prezioa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.