David Bowiek berriro moztu du ilea

Muga taldeak musika jarri dio Xabier Montoiaren 'Anfetamiña' poema liburuari bere lehen diskoan, eta izenburu bera aukeratu

Iñigo Romera, Itziar Beristain eta Alberto Gonzalez, atzo, Donostian eginiko aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
mikel lizarralde
Donostia
2019ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
«Batzuentzat / Jesukristo gurutzera / (lapurren artean) / igo zenean, / hasten da historia. / Beste batzuentzat, aldiz, / Leninek—txapela kenduz— / 'Botere osoa sobieterako' / deiadar egin zuenean, / Finlandiako geltokian. / Niretzat / David Bowiek ilea moztu zuen egunean». Anfetamiña Xabier Montoiaren aurreneko liburuko (Susa, 1983) poemarik ezagunena izango da, ziurrenik, hori. Bere garaian, poesia ezberdin bat ekarri zion Montoiaren lanak euskal literaturari, rock-and-rollaren eta, zehatzago, punkaren iluntasuna biltzen zuena.

Alberto Gonzalezek (Elgoibar, Gipuzkoa, 1973) 1990eko hamarkadaren hasieran ezagutu zuen olerki liburu hori. Ordurako maite zuen Montoiaren alderdi musikala —«M-aken jarraitzaile sutsua nintzen»—, eta poema haiei zerien «giro ilunak» erakarri zuen. «Irakurri, eta maitasunari, denborari eta gorrotoari buruzko begirada ezkor bat aurkitu nuen».

Ordutik urte asko pasatu dira, eta Gonzalez hainbat musika taldetan aritu da denbora horretan guztian: 6Nemen9, Uler-600 eta Aterkings. Anfetamiña, baina, barruan zeraman, noiz azaleratu zain, eta orain ikusi du Montoiaren liburuari eusteko aukera. Muga proiektua sortu du Itziar Beristain (ahotsa), Iñigo Romera (baxua), Iñigo Egillor (bateria) eta J.A. Areta Goñi Juxe argazkilariarekin, eta liburuaren izenburu bera duen diskoa kaleratu du: Anfetamiña (Gaztelupeko Hotsak).

Poema liburuaren tonuarekin bat eginda, iluna da diskoa, Gonzalezek berak azaldu duenez, «baina ez deprimentea». Hain zuzen ere, 1980ko hamarkadaren hasieran, Anfetamiña liburua argitaratu zutenean, nabarmendu ziren talde batzuen eragina aitortu du gitarrista eta abeslariak: «Hasierako The Cure, Bauhaus, New Order... Horiek izan daitezke erreferentziak. Kantu arinak ere baditugu, baina, letra sartzerakoan, nahi izan dugu kantu motelak eta ilunak izatea, letrak ere ondo ulertzeko». Nolanahi ere, ez du uste disko «tristea» denik. «Ez da Funeral Party bat», egin du ñabardura, The Cureren kantu bat gogora ekarrita.

Disko iluna izanda ere, Anfetamiña-k pop kutsuko melodiak ere biltzen ditu, eta Fermin Muguruzaren kolaborazio bat ere bai. Hain zuzen ere, hark jarri dio ahotsa liburuko poema ezagunenean (Batzuentzat) oinarritutako kantuari: David Bowiek ilea moztu zuen egunean.

Diziplina askoko proiektua

Gonzalezena da Montoiaren poemak kantu bilakatzeko ideia, baina Mugaren atzean talde bat dagoela nabarmendu nahi izan du. Izan ere, lehen kantuak egin ondoren, Romera eta Egillorri erakutsi zizkien. «Gaur egun, norberak ordenagailuarekin halako grabazio bat egin dezake. Baina ez zitzaidan gustatzen aukera hori. Niri gustatzen zait talde bat eratzea, eta soinua taldeak berak egitea». Bilbo inguruko rock alternatiboko eszenan nabarmendu dira orain arte Romera eta Egillor; lehenengoa, besteak beste, Cancer Moon, Los Clavos eta Cujo taldeetan aritu da, eta bigarrena, bestalde, Gringo, Arana eta Billy Baon. Itziar Beristain abeslariarentzat, berriz, lehen esperientzia da musika talde batean, nahiz eta abesbatzaren batean kantatu izan duen.

Musika taldea baino gehiago ere bada Muga, Juxe argazkilariak rol inportantea baitauka proiektuan; bera arduratuko da emanaldietan proiektatuko diren irudiez. Juxek rock munduarekin lotura estua izan du azkeneko bi hamarkadetan, eta ezaguna egin da, rock-and-roll kontzertu askotan aritzen baita argazkiak egiten. Mugaren emanaldietan, berriz, zuzenean ariko da argazkilaria ere, «hitz bakoitza modu subjektiboan ilustratzen», Gonzalezen esanetan.

Zuzeneko emanaldietan, kantuak jotzeaz gain, Montoiaren liburuko beste poema batzuk errezitatuko dituzte, eta gustuko dituzten beste hainbat artistaren bertsioak ere interpretatuko dituzte; besteak beste, David Bowie, The Doors, The Velvet Underground eta Patti Smithenak.

Hasteko, kontzertu «informal» bat egingo dute, azaroaren 29an, Tolosako Arkupe jantzi dendan, eta, segidan, beste pare bat Bermeon (Bizkaia) eta Bilbon. Urtarrilaren 25ean egingo dute, berriz, lehen emanaldia proiekzioekin, Markina-Xemeingo (Bizkaia) Uhagon kulturgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.